Igokundea eta tronuratzea (Lukas 24,46-53)
Pazkoaldiko 7. ig Igokundea C 2019-06-02
Arrisku bat, saihestea komeni dena
Jai honetako hiru irakurgaietatik bi ulerterraz dira: Igokundearen bi kontakizunak, Lukasek idatziak ebanjelioaren bukaeran eta Eginak liburuaren hasieran; aitzitik, Efesoarrei gutunekoa nahaste-borraste gerta daiteke, kasik ulertezin. Bertan behera uzteko arriskua dugu, bera bada ere jaiari zentzua ematen diona. Igokundea eta tronuratzea txanpon beraren bi aldeak dira.
Telebista-kate bakarra bi ikuskari oso desberdinekin
Lukasen bi testuek (Apostoluen Eginak 1,1-11 eta ebanjelioa 24,46-53) interpretazio oso sinplistarako bide ematen digute, Jerusalemgo Olibadiaren Mendia Cañaveral Lurmuturra antzeko zerbait izango bailitzan, zeinetatik suziri batean igoko baitzen Jesus zerura. Gertaera filmatu zukeen edozein telebista-katek, albiste bera emango zukeen, kamaren enkoadratzea desberdina izango bazen ere.
Kasu honetan telebista-kate bakarra dago: Lukasena. Gainerako ebanjelioek ez dakarte eszena hau. Alabaina, Lukasek bi programa ondu ditu Igokundeaz, eta gertatua bi era oso desberdinetan kontatu du, alde nabarmenekin. Horrek frogatzen du, Lukasentzat garrantzizko gauza ez dela gertaera historikoa bera, baizik eta eman nahi digun mezua. Nola ebanjelioan hala Eginak liburukoan bi zati bereiz ditzakegu: Jesusen agur-hitzak eta igokundea. Ez luzatzearren, alde batera utzi dut Eginak liburuari dagokion sarrera.
Jesusen agur-hitzak
Ebanjelioan Jesusek diotse ikasleei, beraren nekaldia, heriotza eta piztuera iragarriak zeudela Liburu Santuan. Beraz, gertatua ez dute izan behar, ez eskandalagarri, ez fedea galtzeko kausa. Aitzitik, penitentzia eta barkazioa predikatu behar diete herri guztiei. Horretarako, Jerusalemen itxaro behar duten Espirituaren indarraren beharra izango dute.
Eginak liburuan errepikatu egin du funtsezkoa: Espirituaren zain egon beharra; baina bi gai gehitu ditu: ikasleen kezka politikoa eta mundu guztian Jesusen lekuko izateko ideia (hau, ebanjelioan iradoki egin da soilik).
Igokundea: Lukasen bi kontakizun oso desberdin
● Ebanjelioan, Jesusek igo aurretik bedeinkatu egin ditu (Eginak liburuan, ez).
● Eginak liburuan, hodei batek ezkutatu egin du Jesus (ebanjelioan ez da aipatu hodeirik).
● Ebanjelioan, ikasleak ahuspeztu egin dira (Eginak liburuan, zerura begira gelditu dira).
● Ebanjelioan, Jerusalemera itzuli dira; Eginak liburuan, bi pertsonaia agertu zaizkie zuriz jantzirik.
Zein da mezua?
Alde hauek direnak direla, zein da Lukasek eskualdatu nahi digun mezua?
Argibidea, kultura klasiko greko-erromatarrean bilatu behar da, hartan mugitzen baitira Lukas eta idazkiaren helburu den elkartea. Kultura hartan ere badira pertsonaiak, hil ondoren, Jesusen antzera aintzatuak izan direnak. Hona aipatu ohi diren adibideak: Herkules, Augusto, Drusila, Klaudio, Alexandro Handia eta Apolonio Tianakoa. Adibide hauek baiesten digute, Lukasen kontakizun hain labur hauek ezin hartu ditugula hitzez hitz, hainbat pintorek egin izan duen bezala, baizik eta Jesusen aintzatzea adierazteko era bat bezala. Markosen ebanjelioaren bukaera luzeak alderdi hau azpimarratu du, gehitu baitu, Jesus, Igokundearen ondoren, «Jainkoaren eskuinaldean jarri zela». Eta horixe da Efesoarrei gutunak ere dioena.
