JAUNAREN ZERURAT ALTXATZEA
SALBATORE B
Lehen irakurgaia
( Jesus zerurat altxatzen )
Apostoluen Egintzetarik 1,1-11
1 Teofilo maitea, nere lehen liburuan,
hastetik zerurat altxatua izan zen egunera arte
Jesusek egin eta irakatsi zuen guzia izkiriatu dut.
2 Zerurat igan aitzin, Izpiritu Saindua baitan,
bere manuak eman ziozkaten berak hautatu Apostolueri.
3 Heieri agertu zitzaioten bizirik, Pasione ondoan:
horren froga ainitz eman zioten,
berrogoi egunez bere burua ikustera emanez,
eta Jainkoaren erreinuaz mintzatuz.
4 Heiekin jaten ari zen batean, manatu zioten
ez zitezen Jerusalemetik urrunt,
bainan igurika zezaten Aitak hitzemana.
Erran zioten:
“ Hori da nere ahotik entzun duzuena.
5 Joanesek urez bataiatu zuen,
bainan zuek Izpiritu Sainduan bataiatuak izanen zirezte
egun guti barne.”
6 Harekin bildurik zaudela, Apostoluek galdatu zioten:
“ Jauna, orai altxatuko ote duzu berriz Izraelgo erreinua? ”
7 Jesusek ihardetsi zioten:
“ Ez duzue jakiterik noiz izanen den aldia eta tenorea.
Aitak bakarrik du horren erabakitzeko ahala.
8 Bainan hartuko duzue
zuen gainerat jautsiko den Izpiritu Sainduaren indarra.
Eta nere lekuko izanen zirezte
Jerusalemen, Judea osoan, Zamarian
eta lurraren azken mugetaraino.”
9 Horiek erran eta, heiek so zaudela,
Jesus altxatu zen, eta hedoi batek begietarik itzali zioten.
10 Han baitzauden zeruari so, Jesus bazoalarik,
huna bi gizon soineko xuritan ondoan zituztela, baitzioten:
11 “ Galilearrak, zertan zaudezte hor zerurat beha?
Zuen artetik zerurat altxatua izan den Jesus hori,
zerurat joaiten ikusi duzuen bezala, berriz etorriko da.”
Apostoluen Egintzen hastapenean gaude. San Luken lerroek berek egiten dute lokarri San
Luken Ebanjelioarekin, liburu hau ere eskaintzen baitzaio delako Theofilo bati, eta beraz
Apostoluen Egintzek eta San Luken Ebanjelioak egile bera dute. Bat bururatzen delarik, hasten da
bestea. Lehen liburuak, hots Ebanjelioak, kondatu du Jesusen misioa eta predikaldia, bigarrenak
aldiz Apostoluen misioa eta predikaldia, horra zergatik hau deitzen den Apostoluen Egintzak.
Jerusalemen hasten eta bururatzen da Ebanjelioa, hor baita Juduen eta lehen hitzarmenaren hiri
nagusia. Apostoluen Egintzak aldiz, hasten dira Jerusalemen, zeren lehen hitzarmenaren ondotik
heldu baita hitzarmen berria, geroago bururatuko dena Erroman, orduan munduko bide guziak
gurutzatzen ziren hirian. Dudarik ez da san Luken arabera hedamen hori Izpiritu Sainduaren lana
dela; Jesusen beraren Izpiritua da alabainan izan, mendekostez geroz Apostoluen gidaria, horren
gatik deitzen baitira batzuetan Egintza horiek Izpiritu Sainduaren Ebanjelioa .
Eta nola Jesusek bere bataioaren ondotik bere misioa prestatu baitzuen berrogoi egunez
basamortuan, halaber bere Elizaren prestazen berrogoi egun iragan zituen: berrogoi egunez agertu
zitzaien eta mintzatu Jainkoaren Erreinuaz, eta azken apairu batean bere manuak eman zizkien, hau
da : Ordena, Promesa eta Misioa.
Lehen manua aski bitxia zen : Igurikatu eta ez higitu, ezen erran zien ez zitezen
Jerusalemetik atera bainan igurika zezaten Aitak hitzemana. Aitaren promesak, Jerusalemen berean
betetzeak, ez zituen neholaz ere hameka gizonak batere harritu, guziak juduak baitziren; profeten
prediku guziek alabainan, Jainkoaren promesa bete zadin Jerusalemeri emana zioten parte hartzerik
handiena : oroit, adibidez, Izaien oihua : Zuti hadi Jerusaleme! Pitz hadi! Etorri duk hire argia eta,
Jaunaren loria altxatu hire alde!
