JAUNAREN IGOKUNDEA (B) 2015-05-17

SARRERA

Anai-arrebok, Jesus zerura joan izana ospatzen dugu gaur. Jesus behin betiko aintzatua izana. Gure esperantzaren sustraia eta oinarria da Jesus hila izan, baina erabat aintzatua izan delako fede hau.
Jesus beti eta etengabe ari zaigu hizketan esperantzaz. Etorkizun hobea eta behin betikoa hots egiten digu, gizon-emakume guztientzat, eta kreazio osoarentzat. Esperantza da Jesusen mezua. Hain zuzen, esperantza horrek ematen die zuzeneko erantzuna gizakiak bihotzean dituen amets handienei.
Jesus garaile atera da, gaitz guztitik eta heriotzatik. Horixe esan nahi dugu zerura igo eta Jainkoaren eskuinaldean jarri dela esatean. Alabaina, ez da toki batetik beste toki batera joateko kontua. Jainkoak ez du tokirik betetzen. Jesus berpiztuak ez du tokirik betetzen. Jesus berpiztua da, ez dago; da horrek definitzen du Jesus berpiztua. Bizi da. Bete-betean bizi du bizia. Biziaren betea lortu du. Hori esan nahi dugu zerura igo dela esatean.
Horixe da gure helburua ere, gure zoria ere: bizia bizitzea. Bizia bete-betean bizitzea. Zenbat eta borroka handiagoa egin mundualdi honetan munduan bizia garaile atera dadin, orduan eta handiagoa izango dugu bizi bete hori.
Senideok, Jesusen Igokundea, bizia bete-betean lortzea da. Horixe amestu beharko genuke gizaki bakoitzarentzat eta gizaki guztientzat. Saia gaitezen, Andre Maria bezala, Jesusek guregatik egin dituen eta gure bitartez egiten ari den egintza handiak bihotzean gorde eta hausnartzen. Eta mundu osoan hedatzen. Handitu dezala Jainkoak guztion konfiantza, bai Jesusekiko, bai elkarrekiko.

LEHENENGO IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (1,1-11)

Eginak liburuan, Jesusen Igokundea modu bizian ageri zaigu: Eliza jaioberriaren indar eta motor bezala ageri zaigu. Jesus 40 egunez agertu izan zaie ikasleei. Berrogei horrek sinbolismo handia du Biblian: David 40 urtez izan da errege; israeldarrek 40 urtez ibili dira basamortuan, hitzemandako lurraldera sartzeko. Aldi jakin bat adierazten du berrogei horrek, Jainkoaren misterio handian, asmo handian sartzeko; Jainkoaren misterioaz geure burua kutsatzeko; izan gogoan Moisesek Sinai mendian egindako egonaldia; batez ere, Jesusena, Jainkoaren Erreinua hots egiten hasi aurretik. Gaur aipatzen dugun berrogei aldi honetan, ikasleei beren hastapena egiten lagundu die Jesus berpiztuak Jainkoaren Erreinuaren inguruan: aurrerantzean hots egin beharko duten Jainkoaren Erreinu horren misterioaz beren burua blai egiten lagundu die.
Guri ere, aurtengo pazkoaldi luze honetan, modu askotara agertu zaigu Jesus. Gaur, bera zerura joan aurretik, guk zer egin behar dugun zehaztu digu. Beti apal, maitale eta Espirituari entzunez bizi beharra dugu. Izan ere, lekuko edo testigu izatea dagokigu orain guztioi; Jesusen Ebanjelioaren berri ematea dagokigu. Hori da munduari egin diezaiokegun erregalurik handiena. Gure bizimoduak egin dezake sinesgarri Jesusen mezua, Jesusen ebanjelioa. Gugan konfiantza handia jarri du Jesusek. Erantzun diezaiogun beraren konfiantza horri, berak gure bihotzean txertatu duen konfiantza biziaz

BIGARREN IRAKURGAIA Paulok efesoarrei egindako gutunetik (1,17-23)

