BAZKOKO SEIGARREN IGANDEA C
Lehen irakurgaia
( Paganoak Elizan onartuak Juduen ohidureri jarraiki gabe)
Apostoluen Egintzetarik 15,1-2. 22-29
1 Judeatik jautsi ziren jende batzu Antiokiako haurrideeri
irakaspen hunen emaiten hasi ziren:
“ Moisenganik den ohiduraren arabera ez bazirezte ebakitzen,
ez zaitezkete salba.”
2 Hortarik, gatazka sortu zen,
eta Paulok eta Barnabek eztabada gogorra izan zuten heiekin.
Orduan, Paulo eta Barnabe eta beste batzu
Jerusalemerat iganen zirela erabaki zen,
Apostolu eta Zaharrenganat, auzi horren xuritzera.
22 Han, Apostoluek, Zaharrek, Eliza osoarekin batean, erabaki zuten
beren arteko batzu hautatu,
eta Paulo eta Barnaberekin Antiokiarat igortzea.
Judas, Barsabas deitua, eta Silas hautatu zituzten,
haurrideen artean itzal handiko gizonak biak.
23 Eta gutun hau eman zioten eremaiteko:
“ Apostoluek, eta Zaharrek, zuen anaiek,
Antiokiako, Ziriako eta Ziliziako pagano izan haurrideeri, agur!
24 Jakin dugu, gureetarik zenbaitek, guk manatu gabe,
beren hitzez durduzatu eta nahasi zaituztetela.
25 Horrengatik, aho batez erabaki dugu ordezkari batzu hautatzea
eta zuenganat igortzea Barnabe eta Paulo gure haurride maiteekin,
26 beren bizia Jesu Kristo gure Jaunaren zerbitzuan
eman duten horiekin.
27 Hor igortzen dauzkitzuegu, bada, Judas eta Silas,
gauza bera ahoz jakinaraz diezazueten.
28 Izpiritu Sainduak eta guk erabaki dugu zueri zamarik ez ezartzea,
behar beharrezkoak diren hauk baizik:
29 ez dezazuen jan idoloeri eskaini haragirik,
ez odolik, ez odol-hustu gabeko abererik ere,
eta utz ditzazuen legearen kontrako sexu-harremanak.
Ongi eginen duzue holakoetarik begiratzen bazirezte.
Izan ongi!”
Aipatua dugu jadanik, joanden igandetan Antiokiako girixtino komunitatea. Egun ikusiko
dugu hartako membroek badutela eztabada frango elgarren artean. Jesu Kristo ondoko 49an gira.
Haste hastetik izan dira girixtinoak Juduen eta paganoen artean. Elgarrekin bizitzea ez da gauza
errexa, heien bizi moldeak ez baitira berdinak. Juduak erdainduak dira, paganoak ez. Paganoek
egun guzietako bizi moldea ez dute juduek bezalakoa eta ez dute nahi bortxatuak izan diten juduen
legeri segitzera. Hala nola, juduek ardura erabiltzen dute ura, nun nahi sar diten behar dute gorputza
ikuzi, jatekoaren gainean ere badituzte lege garratzak.
Horiek guziak hola, elgarri galdera hau egiten dute : pagano bat, bataiatua izaiteko, erdaindu
behar ote da ? Galdera horrek hiru zati baditu :
Lehena : bizi behar ote dute denek berdintasunean, ohidura berekin, bizi molde berekin ?
Jainkoa baitan fedea dugularik zertan ezartzen dugu fede hori? Apostoluen Egintzen araberaz,
Ziriako Antiokian da lehen aldikotz aipatua izan “girixtino” hitza, hitz horrek erran nahi baitu
“Kristorena”. Beraz, zer erran nahi du “Kristorena” izaitea?
Bigarrena : Jesu-Kristo judua zen eta erdaindua. Horrek erran nahi ote du girixtino izaiteko
behar dela hura bezala judu izan ? Orduan hartu zuten erabaki bat Jerusalemen : Jesu Kristoren
baitan fedea ukaiteak ez duela baitezpada erran nahi behar dela judu eta erdaindua izan.
