Bost izarreko hotel ote gara?
Pazkoaldiko 6. igandea C 2019-05-26
Joan den igandean bezala, lehen irakurgaia (Eginak) lehen Eliza hartaz mintzo da; bigarrena (Apokalipsia) etorkizuneko Elizaz; ebanjelioa (Joan) gaur egungo gure egoeraz.
Lehen irakurgaia: Iraganeko Eliza (Apostoluen Eginak 15,2.22-29)
Paulok eta Bernabek paganoen artean izan zuten arrakastaren arrazoietako bat, erdaintzera behartu ez izana izan zen. Jokabide honek, ordea, juduen haserrea eragin zuen, baita judaismorik hertsienean hezitako Jerusalemgo kristau-talde batena ere. Jende horrentzat, Abrahamek agindua zen erdainkuntzari uko egite hori Jainkoaren borondateari uko egitearen parekoa zen. Gure artean norbaitek, salbatzeko, bataioa ez dela beharrezkoa esatea bezain larria.
Jerusalemgo talde horrek uste zuen «ekialdeko gordailu espirituala» zela bera; Antiokian gertatzen ari zenaren berri jakitean, lagun batzuk bidali ditu, adieraztera ezen erdaintzen ez badira ezin direla salbatu. Paulorentzat eta Bernaberentzat biraoa da baieztapen hori: salbatzen gaituela erdainkuntza bada, zoro bat izan zen Jesus gugatik hil zenean.
Hondo-hondoan, jokoan dagoena, ez da erdainkuntza, beste zerbait baizik: geuk al dugu geure burua salbatzen arau eta lege erlijiosoak betez?, ala Kristok gaitu salbatzen bere bizitzaren eta heriotzaren bidez? Gaur egun legea betzea hartaraino azpimarratzen duten hainbat eliz taldez oroitzean, aski erraz uletzen da orduan, gaur egun bezala, eztabaida horrek su-printzak eragin izana. Harik eta Jerusalemgo apostoluengana jotzea erabaki zuten arte.
Orduan, «Jerusalengo kontzilioa» deitu ohi duguna egin zuten; horixe da gaurko lehen irakurgaiaren gaia. Ez luzatzearren, funtsezko zati bat utzi da bazterrean: Pauloren eta Santiagoren hitzaldiak (3-21 txatalak).
Eginetan Lukasek ekaini digun bertsioaren arabera, denak ados jarri dituen akordiora iritsi da kontzilioa: erdainkuntzari dagokion gai nagusian, Paulori eta Bernaberi eman diete arrazoia, paganoak ez dira behartu behar erdaintzera; talde integrista konformatzeko, berriz, juduentzat oinarrizko diren lau arau ezarri behar zaizkie paganoei: idoloei opari eskainitako haragia jateari uztea, odola, animalia itoak jateari uztea, eta fornikazioari uko egitea.
Eginak liburuko bertsio horrek baditu puntu desberdin batzuk Paulok Galaziarrei gutunean eskainitakoarekin konparatuz. Bat datoz funtsezkoari dagokionez: paganoak ez dira behartu behar erdaintzera. Baina Paulok ez dio ezer beste lau arau horiez.
Gaurkotasun handikoa da gaia, eta hasierako Eliza hark etsenplu bikaina eman digu arazo korapilatsu bat erabaki eta erantzun iraultzaile bat emateaz. Gaur egun, garrantzi txikiagoa duten arazoaz ezin dira aipatu ere. Baina ez da kexuka galditzeko tenorea. Eska diezaiogun Jainkoari laguntza geure barnea aldatzeko.
2. irakurgaia: etorkizuneko Eliza (Apokalipsia 21,10-14.22-23)
Joan den asteko ildo beretik joz, kristau pertsegituak kontsolatzeari eta bihotz emateari ekinez, Elizaren sinbolo den etorkizuneko Jerusalemez mintzo da idazlea.