San Lukek gero zehazten du zer den promesaren edukia : Joanesek urez bataiatzen zuen
bainan zuek Izpiritu Sainduan bataiatuak izanen zarete, egun guti barne. Apostoluek galdatu zioten
:Jauna, orain altxatuko ote duzu berriz Izraelgo Erresuma ? Ez da harritzeko jendeak galde hori
egitea, horrek erakusten baitu ongi konprenitu duela Jainkoaren Egun Handi hura etorria dela.
Jainkoak ordea, gizonen beharra badu bere promesaren betetzeko; Jainkoaren salbamendua
Jesu Krixtori esker etorria da, bainan gizonei gelditzen zaie salbamendu horren onartzeko edo ez
egiteko libertatea. Horra zertako gizonek berek behar duten hori jakin; hortik baitator Apostoluen
Misioa eta egitekoa.
Izpiritu Saindua emana zaie beraz: hartuko duzue zuen gainerat jautsiko den Izpiritu
Sainduaren indarra eta nere lekuko izanen zarete. Erran nahi du Izpiritu Sainduaren jaustearen eta
Jainkoaren Erreinuaren betetzearen artean badela tarte bat, hau da lekukotasunaren aroa . Eta ephe
hori hain da luzea nun Berri Ona helarazi behar baitzaio gizadi osoari :…Eta ene lekuko izanen
zarete Jerusalemen, Judea osoan, Zamarian eta lurraren azken mugetaraino. Hori da, hain zuzen,
Apostoluen Ekintzak deitu liburuaren plana.
Eta Bazko goizean bi gizonek, soineko xuritan, erran baitzioten emazteeri : zertan zaudete
hor zerurat beha ? Zuen artetik zerurat altxatua izan den Jesus hori, zerurat joaiten ikusi duzuen
bezala berriz etorriko da… Berriz etorriko da segur gara, horra zergatik errepikatzen dugun
Eukaristia bakoitzean: Igurikatzen dugu hitzeman diguzun Zoriona, hau da, Jesu Kristo Gure
Salbatzailearen etortzea .
Salmoa 46
Leloa: Zeru lurreko Jaun eta Jainko,
Zaude zu, Kristo, betiereko.
Egin herrriek esku zarta, Jaunari denek airos kanta!
Errege gaitza Jauna baita, Hartaz bertzerik jaunik ezta.
Jainkoa doa zeruz zeru, Jaunari denek adar-soinu.
Egin Jaunari soinu-kantu Mundu zabala bere baitu.
Errege baita munduz mundu, Hari guziek soinu-kantu.
Herriak oro bere ditu, Zeruetan du alki saindu.
Salmo hunen ulertzeko behar da berrikusi Salomonen erregetze historia. Orduan errege
berria igaiten zen ospe handitan Gihôneko iturritik, errege jauregiko muno gaineraino. Adarra joiten
zen eta herri guziak oihuka zioen : Bizi bedi beti Salomon erregea! Ondotik zoakion herri guzia,
xirula jotzen zutela guziek eta bozkarioz jauzi egiten, lur azala arrailtzerainoko garrasiez.
Babiloneko erbestearen ondotik ordea, ez baitzen gehiago Izraelen erregerik, Jainkoarentzat
berarentzat erabili ziren erregetzaren eta sakratzearen hitz eta irudi horiek berak. Ez ote da Hura
bera Israelen egiazko errege bakarra ? Ber denboran, berpizten da bihotz guzietan, Jainkoak berak
hitzemana duen bezala, igorriko duen Mesias Erregearen itxaropena .
Kristoren Erregetza ez da hainbat aipatzen oraino, bizkitartean hemengo aipamen xoil hunek
gogoratzen du aitzinetik azken egunean Jainkoaren haur guziek noizbait elgarretaraturik kantatuko
duten kantu miresgarria : Herri guziek esku zartez eta bozkariozko oihu garrasiez gorets zazue
Jainkoa!
Bigarren irakurgaia
( Esperantza bakar batera deituak gira )
Jondoni Paulok Efesako girixtinoeri 4, 1-13
Haurrideak,
1 nik, Jaunarengatik preso naizenak, eskatzen dautzuet
ukan duzuen deiari doakion bezala ibil zaitezten.
