Pazkoaldiko 7. igandea B IGOKUNDEA (2015-05-17)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Jesusen Igokunde ospatzen dugu gaur. Eta horren ondorioa den gure misio-deia.

Lehenik eta behin, Jesusen Igokundea. Lehenengo, oso kontuan hartu behar dugu hau: gure hizkera oso pobrea da Jesusen Igokundea delako horrekin adierazten dugun misterioa adierazteko. Gure hizkera pobrea dela esatean, gure adimena pobrea dela esan beharko genuke. Inoiz baino gehiago, denak batera jarri beharko genituzke lanean: adimena, gogoa, bihotza, gorputzeko zentzumen guztiak, irudimena barne. Garen guztia. Batez ere, geure maitasuna, fedea eta esperantza.

Batetik, Jesus berpiztua ez da igo inora. Jesus berpiztuak Jesus jainkotua esan nahi du. Jainkoa ez DAGO inon. Jainkoa ez da LEKU batean. Jainkoa DA. Gauza bera Jesus berpiztuarekin: DA, ez DAGO.
Bi gauza oso desberdinak dira: DA eta DAGO. Beste maila batean, pertsona bati oso polita ZARA esatea eta polita ZAUDE esatea ez dira gauza bera.

Baina zer esan nahi dugu, geure hizkera pobre honetaz, Jesus zerura igo dela esatean?

Esan nahi dugu, Jesus bere bete-betera iritsi dela. Behin batean berak esan zuen hura: «Errege naiz»; gurutzean ezarri zioten hura: «Juduen Erregea», behin betiko bete dela. Bere erregetza lortu du.

Haragi hilkorrean gure artera etorri zen hura bera da, orain gorputz eta arima ez-hilkor bihurtu dena. Gertaera horrek, poz handia eragin beharko liguke. Gure zati bat zeruan da, zorioneko da, aintzatsu da. Gure zati bat; izan ere, haren atal gara gu. Gure Burua da Jesus. Mahatsondo berpiztua da Jesus berpiztua; Mahatsondo berpiztu horren aihenak gara gu.

Izan ere, Jesus berpiztua ez da joan gugandik urrun. Gurekin jarraitzen du. Gure artean. Hain zuzen, orain gure bitartez izango da munduan ikusgarri. Gure bitartez jarraituko du munduan Jainkoaren maitasuna bizi-bizi agertzen.

Horra, gaurko bigarren gaia. Guri gomendatu digun misioa, eginkizuna: «Zoazte mundu osora eta hots egin Berri Ona».
Jende behartsua onartzen zuen haren mandatua da. Gaitzaren kontra borroka egin zuen haren hitzak dira. Munduko gaitza gainditzen duen esperantzaren froga izan behar dugu jende guztiaren aurrean.

Kontuan izan dezagun mandatu hori ez dela arrosa huts. Eliza Katolikoaren Doktrinak hau dio (662. zk.): «Gurutzean jaso izanak Igokundekoan zerura jaso izana esan nahi du eta iragartzen du». Geure igokundea lortzeko bidea, Jesusek bizi izan duen bidea bera da.

Baina bera gurekin dugu. Haren indarrez, deabruak uxatzeko gai izango gara, hau da, munduan gaitzak duen indarra uxatzeko gai; hizkuntza desberdinak hitz egiteko gai izango gara, hau da, elkarrekin beste modu batean hitz egiten hasteko gai; sugeak eta pozoia hartzeko gai izango gara, hau da, bekatuzko munduak eskaintzen dizkigun gauzak beste modu batean erabiltzeko gai; gaixoak sendatzeko gai izango gara, hau da, beharrean direnei arreta bereziagoa eskaintzeko gai.

Senideok, zer konfiantza txundigarria agertu digun Jesusek bere eginkizun hori guri gomendatzean! Eskerrak, Jesus maitea. Saiatuko naiz, zure laguntzarekin, Andre Mariaren gogoan izanik, zure konfiantza hori nigan hutsean geldi ez nadin. Bidal iezadazu argi eta indar izango dudan Espiritu Santua. Mila esker, ene Jesus maitea!.

DIONISIO AMUNDARAIN