Hainbat mende lehenagoko testu profetikotan inspiratu da. K.a. 586. urtean su eman zioten Jerusalem hiriari baboliniarrek, eta jende asko erbestera eraman zuten. Miseriazko egoeran egon zen ehun eta berrogeita hamar urte baino gehiagoan, harresiak alde guztietan zulodun eta hiria kasik jenderik gabe. Profeta batzuk, ordea, hiriaren etorkizun miresgarri batez mintzatu ziren. Isaiasen liburuko 54. kapituluak dio:
Oi Jerusalem, zoritxarreko hiri,
ekaitzak astindua,
inork kontsolatu gabea!
Jaspezko oinarri gainean
eraikiko zaitut,
zafirozko zimendu gainean ezarriko.
Dorreak errubiz
eta ateak esmeraldaz
egingo dizkizut,
harribitxiz harresi guztiak.
Zakariasen liburua ere profeta beronen ikuskari batzuez mintzo da, Dali-ren laukiak bezain surrealista dira. Haietako batean mutiko bat ageri da, Jerusalem hiriaren perrimetroa neurtzeko prest, murruak berreraikitzeko asmoz. Horrelakorik ez egiteko agindu dio aingeru batek, zeren eta «Hiri irekia izango da Jerusalem, bertan izango diren bizilagun eta abereen kopuru handiagatik». Jaunak dio: «Neu izango naiz suzko harresi haren inguruan, aintzaz betea azalduko naiz haren erdian» (Za 2,8-9).
Apaitzen ahal genituzke pasarte pararelo gehiago. Horrelakoetan oinarrituz marraztu du Apokalipsiak bere ikuskaria. Honetan datza honen ikuspegiaren berritasuna: etorkizuneko Jerusalem hori, zerutik jaitsia izan arren, erabat lotua egotean bai Israel herriaren iraganari (hamabi ateek hamabi leinuen izenak dituzte), bai Elizaren iraganari (zimentarriek hamabi apostoluen izenak dituzte). Baina funtsezko alde bat du antzinako Jerusalem hiriarekiko: oraingo honetan ez dago tenplurik, santutegia Jainkoa bera da eta ez du ez eguzkiaren eta ez ilargiaren beharrik, Jainkoaren aintzak argitzen duelako.
3. irakurgaia: oraingo elkartea (Joan 14,23-29)
Hiru gaiz ari da gaurko ebanjelioa:
a.-Jesusen hitza betetzea eta beronen ondorioak
Bi jarrera kontrajartzen dira: maite nauena / maite ez nauena. Lehenengoari promesa handi batek darraio: zeruko Aitak maiteko du; bigarrenari arreta-dei zorrotz batek: nire hitzak ez dira nireak, baizik Aitarenak.
Lehen zatia oso interesgarria da Deuteronomio liburuarekin erkatzen bada; honek Jainkoa maitatzea azpimarratzen du («zeure Jainko Jauna maitatuko duzu zeure bihotz osoaz, zeure gogoaz, zeure izate guztiaz», eta maitasun hori Jainkoaren legeak, dekretua eta aginduak betetzean jartzen du. Ebanjelioan, burubide beretik abiatu da: «maite nauenak gordeko du nire hitza». Baina Deuteronomioan ez datorren zerbait gehitu du: «nire Aitak maiteko du eta beragana etorriko gara eta geure bizileku egingo dugu bera».
Azken gai hau, Jainkoa gugan bizitzea, gutxitan aipatzen da gure artean, mistikoen mundura baztertu dugu: Teresa santua, Gurutzeko Donibane, etab. Baina ebanjelioak gogorazten digu ezen ezin bazter utzi dugun errealitate bat dela. Eskuarki ez dugu kontuan hartzen, duela hainbat urte zendu zen jendeak gugan izaten jarraitzen duen eragina: «gure baitan bizirik jarraitzen duten» familiartekoek, adiskideek, hezitzaileek. Antzeko gogoeta egin beharko genuke Jainkoaz: nola dagoen presente gure baitan, nola eragiten dion era erabakitzalean gure bizitzari. Eta hau guztia Jainkoaren maitasunaren frogatzat hartu beharko genuke: «nire Aita maiteko du eta beragana etorriko gara eta geure bizileku egingo dugu bera».
