Pazkoaldiko 7. igandea A IGOKUNDEA 2020-05-24
HOMILIA

Anai-arrebok! Zorionak, pazko-zorionak! Jesu Kristo, gu bezala gizon egina, zerura joan da. Aintzaturik. Goratu egin du Jainkoak, gizakiok ezikusiarena egin geniona; gizakiok mespretxatu genuena; gizakiok erail genuena. Gizon bat jainkoturik! Bera hasikina. Egun batean gu ere jainkoturik izango garenaren bermea. Zorionak, beraz, eta poztu gaitezen.

Baina jainkotze horretara iristeko, Jesusek egin zuen bidea jarraitu eta egin behar dugu gure Lur honetan. Gure egitekoa honela zehaztu digu Jesu Kristok berak: eman munduko herri guztiei nire berri: nire eta nire ebanjelioaren berri. Horra Jesu Kristok utzi digun testamentua. Munduko herri guztien ardura.

Nola zehaztu, ordea, eginkizun hori? Vatikano II.a kontzilioak honela agertu zigun hori: hartu gogoan aldien eta aldietako seinaleak. Hau da, hartu gogoan munduak, gizadiak bizi duen momentuan momentuko egoera. Horiek horrela, gaur egun ezin hitz egin, koronabirusa eta beronen inguruabarrak kontuan izan gabe.

Horregatik, joan den aste honetan, handik eta hemendik jaso ditudan gogoeta eta arazo batzuk aipatu nahi nituzke, labur-labur.

1.-Alde batetik, argitaletxe batek galdera egin du / digu: Gaurko irakurgaiek gure Jainkoa hurbil-hurbileko Jainkoak dugula diote. Zenbat aldiz pasatu da Jesus berpiztua nire ondotik, eta zenbat aldiz egin diot ezikusiarena? Eta badakigu Jesusek esandako hura: pobre hauetako bati egin diozuena neuri egin didazue; eta egin ez diozuena neuri ez didazue egin.

2.- Indiako gotzain batek, bere gotzaingoa utzi eta ermitau-bizitza hartzea erabaki du, baldin eta artzapezpikuak baimena ematen badio. Bi gauza azpimarratuko nituzke jarrera horretan: batetik, isiltasunaren beharra sentitu du; bestetik, Elizaren zentzua agertu du: «artzapezpikuak baimena ematen badit», dio. Jakina, pertsona batek ezin jokatu du bere kapritxora; kontuan hartu behar du mundua, gizadia, Eliza. Ez du balio «hau gustatzen zait» esateak.

3.- Pablo d´Ors apaiza da eta idazlea. Egun hauetan idatzi du: kantitateak eskastu egiten du kalitatea. Gauza asko eta asko dauzkazunean ez duzu zaintzen eta ikusten bakoitzaren kalitatea. Adibide hau dakar: duela urte batzuk Espainian bi telebista-kanal zeuden; merezi zuen telebista tarteka ikustea; gaur egun kanal-piloa dago; gaur ez dut bat bakarrik ikusten. Eta jarraitzen du: «etxeratze edo konfinamendu honetatik oinarrizko ikasgaia ondo ikasirik irten beharko genuke: ez barnekoitasuna bakarrik, ez solidaritatea bakarrik, baita soiltasuna edo austeritatea ere. Bizi dugu gastatzearen gastatzea, kontsumitzearen kontsumitzea iraina eta burla da premiazkoena ere ez dutenen aurka. Zenbat eta gehiago daukagun —esatea gogorra bada ere— orduan eta gutxiago gara».

4.-Duela bost urte argitaratu zuen Frantzisko aita santuak LAUDATO SI´entziklika. Bosgarren urte hori eta jasaten ari garen pandemia direla-eta Laudato Si´ren urte berezia deklaratu du Frantziskok datorren urte hau, maiatzaren 21etik hasita. Entziklika hori gida moral eta espirituala da kreazioa nola bizi adierazteko: mundu solidarioagoa, anai-arreba artekoagoa, bakezaleagoa, euskarriagoa.
Krisialdi hau besterik ez bezalako aukera dugu geure jokabidea berrikusteko: inguruan dugun hondamendia alderazteko, hondamendi hori elkarrekiko maitasun-biziera bihurtzeko, solidaritate-biziera, erruki-biziera bihurtzeko, eta naturarekiko, guztion etxe horrekiko, harreman harmoniatsu bihurtzeko

Laburtuz, hau da gaurko nire misio-zehaztapena: batetik, harrera ona egin ondora datorkigun Jesus Jainko eta gizon berpiztuari; bigarren, zaindu barnekoitasuna eta eliztar izatea; hirugarren, gauza asko edukitzea baino gehiago nor izatea zaindu; laugarren, guztion etxea dugun natura maitatu eta zaintzea. Bakoitzak beste alde askori erreparatzen al dio. Baina printzipio edo sustrai bat izan beharko dugu beti gogoan gidari: bizia maitatzea, kalitateko bizia, eta bizi-emaile izatea.

Har dezagun gogoan: batetik, Jesusen biziera mundu honetan ibili zenean: on eginez bizi izan zen; beti bizia zuelarik gogoan, ahoan eta ekintzetan; bestetik, utzi zigun testamentua: eman munduko herri guztiei nire eta nire ebanjelioaren berri.

Dionisio Amundarain