Pazkoaldiko 6. igandea B (2015-05-10)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Pazkoaldiko 6. igandea. Pazkoa. Jesusen heriotza eta piztuera. Gugatik bizia eman zuen Jesusena: 33 urte inguru zituela. Gu askatzeko, gu salbatzeko, guri bidea erakusteko.
Misterio handia. Ez pentsa ikasleek ere berehalako batean ulertu ziotela Jesusi. Piztu aurretik ez. Piztu ondoren ere, asko kostatu zitzaien. Gaurko lehen irakurgaiak argi uzten digu.
Hasiera hartan, Pedro etab. judu-talde bat bezala bizi ziren. Juduen tenplura joaten ziren otoitz egitera. Juduen legeak betetzen jarraitu zuten.
Pentsa. Ez zitzaien burutik pasatu, jentilei ere eman behar zietela Jesusen berri. Baina behin batean, ametsetan, oihal bat ikusi zuen Pedrok zerutik jaisten. Oihalean animalia asko. Eta ahots bat entzun zuen: hil eta jan. Pedrok: ezta pentsatu ere. Ez dut sekula jan ezer kutsaturik. Artean, Jainkoak kreatutako animaliak kutsatutzat zeuzkan. Goizaldean, hiru gizon ate joka. Jentil batzuen etxera batera joateko eske. Orduan ulertu zuen Pedrok izandako ametsaren esanahia.
Senideok, Pedroren ezin ulertua ez ote da gertatzen askotan eta askotan gure artean? Ez ote gara gelditu umetan ikasitako kristau-ikasbide harekin? Ikasi gabe eta, batez ere, ikasitako apurra bizi bihurtu gabe? Zer da guretzat Jesus? Zer da guretzat Eliza? Zer dira guretzat sakramentuak? Zer da guretzat, Jesusen ondoren,handiena den sakramentua, hau da, lagun hurkoa?
Ebanjelioan askotan hitz egiten da gure sakramentu handi horretaz, lagun hurkoaz alegia. Gaurko ebanjelioan ere bai.
«Hau da nire agindua: maita dezazuela elkar, nik maite izan zaituztedan bezala». Mamitsua da Jesusen eskari hau.
Aitak eta berak, elkarrekiko duten maitasunaz hitz egiten ari da Jesus. Beren arteko maitasun horrek eragin dio gugatik bizia ematera. Horrenbestez, logikoa izango zuen esatea: nik horrela maite izan zaituztedanez, maita nazazue zuek ni. Baina, gure logika horren kontra edo gainetik, beste hau atera zaio: «maita ezazue elkar, nik maite izan zaituztedan bezala».
Askotan esan ohi da kristauak hau eta hura. Baina zenbat Jesus on gure artean! 1941eko uda zen. Nazien Auschwitz-eko hondamendi-eremuan. Ilunabar batean, zaintzaileek presoen zerrenda egitean, preso batek ez zuen erantzun. Ihes egina zen. Errepresaliatzat, 10 preso hiltzea erabaki zuten. Hiltzea egokitu zitzaienetako batek: Ai ene emaztea, ai ene seme-alabak!, xuxurlatu zuen. Ondoan zegoen batek entzun, eta koronelari esan zion: nik ez dut familiarik; preso horren ordez, neure burua eskaini nahi nuke, eta koronelak onartu. Hala hil zen Maximiliano Kolbe, kaputxinoa, Polonian eta Japonian Andre Mariaren debozioaz lan handia egina. 1982ko urriaren 10ean santu deklaratu zuen Aita Santua Kolbe; 41 urte lehenago Kolbek bizia salbatu zion gizon hura han zegoen San Pedro plazan, jadanik adin handiko. Gizon hau bera izan zen Kolberen egintzaren testigantza egin zuena.
Jesusek bezala, Kolbek bezala, bizia besteen alde ematea da benetako maitasuna. Ez da zertan aireratu mila modutan. Isiltasunean, zaratarik gabe, telebistan atera gabe bizi daitekeen maitasuna da. Lagundu gaitzala Jesusen Espirituak.
DIONISIO AMUNDARAIN