Bestetik, Jainkoa gugana datorrela eta gugan bizi dela esateak funtsezko berritasuna adierazten du Itun Zaharrarekiko; honetan hitz desberdinak aipatzen dira gai honetan: 1) Jainkoa ez da bizi gugan, bisitan etortzen zaigu, Abrahami etorri zaion bezala; 2) Jainkoa leku berezi batean agertzen da, Sinain adibidez, baina herriak mendira joaterik ez duela; 3) Jainkoa bidelagun du herriak, itun-kutxan bertaratzen da, baina hain sagaratua da kutxa hori non, eskubiderik izan gabe, ukitzen duena hil egiten baita; 4) Salomonek eraiki du tenplua, Jaunaren aintzaren gune izan dadin, nahiz eta badakien Jainkoak bere «zeruko egoitzan» jarraitzen duela bizitzen; 5) Babiloniako erbestealdiaren ondoren, Ageo profetak herria Jerusalemgo tenplua berreraikitzera animatzen duenean, beste profeta batek bere desadostasuna agertu du Jaunaren izenean: «Zerua dut neure tronu eta lurra neure oinen oinaulki: Zer tenplu eraikitzen ahal didazue edo zein leku neure atsedenerako?» (Isaias 66,1).
Jesusek, promes egin duenean bera eta Aita beraren hitza beteko duenagan biziko direla, errotiko aldaketa iragarri du: Jainkoa ez da jada urruneko norbait, beldurra eta errespetua eragiten dituen norbait, ez da Jainko handios eta atzemanezin bat; ez da ere gugana ustekabeko bisitan datorren norbait. Gure baitan gelditzea erabaki du. Zer eskaintzen ahal dizugu? Bost izarreko hotel bat edo ostatu bat?
b.-Espiritu Santuaren dohaina
Gaurtik gutxira Mendekoste jaia ospatuko dugu. On egingo digu hartarako pixkana prestatzen joateak, Espiritu Santuak gure bizitzan ari duen egintza hausnartuz. Testu labur honek mezuari erreparatu dio: Jesusek esana irakasten eta gogarazten digu. Era xumean esanik: duda edo zailtasun baten kasuan, Jesusek irakatsi zuena gogoratzen edo haren arabera bizitzen ahalegintzen garen bakoitzean, betetzen ari da promes hau, Aitak Espiritua bidaliko duela.
Baina bada besterik ere: Espirituak ez du egiten gogoratu bakarrik, baizik eta ideia berriak ekartzen ditu; hala gehitu du Jesusek hitzaldi honetan berean: «Gauza asko geratzen zaizkit zuei esateko, baina ezin dituzue jaso oraingoz. Bera etorrko denean, egiaren Espirituak gidatuko zaituzte egia beteraino». Kasik gauza heretikoa ematen du esatea, Jesusek ez digula eman egia osoa. Baina Elizaren historiak baiesten du ezen aurreratzeak eta aldaketak, batzuetan Jesusen hitzetan oinarritu ezin direnak, Espirituaren ekintzaz gauzatzen direla.
c.-Jesusen itzulera Aitaren ondora
Hitz hauek, laster ospatuko dugun Igokunde jaia aurreratzen digute. Frai Luis de León-en Oda famatuarekin («Eta bertan behera uzten duzu, artzain santua…») konparatzen direnean, beraien arteko alde handiaz ohartzen gara. Jesusen hitzek esan nahi digute, ez gelditzeko triste eta atsekabeturik, pobre eta itsu, baizik eta poz-pozik beraren garaipena gogoan hartuz.
José Luis Sicre