EGIN JENDEA JESUSEN IKASLE Mateo 28,16-20
Pazkoaldiko 7. ig IGOKUNDEA A 2020-05-24
Mateok Jesusen agurra indar-lerroak seinalatuz deskribatu du: horiek izan behar dituzte ikasleek beti orientagarri; horiek izan behar dute Jesusen Eliza markatuko dutenak, bere misioa bete ahal izateko.
Galilea da abiapuntua. Hor dei egin die Jesusek. Piztuerak ez ditu eraman behar Galilean berarekin bizi izan dutena ahaztera. Han entzun die Jainkoaz hitz egiten parabola hunkigarriz. Han ikusi dute sufrimendua arintzen, Jainkoaren barkazioa eskaintzen eta bazter utzienei harrera egiten. Hauxe dute, hain justu, eskualdatzen jarraitu behar dutena.
Jesus berpiztuaren inguruan diren ikasleen artean, badira «fededunak» eta badira «duda-mudan» direnak. Narratzailea errealista da. Ikasleak «ahuspeztu dira». Dudarik gabe, sinetsi egin nahi dute, baina batzuengan duda-muda nagusitu da eta loka. Izua dute agian, ezin atzeman dute gauza haiek guztiek esan nahi dutena. Mateok ezaguna du kristau-elkarteen fede hauskorra. Jesusez fidatuko ez balira, laster itzaliko litzateke.
Jesus «hurbildu zaie» eta harremanetan hasi da haiekin. Badu berak haiei falta zaien indarra eta ahalmena. Berpiztuak Aitagandik hartua du Jainkoaren Semearen aginpidea, «ahalmen osoa zeruan eta lurrean». Bera hartzen badute sostengu, ez dira loka izango, ez dira duda-mudan galduko.
Zehatz-mehatz adierazi die Jesusek zein izan behar duten beren misioa. Ez da propioki «doktrina irakastea», ez da «Berpiztua iragartzea» bakarrik. Inondik ere, askotariko alderdiak zaindu beharko dituzte Jesusen ikasleek: «Berpiztuaren testigantza egin», «ebanjelioa hots egin», «elkarteak eratu»…, baina bat izango da horien guztien xedea edo helburua: jendea «Jesusen ikasle egitea».
Hau dugu geure misioa: jendea Jesusen «jarraitzaile» egitea, beraren mezua ezagutuko duena, beraren egitasmoarekin bat egingo duena, bera bezala bizitzen ikasiko duena eta gaur munduan beraren presentzia berregingo duena. Jarduera oinarrizkoak, hala nola, bataioa, Jesusi atxikitzeko konpromisoa eta berak «agindutako guztia» irakastea, haren ikasle izaten ikasteko bide dira. Bere presentzia eta etengabeko laguntza promestu dizkie Jesusek. Ez dira egongo, ez bakarrik, ez babesgabe. Ezta gutxi badira ere. Ezta bizpahiru bakarrik badira ere.
Horrelakoa da kristau-elkartea. Berpiztuaren indarra du sostengu, beraren Espirituaz. Dena dago orientatua, Jesus bezala eta Jesusen bidez bizitzen ikastera eta irakastera. Bizirik jarraitzen du berak bere elkarteetan. Gurekin jarraitzen du eta gure artean, sendatuz, barkatuz, harrera eskainiz… salbatuz.
Jose Antonio Pagola