Igokundea ez, baizik tronuratzea (2. irakurgaia: Efesoarrei 1,17-23)
Efesoarrei gutuna ez da mintzo igokundeaz. Jesusen piztueratik Jainkoaren eskuinean jartzen den unera igaro da zuzenean, den guztia Jainkoak bere oinpean jarri dion unera. Zoritxarrez, azken zatiaren, jaiarekin erlaziorik handiena duen eta argiena denaren aurretik, otoitz bat dator, hain handitua eta puztua, non nahasgarri gertatzen baita. Halere, argia da hondoko ideia. Jainkoak hainbat mesede eskaini dizkigu, eta hain handiak (bokazioa, zeruan hitzemandako ondarea, piztuera), non zail baitzaigu ulertzea eta balioztatzea. Unibertsoaren egundokotasunak txorarazten gaituen bezala, ezin ulertu dugu Jainkoak guregatik egin duen eta egiten ari den askotarikotasuna. Horregatik, «jakinduria-espiritua» eskatzen du, «ezagutza sakona», Jainkoak «argitu ditzala gure bihotzeko begiak». Eta gugan diharduen ahalmenaren handitasuna argitzeko, Kristo pizteko eta, den guztia beraren oinpea ipiniz, bere eskuinean jartzeko erabili duen ahalmenaz mintzo da.
Laburpena
Igokundea dela-eta ez dugu izan behar tristura-sentimendurik, ez utziera edo bakardade-sentimendurik, frai Luis de Leónen Odaren modukorik («Eta, artzain santua, zeure artaldea ibar sakon, ilun honetan utzi duzu, bakar eta lantuz…»). Ebanjelioak dioskun bezala, Jesus joateak poz handia eta Jainkoa bedeinkatzeko gogoa eragin behar dizkigu. Ospatzen duguna, beraren garaipena delako, Lukas inspiratu duten kultura greko-erromatarreko testuek frogatzen dutenez eta Efesoarrei gutunak azpimarratu duenez. Ikasketak bukatzean burututako ekitaldia dator burura, ikasleak diploma jaso eta familiartekoen eta adiskideen lagunartearen poza bizi ohi duen hura.
Aldi berean, Jesusen agur-hitzek funtsezko bi gai gogoratzen dizkigute: Espiritu Santuaren dohaina, datorren igandean era berezian ospatuko duguna, eta misioa «munduaren azken muturreraino». Hitz hauek, guztien gainetik, apostoluei eta misiolariei badagozkie ere, guk guztiok izan behar dugu Jesusen lekuko munduko edozein txokotan. Horretarako, Espirituaren indarraren premia dugu, eta hori da eskatu behar duguna.
Eranskina: kultura greko-latindarreko testuak, igokundearekin erlazionatuak
Herkulesi dagokionez, Apodorok idatzi du bere Biblioteca Mitológican: «Herkules… trakiniarrena den Eta mendira joan zen, eta han, txondor bat egin ondoren, gainera igo eta su emateko agindu zuen (…) Txondorra erretzen ari zen bitartean, kontatzen du, hodei bat jarri zitzaiola bere azpian, eta trumoi artean zerura eraman zuela. Ordudanik hilezkor bihurtu zen…» (II, 159-160).
Augustoz Suetoniok kontatu du: «Ez zen falta izan kasu honetan ere pretore ohi bat, deklaratu zuena zinpean nola ikusi zuen Augustoren itzala, errea izan ondoren, zeruetara igotzen») (Vida de los Doce Césares, Augusto, 100).
Drusila, Kaligularen arreba, baina honek emaztetzat hartua, K.o. 40. urte inguruan hil zen. Orduan Kaligulak urrezko estatua bat sagaratu zion oroigarri Foruan; Pantea izenpean adora zezaten agindu zuen eta Venusi berari bezalako ohorea eskain ziezaioten. Drusila zerura igotzen ikusi zuela baieztatu zuen Livio Germinio senatariak milioi bat sestertzio jaso zuen saritzat.
Alexandro Handiaz Pseudo Calistenesek idatzi zuen: «Alexandrok hauek eta beste gauza asko esaten zituen bitartean, airean iluna zabaldu zen eta izar handi bat agertu, zerutik itsasoraino jaitsiz, arrano bat lagun zuela, eta Babiloniako estatua, Zeus deitzen dutena, mugitu egin zen. Izarra zerura igo zen berriro, arranoa lagun zuela. Eta izarra zeruan ezkutatu zenean, une horretan lokartu zen Alexandro lo betiko batean» (Libro III, 33).
Tianako Apoloniori dagokionez, Filostratok kontatu du ezen, tradizio baten arabera, guardiek tenplu batean kateatu zutela: «Baina berak, gauerdian bere burua askatu eta, kateatu zutenei dei eginez, beraren ekintza lekukorik gabe gera ez zedin, tenpluaren ateetarantz jo zuela korrika eta ateak ireki egin zirela eta, bera sartzean, ateak beren lekura itzuli zirela, norbaitek itxi balitu bezala, eta kantari ari zen neskatilen zalaparta entzun zela eta kantu hau ari zutela: Zoaz lurretik, zoaz zerura, zoaz» (Vida de Apolonio de Tiara VIII, 30).
Hodeiari dagokionez, ikus ezazu Halikarnasoko Dionisio ere, Historia antigua de Roma I,77,2: «Eta hau esan ziolarik, [jainkoa] hodei batean bildu zen eta, lurretik gora eginez, gorantz garraiatua izan zen airean».
José Luis Sicre