Hirugarrena : Enzuten dira Antiokiako hirian hitz hauk : « Ez bazizte erdainduak ez zirezte
salbatuak izaiten ahal ». Horrek erran nahi ote du Jainkoak berak ez dituela salbatzen ahal juduak
ez direnak, Jesu Kristoren baitan fedea izaitea ez dela aski ? Irakurtzen dugu Jesusek berak erranik
: « Fedea duena eta bataiatua dena salbatua izanen da ». Argi eta garbi da Jainkoaren grazia
kitorik dela. Nahi duen lekuan ufatzen du Jainkoaren izpirituak.
Badakigu nola bururatu den ixtorioa. Apostoluek hartzen dituzte bi erabaki : girixtino diren
juduek ez dituzte bortxatu behar hala ez direnak erdaintzaren errezebizerat eta bertzalde paganoek
errespetua erakutsi behar diote juduen usaieri eta bereziki heien apairuetako ohidureri. Beraz
galdatua da girixtinoeri elgarren artean ukan dezaten anaitasuna. Bizi manera hortan, frogatuko
dute Jesu Kristorenak direla, berak erran baitu : « Elgar maita zazue. Hortarik ezagutuko dute
guziek ene dizipuluak zireztela. »
Salmoa 66
Gorarik aipa herriz herri !
Zein den Jainkoa miragarri !
Urrikal, otoi, guri Jainkoa, egin ongi,
Zure zeruko begitarteaz eman argi.
Zure bidea mundu guziak, ai, balaki,
Zutan balaki salbamendua nolaz aurki.
Has beite denak bozkariatzen, loriatzen,
Mundu guzia baitabilazu beti zuzen.
Jende guziak baitabilzkitzu beti zuzen,
Eta munduan herriak oro zuk bidatzen.
Herri guziek zuri, Jainkoa, laudorio.
Herri guziek zuri, denek bat, amodio!
Guri Jainkoak diezagula egin ongi,
Mundu zabalak duela Jauna buruzagi!
Besta handi batean gira Jerusalemen, bururatzean apezek benedikatzen dituzte han diren
jendeak, eta populuak errepostu : « Zuri eskerrak, Jainkoa, eskerrak eman ditzatela denek betan. »
« Zenbakiak » Liburu sainduak dio :“ Huna nola Aaronek eta haren semeek benedikatuko
dituzten Izraelen semeak : Benedika zaitzala Jaunak eta zaint! Ager diezazula Jaunak bere
aurpegia eta urrikal dakizula! Itzul dezala Jaunak bere begitartea zureganat, eta eman bakea! Hola
dei eginen diote nere izenari Izraelen semeen alde eta nik benedikatuko ditut.” Texto hori
urtarrilaren lehenbiziko egunekoa da urte guziz. Ba ote da agintza ederragorik ?
Benedikatzea hori da, zoriona agiantzea. Gure gutizia izan behar litake Jainkoak beti
eskaintzen daukun zorionean sartzea. Salmo huntan, egun, populuak emaiten du lelo hau: «
Populuek eman ditzatela zuri eskerrak, Jainkoa, eskerrak eman ditzatela denek betan. » Zer
erakaspen ederra mundu zabalean hedatzen bada erakaspen hori. Jainkoaren zorionean sartu orduko,
populuak jakinarazten du deneri berak ukan duen benedizionea. Azken pertsuek erraiten daukute:
« Jainkoak benedika gaitzala eta lur guziak eskerrak eman ditzala ». Izraelek ez du ahantzi behar
mezu hori hedatu behar duela lur guzian. Badaki leial egon behar duela Jainkoak kitorik eman
zorionari, eta harek behar duela hedatu mundu guzian Jainkoaren benedizionea eta haren amodioa.
Bigarren irakurgaia
( Bildotsa da Jainkoaren herriaren argia)
Jondoni Joaniren Apokalipzatik 21, 10-14. 22-23
10 Nik, Joanik, aingeru bat ikusi nuen
11 Mendi handi eta gora baterat ereman ninduen izpirituz;
Jerusalem hiri saindua erakutsi zautan
zerutik Jainkoaganik jausten,
Jainkoaren aintzaz argitua.
Haren distira harribitxi eder baten idurikoa zen,
jaspe harria bezain gardena.
12 Harresi sendo eta garaia zuen, hamabi aterekin,
eta ate gainetan hamabi aingeru, eta hamabi izen idatziak,
Izraelen semeen hamabi leinuen izenak.
13 Hiru ate ekialderat zauden, hiru iparralderat,
hiru hegoalderat, eta hiru mendebalerat.
