Katekesia Joanen elkartean
Pazkoaldiko 7. igandea B (2015-05-17)
(Apostoluen Eginak 1,15-17.20a.20c.26;
Joanen Lehen Gutuna 4,11-16;
Joanen ebanjelioa 17,11b-19)

Joanen Gutuna eta Ebanjelioa egun berean irakurtzea tortura-modu sotil bat da. Nahiz eta idazki biak grekoz idatzi ziren, oso urrun daude logika arruntetik. Imajina dezagun Joanek bere elkartearekin egindako elkarrizketa hau.

Joan: Jainkoak hainbeste maite izan bagaitu, zer behar dugu egin guk? Esan nizuen joan den egun batean.
Elkartea: Batak bestea maitatu.
Ondo da. Ez dezazuela ahaztu. (Pausaldi bat eta beste galdera batekin harriarazi ditu.)
Joan: Ikusi al du Jainkoa norbaitek? (Isiltasuna.)
Joan: Inork ez. Ezta Moisesek ere. Baina, zer gertatzen da batak bestea maite badugu?
Batek: Jainkoa ikusten dugula.
Joan: Ez. Jainkoak gugan jarraitzen duela. Nahiz guk ez ikusi. (Beste pausaldi bat eta beste galde bat.)
Joan: Nolatan dakigu Jainkoagan jarraitzen dugula?
Guztiek: Elkar maite dugulako.
Joan: Esana dut hori. Jakiteko beste era bat. Erantzunik ez? (Isiltasun labur baten ondoren.) Bere Espiritua eman digulako. Eta ikusi dugu Aitak bere Semea bidali zuela munduaren Salbatzaile izateko.
Batek: Maisu, esan berri duzu Jainkoa ez duela inork ikusi. Orain, berriz, diozu, Aita ikusi dugula bere Semea bidaltzen. (Joanek kasurik ez. Ohituak daude egindako galderen erantzunik ez jasotzera edota beste gai bati buruzko erantzuna jasotzera).
Joan: Nork jarraitzen du Jainkoagan?
Batek: Bere anaia-arrebak maite dituenak.
Batek: Espiritua hartu duenak.
Joan: Hori esan dugu lehenago. Erantzun berri bat nahi dut. (Kanposantuko isiltasuna.)
Joan: Jesus Jainkoaren Semea dela aitortzen duenak. Beraz, zenbat gauza behar dira Jainkoagan jarraitzeko? (Denak Kamilari begira, gai den bakarra laburpen zuzenak egiteko.)
Kamilak: Batak bestea maitatu, Espiritu Santua hartu eta Jesus Jainkoaren Semea dela aitortu.

Joanek bere lehen gutunaren bolumena bildu eta ebanjelioaren bilkaria dakarkion Antoninori eman dio.
Joan: Gaur Eukaristiakoan puska labur bat irakurriko dugu, azken afariaren bukaeran Jesusek jaulki zuen otoitzetik. Gu guztiongatik erregutuz egindako otoitza da. Zer uste duzue eskatuko ziola Aitari?
Batek: Maita dezagula batak bestea.
Joan: Oso errepikatua da hori. Beste zerbait.
Batek: Bidal diezagula bere Espiritua.
Joan: Hori esana dago. Beste zerbait. (Isiltasuna. Joanek laguntza eman nahi die.)
Joan: Zer gertatuko zaio Jesusi denbora gutxi barru?
Batek: Hil egingo dutela?
Joan: Eta zer gertatuko zaie ikasleei?
Batek: Bakarrik geldituko direla.
Salomek: Artzainik gabeko ardiak bezala (Salomek gustukoa du olerkia).
Joan: Horixe. Eta ez dute izango nork zainduko dituenik. Horregatik erregutzen dio Jesusek Aitari ardura dadila ikasleak zaintzeaz, orain arte berak egiten zuen bezala. Denak gorde al zituen Jesusek?
Batek: Bai!
Joan: Utzi al zuen norbait gal zedin?
Batek: Ez!
Joan: Bai. Galdu zen bat. Zein?
Guztiek: Judas! Lapurra! … semea! (Irain asko entzuten dira).
Joan: Baina gainerakoetatik inor ez zen galdu. Gauza bera nahi du gutaz. Ez dadila inor gal, pertsegitzen bagaituzte ere. Pertsegituko gaituztela uste al duzu?
Guztiek: Bai!
Joan: Zer dela eta?
Batek: Jesus bera ere pertsegitu zutelako.
Joan: Orduan, nola gorde ahal izango gaitu Aitak? Basamortura eramanez? Uharte galdu batera eramanez? Mendi goi-goi batera igoaraziz? Erreparatu Jesusek dionari: «Ez dizut eskatzen mundutik atera ditzazun, ez, baizik eta zaindu ditzazula gaitzetik». (Beste pausaldi bat.)
Joan: Sarritan kexatzen zarete jendeak gorrotoa dizuela kristau izateagatik; zertaz atsekabetzen zarete inguratzen zaituzten mundu honetan, beste leku lasaiago batera joateko gogoa ematen dizuela? Ez zen hori, zuengan Jesusek nahi zuena. Bazekien munduak gorroto izango gaituela, ez garela mundukoak, baina ez du nahi gu ihesi joatea. Aitzitik, mundura bidali gaitu, Aitak bera mundura bidali zuen bezala. Eta ez dugu bizi behar izu eta triste, baizik alai-alai, Jesusen alaitasunez alai; munduak ezin eman du horrelakorik. (Guztiek uste dute iruzkina bukatu dela, baina beste galdera bat egin dien Joanek.)
Joan: Nola gordeko gaitu Jainkoak mundu etsai honen barnean? Mirariren bat eginez? Izan gogoan, ez zuela miraririk egin Jesusengatik: atxilotu eta hil egin zuten. Nola gaitu gordeko gu? (Denak isilik, ez dakite, edozein erantzun okerra izango litzateke. Urtetako esperientziak esaten die ez dutela asmatzen inoiz ere.)
Joan: Jainkoak gu gorde, egian, beraren hitzean sagaratuz, txertatuz gaitu gordeko. Juduak, arau-sail bat gordez sagaratzen eta santutzen dira. Gu sagaratu eta santutu, Jainkoaren hitzaren, Jesusen beraren, arabera biziz sagaratzen eta santutzen gara. Ulertzen al duzue?
Batek: Hortaz, Jainkoak al gaitu sagaratzen ala geuk dugu sagaratzen geure burua?
Joan: Biak batean. Jainkoak egian sagaratzen gaitu eta guk geuk egian sagaratzen dugu geure burua.

JOSÉ LUIS SICRE