Pazkoaldiko 6. igandea C 2019-05-26
HOMILIA

Anai-arrebok!

Munduan ─nola ez?─ gertaera askoren albisteak jaso ditugu joan den aste honetan: aukeratzen hasirik, bi hautatu ditut.

Batetik, Extremaduran gertatua; musulmanek eta katolikoek elkarrekin plazaratu duten agiria; laburtua: «1) bizitzaren kontra doazen jarduera guztiak kondenatzen ditugu: genozidioa, ekintza terroristak, behartutako migrazioak, giza gorputz-atalen trafikoa, abortua, eutanasia…»; «2) kezkatzekoak ditugu halaber munduko krisiaren kausarik garrantzizkoenak; adibidez, giza kontzientzia anestesiatua eta balore erlijioetatik urruntzea; baita indibidualismoaren nagusitasuna ere, eta gizakia jainkotzen duten filosofia materialistak».

Bestetik, Gabilondoren, Madril Erkidegoko izangai sozialistaren, galderari, ea Caritas txiringito edo txosna bat den, VOXeko Monasterio andereak argi eta garbi erantzun dio: BAI!

Lehenengo puntuan, musulmanen eta katolikoen agiriak agerian jarri ditu, beste behin, mundu honetan jasaten ari garen hainbat eta hainbat arazo. Eta jarrera garbi bat agertu dute agirian.

Bigarren puntuan, pertsona jakin baten ikuspuntu kaskarina ageri da. Baina galdetzekoa da: pertsona horren ikuspuntua, berorrena bakarrik al da? Ez al da emakume horrek ordezkatzen duen alderdi politiko osoarena? Eta itsaso zabalagora joz, ez al da beste jende asko eta askok beste gai askotan agertzen duenaren kopia?

Honek guztiak gogoeta sakon bat egitera garamatza kristauok. Eta badakigu: gure iturburua ez da filosofia jakin bat, ez da alderdi politiko bat, ez da ideologia jakin bat. Geure iturburua Kristo Jesus dugu. Igande honetan, Mezako irakurgaietan ageri dena.

Lehen kristauek ere izan zituzten beren arazoak. Jesus Jauna aitortzearekin ez zuten baztertu, berehala eta bat batean, beren ordu arteko ideologia. Honen adibide bat dakarkigu lehen irakurgaiak. Juduek aspaldidanik zuten ohitura gizonezkoak erdaintzekoa. Uste zuten, Jainkoak berak agindua zela. Eta kristau egiten ziren paganoak ere beharturik al zeuden erdaintzera? San Paulok eta San Bernabek Jerusalemera joan beharra sentitu zuten San Pedrori eta gainerakoei kontsulta egiteko.

Jerusalemgo Kontzilio deitzen dugunak erabaki zuen: EZ. Ohitura hori ez da Jainkoak agindua. Ez da Jesusek irakatsia. Beraz, ez ezarri inori, erlijio-agindu bezala, ebanjeliotik ez datorren ezer ere. Erabaki hori ez da orduko kristauentzat bakarrik. Adibidez, ebanjelioak ez digu esaten botoa zein alderdi politikori eman. Ebanjelioak esaten diguna da: saiatu munduan zuzentasuna bultzatzen, egiten. Ondorioz, giza bitza bere osotasunean hartzen saiaturik, botorik egokiena zeini eman aztertzen saiatu beharra dugu. Zein irizpide izaten ditut botoa alderdi bati edo besteari ematean? Zein irizpide? Zein kriterio? Irizpide horretan sartzen al ditut migratzaileak? Sartzen al dut Venezuelako kartzela batean gertatu den 300 lagunen hilketak adierazten duen arazoa? Sartzen al dut Afrika kontinentea jasaten ari den problematika? Sartzen al dut genozidioa? Sartzen al ditut parlamentuetan eta beste instantzia publikoetan buru-arinkeriaz hartu ohi diren erabakiak? Ez ezarri inori, erlijioaren izenean, ebanjeliotik ez datorren ezer. Baina kontuan hartu ebanjelioak adierazten dizkigun printzipio handiak: maitasuna, zuzentasuna, solidaritatea etab.

Gaurko ebanjelioan entzun dugu: «ni maite nauenak, beteko du nire hitza». Baina segidan datorrena zein pozgarria eta garrantzizkoa den!: «ni joatean, Aitak bidaliko dizuen Parakletoak, Kontsolatzaileak, Espiritu Santuak, nik esandako dena gogoraziko eta irakatsiko dizue». Ezin uko egin izan diot, atzo, maiatzaren 25ean, ospatu genuen emakume santu baten hitzak gogoratzeari. Maria Magdalena Pazzi-koaren hitzak dira: «Zatoz. Espiritu Santua. Datorrela Aitaren batasuna, Hitzaren onginahia. Zu, egiaren Espiritu hori, santuen saria zara, arimen gozamena, argia ilunean, pobreen aberastasuna, maitaleen altxorra, goseak direnen asea, erromesen kontsolamendua; azken batean, zu hura zara, zeinetan altxor guztiak biltzen baitira». Horra, senideok, gure irizpideen iturburua. Botoa zeini eman erabakitzeko orduan, otu edo bururatu al zaio inori Espirituari otoitz txiki bat egitea?

Jesus samur eta solas-lagun agertu zaigu gaurko ebanjelioan, ikasleei agur esateko orduan. Horrelako uneetan inoiz baino egiazkoagoak izaten dira hitzak. Zeruko Aitaren hurbiltasuna agertu nahi izan dugu. Bere bakea opa digu. Hobeto esan, bera, Jesus bera, izango da gure egiazko bakea. Jainkoarekiko harreman bero horien lekuko izatea dagokigu. Munduaren zinezko bakea den Jesusen lekuko izatea. Maria Magdalena Pazziren Espiritu hori izan dezagula bihotz-emaile. Extremadurako musulmanen eta katolikoen agiria izan dezagula pista geure bizitzan. Andre Maria, Jesusen eta geure Ama, izan dezagula ispilu bizi eta bidelagun irribarretsu.

Dionisio Amundarain