14 Hiriko harresiak hamabi oinarri zituen ,
eta hauetan idatziak Bildotsaren hamabi Apostoluen izenak.
22 Ez nuen tenplurik ikusi,
zeren Jauna, Jainko ahalguziduna
eta Bildotsa baitira hango Tenplu.
23 Hiriak ez du argituko duten iguzki ez ilargi beharrik,
Jainkoaren aintzak baitu argitzen,
eta Bildotsa du argi-untzi.
Joanden igandean Jondoni Joanik erran du ikusten duela urrunetik Jerusaleme berria.
Xoratua da ikustearekin zer argia ateratzen den hantik. Hiriak hain du distiratzen nun iduri baitu
edergailu bat, harribitxi bat. Argi berezi hartaz mintzatzen delarik, Joanik dio : « Dirdiratzen du
Jainkoaren ospeaz, Jainkoaren aintzak argitzen du. » Joani harritua da nola Jainkoaren ganik
jausten den ospeak dirdirarazten duen hiri saindua.
So egin dezogun lehenik zerutik jautsi Jerusaleme berriari:
Laukia da. “Lau” zenbakia, gizakiaren zenbakia da, zeren hiri hori gizonaren eskuek eraikia baita.
Eta gizonak egin hiri horrek du distiratzen. Apokalipzan “hiru” zenbakiak Jainkoa oroitarazten
dauku. Jerusaleme aipatzen duelarik zenbaki horiek biderkatzen ditu : 3 x 4 = 12. Hola adiarazten
da Jainkoaren obra gizonaren obran hedatzen dela.
Joaniren denboran, hiri guziak harresiz inguratuak ziren. Jerusaleme ere inguratua da mendia
bezain gora iduri duen harresi batez. Liburu Sainduan mendia da Jainkoarekin buruz buru egiten
den tokia. Harresiak hamabi ate baditu, sekulan hesten ez diren ateak, sinesten badugu testoaren
segidak zer erraiten duen : jende guzia sartzen ahal da ate horietarik, nehork ez du kausitu behar ate
hetsirik. Hamabi ate badira : hiru iguzkialderat, hiru iparralderat, hiru hego alderat, hiru
mendebalderat. Iguzkialde, iparrralde, hegoalde, mendebalde : ez da uste gabez. Hamabi ateak
zainduak dira hamabi aingeruz eta ate bakotxaren gainean izen bat izkiriatua da, Izraeleko semeen
hamabi leinuen izenak. Izraeleko populua hautatua izana da, ate bat bezala, ate hartarik jende
guziak pasa diten, sartzeko behin betikotz Jerusalemerat.
Joani sartzen delarik Jerusalemen, xekatzen du tenploa, zeren tenploak orroitarazten baitu
Jainkoak ez duela debalde uzten gizona. Hemen Joanik erraiten dauku: «Hirian ez dut ikusi tenploa
», erran nahi baitu hemendik goiti ez dela seinale beharrik jakiteko Jainkoa hor dela populuaren
erdian : « Hirian ez dut ikusi tenploa, zeren hemendik goiti populuaren tenploa Jainko Jauna,
Jainko indartsua eta bildotsa baita.” Segitzen du erranez « Hiriak ez du iduzki eta ilargi argiaren
beharrik, zeren Jainkoaren ospeak argitzen baitu populua, argiaren iturria bildotsa baita.» Erran
nahi baitu lehengo kreazionea joana dela, ez dela gehiago ez iguzkirik ez ilargirik : kreazione
berrian gira. Hemendik goiti Jainkoak argitzen du mundua Jesu Kristorekin : «Hiriak ez du argituko
duten eguzki eta ilargi beharrik, zeren Jainkoaren aintzak baitu argitzen eta bildotsa du argiuntzi.»
Alta Jerusalemek atxiki du bere izena, zeren gizonak eraikia baita hiria. Hitz horiek
jakinarazten daukute gure entseguak baliosak izanen direla Jainkoaren asmuen egiteko kreazione
berrian. Gizonaren obra ez da sunsitua izanen bainan Jainkoak bertzelakatuko du. Apokalipzako
hitz horien hartzedunak izan ziren lehenbiziko girixtinoak; bazuten segur beharra, Erromako
buruzagien menpean zirelakotz. Hogoi menderen buruan, bederen Frantzian, gisa hartako
jazarkunderik ez dugu, bainan behar dugu piztu berriz esperantza eta bereziki oroitu, zeruko
Jerusaleme hasten dugula egun guziz, egiten ditugun entsegu xumekin.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Bereekin da piztu den Jauna,
Uzten diote bere bakea.