2 Izan apal, ezti eta bihotz zabal; elkar jasan zazue maitasunez.
3 Berma zaitezte Izpirituak emaiten duen batasunaren begiratzera,
bakearen lokarriz.
4 Bakarra da gorputza eta bakarra Izpiritua,
5 ukan duzuen deiak esperantza bakarrera deitu zaituzten bezala.
6 Bakarra Jauna, bakarra fedea, bakarra bataioa,
bakarra guzien Jainkoa eta Aita,
guzien gainetik dagona, guzien bidez eta guzien baitan.
7 Gutarik bakotxak Kristok eman nahi izan dion neurrian
ukan du graziaren dohaina
8 Horrengatik dio Liburu Sainduak:
Gainetarat igan denean, presoak berekin ereman ditu,
eta gizoneri dohainak eman.
9 Igan dela, zer erran nahi du horrek?
Lehenik, jautsi zela behereko lur huntarat.
10 Jautsi dena, zeru gorenerat oro betetzera igan den hura bera da.
11 Eta “gizoneri egin dituen dohainak” hauk dira:
lehenik apostoluak, gero profetak eta Ebanjelioaren mezulariak,
eta ere artzainak eta irakasleak.
12 Horrela, herri saindua moldatua da,
fededunen zerbitzuko lanak bete daitezen,
eta Kristoren gorputza eraikia izan dadin.
13 Noizbait, denak batean helduko gira batasunerat
sinestean eta Jainkoaren Semearen ezagutzan:
gizabeterat, Kristoren neurri beterat.
Egunean eguneko bakotxaren eginbideak aipatu aitzin, Paulok Jainkoaren asmoa zabaltzen
du, ohi duen bezala. Asmo hori dei bat da, bataioaren bidez bete behar duguna gure bizi guzian :
“Eskatzen dauzuet ukan duzuen deiari doakion bezala ibil zaitezten.”
Leialtasun horri esker dugu Eliza eraikitzen. Bainan “Eliza” aipatzeko partez, hemen gauza
beraz ari da “gorputzaz’ hitz egitean : “Bakarra da gorputza eta bakarra Izpiritua.” Lerro hauek
guziek ikusgai biziki ederra emaiten daukute Elizaz. Mixterio hunen aipatzeko Paulok bi hitz
erabiltzen ditu : gorputza eta eraikina. Laburki erranez : Eliza gorputz bat da etxea bezala eraikitzen
dena. Gorputza bizi da, hazten da, handitzen. Irudi bera erabiltzen du Paulok beste gutun batzuetan
ere : “Anitz izanagatik, Kristorekin elkarturik gorputz bat egiten dugu eta guziak batzu besteen
menbro gira.” (Er 12,5) “Kristoren gorputza zirezte, eta zuetan bakotxa gorputz horren menbro.”
(1Ko 12,27)
Eraikin hortan ez dute denek betebehar bera. Badira Apostoluak, profetak, misiolariak,
erakasleak…Hots, gorputz batean menbroak bezala.
Pauloren begietan Elizako “zerbitzari” desberdin horiek Jainkoaren dohain bat dira,
Izraelgo Legea bezala. Lehen Elkargoan Legea herriaren gidaria zen. Orai, Elkargo Berrian gidari
horiek : “minixtroak” dira, erran nahi baita Elizan zerbitzu bat dutenak, bakotxa bere herrunkan.
Kasu boterea sar ez dadin hor artean, zeren Legea libertatearen biderik segurena bezala hartua
baitzen. Pauloren gutun hunek susmatzera emaiten du Korintoko girixtino anaidian tirabirak
bazitezkela bakotxaren eginbeharrari buruz. Moisek herriari libertatea ekarri bazion Egiptoko
esklabogotik ateraz eta Legea emanez, zenbatez gehiago Jesusek bere Elizako “zerbitzarien” bidez :
“Horrela, herri saindua moldatua da, fededunen zerbitzuko lanak bete daitezen eta Kristoren
gorputza eraikia izan dadin.” Egun batez gizadi guzia “Kristo buru bakarra baitan” bildua izanen
da. (Ef 1,10)
Ebanjelioa
Alleluia,alleluia
Jauna igan da oihu alaien artean,
Jarria dago bere alki sainduan.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 16, 15-20
Hiletarik piztu eta, Jesusek hameka Apostolueri erran zioten:
15 “ Zoazte mundu guzian gaindi
eta predika Berri Ona kreazione guziari.