Igokundearen beste esanahi bat agertzen digu autoreak. Hemen ez da aipatzen Igokundea berariaz. Jesus aintzatua izan dela esaten digu. Beraz, Jesus bere behin betiko izaeran kontenplatzera deitzen digu.
Efesoarrei esatean, geuri egindako gutuna ulertu behar dugu. Bai. Geuri ari zaigu orain Paulo edo dena delakoa. Jesusekiko leial izatera dei egiten digu. Bakoitzak hartu dugun bokazioari leial izateko eskatzen digu. Guztiok bat izaten saiatu behar dugu. Izan ere, fede bera, bataio bera, Jaun bera ditugu. Guztiok Kristoren Gorputza osatzen saiatu behar dugu. Eliza konkretu hori egin behar dugu: Eliza konkretu hori maite behar dugu; haragizko Eliza hori garatu behar dugu; ez du balio ametsezko Eliza batean pentsatzen jartzeak; ezin galdu gara ezer ez den irudimenezko eta balizko Eliza batean pentsatzen. Gizaki ahulez eta bekatariz osatutako Eliza da, baina buru bezala Jesus bera duena; Jesus aintzatua.

EBANJELIOA San Markosen arabera (16,15-20)

Gaurko pasarte honetan bi gai nagusi ditugu: Jesus zerura igo izana; guri misio-agindua eman izana.
Jesus zerura igo izanak, Jesus errege izatera iritsi dela esan nahi du; izan ere, Aitaren maitasuna bete-betean agertu digu Jesusek, maitasunean oinarritutako beste bizimodu bat erakutsi digu. Jesus zerura igo da. Orain gure bitartez jarraituko du, munduan ikusteko moduan bizitzen. Orain gutako bakoitzari dagokio Jesusek agertu digun Jainkoaren Erregetza horren testigu izatea; maitasun horren, bizimodu berri horren testigu izatea. Horixe da jendeari eman diezaiokegun erregalurik handiena: Jesusen berri eman, Jesusez hitz egin. Geure bizimoduaz egingo dugu sinesgarri Jesus hori.
Lagundu gaitzala Euskaristiak geure fedea zinez bizitzen. Bizi dezagula Eukaristian geure fedea bizi-bizi: zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak. Zergatik ez diogu geure buruari esan behar: bai zorionekoa haizela! Ikusi gabe sinestera iritsi haiz, Jainkoaren graziari esker. Oso inportantea da nork bere burua zoriontze hori. Bart (ostiral-larunbat gaua), pilota-partida ikusten gelditu nintzen. Pilotariak tanto on bat ateratzen zuen bakoitzean, keinu zoragarriak egiten zituen, bere burua animatzeko. Zergatik ez antzeko zerbait gure fedea dela-eta? Horrekin, geure burua baino gehiago, Jainkoa goratzen dugu; haren grazia da fedea. Eskerrik asko, Jauna, erregalu handi horrengatik.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Elizaren alde: eliztar guztiak bat eginik bizi gaitezen, guztiok bat eginik lan egin dezagun, guztiok Jainkoaren maitasunaren lekuko izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari,

2.-Mundu osoaren alde: mundu hori pertsona guztien etxe gozo eta atsegin izan dadin; elkarrekiko errespetuaren, guztien arteko parekotasunaren eta bidezko diren desberdintasunak onartzearen gainean eraikia izan dadin. Eska diezaiogun Jaunari,

3.-Mundu eta kultura berri baten alde lanean ari diren erakunde guztien alde: mundu hori eta kultura hori solidaritatean eta errespetuan oinarrituak izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari,

4.-Gaur eguneko krisialdi hau era gogorrenean bizi dutenen alde: gure jokabidea ikusirik, gure laguntza ikusirik, arimarik gabeko politika ekonomizista horren kontrako gure ahaleginak ikusirik, esperantzarako zirriztu bat ikus dezaten. Eska diezaiogun Jaunari,