Jesu Kristoren Ebanjelioa Jondoni Joaniren liburutik 14, 23-29
Mundu huntarik bere Aitarenganat zoanean,
Jesusek erran zioten bere dizipulueri:
23 “ Maite nauenak begiratuko du nere hitza;
nere Aitak maitatuko du,
harenganat etorriko gira eta haren baitan eginen gure egoitza.
24 Maite ez nauenak ez ditu nere hitzak begiratzen.
Eta entzuten duzuen hitza ez da nerea:
igorri nauen Aitarena da.
25 Horiek oro erraiten dauzkitzuet, zuekin naizeno.
26 Bainan Aitak Laguntzailea, Izpiritu Saindua
igorriko dautzue nere izenean,
eta harek dena irakatsiko dautzue, eta nik erran guzia oroitaraziko.
27 Bakea uzten dautzuet, nere bakea emaiten;
ez dautzuet munduak bezala emaiten.
Ez durduza, ez beldur izan.
28 Entzun duzue erran dautzuetana:
Banoa, bainan berriz etorriko nitzaitzue.
Maite baninduzue, bozkaria zintezkete,
Aitarenganat noalakotz, Aita ni baino gehiago baita.
29 Hori orai erran dautzuet, gertatu aitzin,
gertatuko denean sinets dezazuen.”
Jesusen azken orenetan gira. Dizipuluak kezkatuak dira, eta Jesusek lasaitzen ditu : « Ez
bedi zuen bihotza ez kezka, ez lotsa. » Eta bera lasai dago. Hemen eta Pasione denbora guzian
Joanik Jesus libre eta aske erakusten dauku. Berak erraiten diote zer gertatuko den. Jakitea bat da,
bainan Jesusek onartzen ere du gertatuko zaiona : ez du deusik egiten gertatu beharrari eskapatzeko.
Joanen da, bainan beste mail batean dizipuluen artean izanen da : « Banoa eta heldu nitzaizue. »
Hots, badoa eta egoiten da.
Bere « joaite » hortaz, oraino gehiago erraiten du Jesusek : « Maite baninduzue, bozkaria
zintazkete, Aitaren gana bainoa. » Dizipuluak harri eta zur uzten ditu holako ateraldiak. Hain maite
duten erakaslearen joaiteaz bozkariatu behar ! Badakite, alta, Izraelgo buruzagieriak Jesus hastio
duela, eta ez arrazoinik gabe. Jainkoaren beraren legeak, hainbeste mendez, Izraeldar guzien gogobihotzetan sartua du Jainkoa bakarra dela. Eta Jesusek dio bera Jainko dela ! « Jainkoa gurekin » eta
gure artean, hemengo ttipienen zerbitzari. Blasfemioa zaiote Legearen begiraleri. Bainan Jesus ez
da Jainko bakarraz beste Jainko bat. Ez, Jainko bakarrarekin bat egiten du, hainbestetaraino nun
erran baitezake : « Norbaitek maite banau, haren ganat jinen gira. Haren baitan egonen gira »,
Aita eta biak.
Eta ez du hori bidenabar erran, ele galdu bat bezala. Filipek galdegin zion batez :
« Erakutsaguzu Aita », Jesusek ihardetsi zion gustuan : « Ni ikusi nauenak Aita ikusi du » (Jn 14,9).
Hemen erraiten du : « Entzuten duzuen hitza ez da enea, igorri nauen Aitarena da ». Testo hunen
gakoa delako « hitz » hori izan daiteke. Begiratu behar den « hitza » maitasun manamendua da :
« Elgar maita zazue » erran nahi baita « elgarren zerbitzuko jar zaitezte ». Hori konpreniarazteko
eta etsenplu emaiteko, Jesusek berak, hil aitzin, Petriren zangoak ikuzi zituen. Gaur hemen
irakurtzen dugunak « maite nauenak begiratuko du nere hitza » garbiki aitortzen du : norbaitek
maite banau besten zerbitzuko jarriko da , Aitak maiteko du eta haren baitan egoitera jinen gira.
Hori da ni igorri nauen Aitaren manamendua. Eta Aitak igorriko dauzuen Izpirituak erakutsiko
dauzue maitatzen.