16 Sinetsiko duena, eta bataiatuko dena salbatua izanen da;
sinetsiko ez duena aldiz, kondenatua.
17 Sinetsiko dutenek seinale hauek izanen dituzte berekin:
nere izenean debruak haizatuko dituzte,
hizkuntza berriz mintzatuko dira;
18 sugeak eskuetan hartuko dituzte,
eta zerbait hilgarri edanik ere, ez diote kalterik eginen;
erieri eskuak gainean ezarriko diozkate eta sendatuko dira.”
19 Hola mintzatu ondoan, Jesus Jauna zerurat altxatua izan zen,
eta Jainkoaren eskuinean jarri zen.
20 Heiek, berriz, alde guzietarat joan ziren Berri Onaren predikatzera.
Jauna heiekin ari zen, eta Hitza finkatzen zuen
egiten zituzten ezaugarrien bidez.
Marken araberako Ebanjelioan, “Ebanjelio” hitza (erran nahi baita Berri Ona) hiru aldiz
ateratzen da lehen kapituluan, eta bietan hemen, Ebanjelioaren azken pasarte huntan. Ez da
ustegabetarik. Jesus bizi zelarik haren egitekoa zen Berri Onaren oihukatzea. Orai lekukoa
Apostoluek hartzen dute : “Heiek alde guzietarat joan ziren Berri Onaren predikatzera.”
Jesusek berak diote berea zuen misione hori emaiten : “Zoazte mundu guzian gaindi eta
predika Berri Ona kreazione guziari.” Eta berehala garbitzen du zer den Berri hori : “Sinetsiko
duena eta bataiatuko dena salbatua izanen da”. Bestela erran, gizadiak baldintza bat bakarrik bete
behar du salbatua izaiteko : Jesu Kristo baitan sinetsi.
“Sinesteak” zerbaiti “lotzen” du. Jesusek dio haren baitan “egon” behar dela, adarra
mahatsondoari lotua den bezala :”Nerekin bat egon zaitezte, ni zuekin bezala. Adarrak,
mahatsondoarekin bat egoiten ez bada, fruiturik eman ez dezaken bezala, zuek ere berdin, nerekin
bat egoiten ez bazirezte…ni gabe ez baitezakezue deusik egin.” (Jn 15, 4-5)
Hola konpreni daiteke erranaldi gogor hau :”Sinetsiko ez duena…kondenatua (izanen da)”,
iduri eta juje idor eta hotz baten meneko giren. Bainan ez, Aitak dauku ongi etorri egiten, ahantzi
gabe haatik libre girela : baia eta eza gure eskutan dira.
Horra beraz apostoluak mundu guzirat igorriak, Berri Onaren mezulari. Jesusek hitzemaiten
diote haren baitan sinetsiko dutenek izpiritu gaixtoak haizatuko dituztela, hitzegiteko molde berria
ukanen, sugeak eskutan hartuko, pozoina edanen kalterik gabe, eta beste.
Eta hala da, “Apostoluen Egintzak” liburuan gertakari harrigarriak irakurtzen direla :
debruak haizatuak, parlesiatuak eta eri anitz sendatuak (Eg 8,7). Paulo, Malta ugarterat heltzean,
sugegorri batek ausikitzen du, eta han zirenak balditzen ditu, ez baita hil-gogorra erori (28,3-5).
Gertakari xoragarri horiek eta beste anitzek erran nahi dute kreazione berria bidean dela. Ez da hor
neholako sorginkeriarik. Izai profetak (8.mendean Jesu Kristo aitzin) idazten zuen : “Orduan, otsoa
eta bildotsa elgarrekin egonen dira, lehoinabarra eta pittika elgarrekin biziko, aratxea eta
lehoinkumea elgarrekin haziko…” (Iz 10,6) Markek aipatuko du, berriz, ametsetako armonia
dohatsu hori Jesusen basamortuko tentazioneak kondatzean : Jesus bizi izan zela basabereekin (Mk
4,13). Mende eta mendeetako gizakien amets ezin urratua : noizbait bakea finkatuko da gizakien
artean, gizakiaren eta izadiaren artean. Jainkoak bakarrik hitzeman eta egin dezakena