PAZKOALDIKO 6. IGANDEA A 2020-05-17
SARRERA
Senideok, pozgarria da, Jesusen Azken Afaria ospatzeko, berriro ere elkartu ahal izatea. Martxoan 13an Lazkaon segidako igandean Mezarik ez genuela emango erabaki zenean, norbaitek esan zuen, neurri drastikoa zela. Bizi izan duguna ikusirik, esan daiteke, egoera zela drastikoa, eta ez erabakia.
Eta egoerak larria izaten jarraitzen du. Horregatik kristauon eta guztien jarrerak «drastiko» izaten jarraitu beharko luke. Jakin beharko genuke ez dela berriketan ibiltzeko egoera.
Halere, kristauok ezin jo dugu etsipenera. Askoz gutxiago ere. Jesusek, gaurko ebanjelioan, Defendatzaile bat agintzen digu. Espiritu Santua. «Ez zaituztet umezurtz utziko, zeuekin» izango nauzue beti»
Meza honetan, agertu diezaiogun geure konfiantza. Emazkiogun eskerrak, berriro elkartzeko aukera eman digulako.
LEHENENGO IRAKURGAIA Eginak liburutik (8,5-8.14-17)
Entzungo dugun testu honek Samaria nola ebanjelizatua izan zen adierazten digu. Juduentzat zismatikoa eta mespretxagarria zen Samariako jendea. Jainkoarentzat, ordea, juduak bezain maitagarri ziren. Beste behin, irakaspen handia guretzat: Jainkoarentzat ez da bere zigorra merezi duen jenderik. Eta guretzat? Ez al dugu entzun Koronabirus hau Jainkoaren zigorra dela? Biraoa da hori esatea. Samariakoei ere bere Espiritua bidali zien Jesusen Aitak. Espiritua, bizi zuten egoera aztertzeko.
BIGARREN IRAKURGAIA Pedroren lehen gutunetik (3,15-18)
Bigarren irakurgai hau Pedroren katekesiaren bukaera da. Bi gomendio egiten dizkigu. Batetik, kristauak jakin behar du bere esperantzaren arrazoia ematen. Zer espero dut nik eta zergatik espero dut nik? Bigarren, fedeak ez digu kentzen sufrimena, baina jakin behar dugu Kristok ere sufritu zuela, eta horrela iritsi zela bere aintzara.
EBANJELIOA San Joanen liburutik (14,15-21)
Jesusen agur-hitzaldiarekin zati bat da gaurko ebanjelioa. Berehala doa Jesus, baina itzuliko da. Aitari eskatuko dio gure baitara Espiritua bidaltzeko. Espiritua Defendatzailea da. Bake-emailea. Argi-emailea.
Ez gaitu utziko, beraz, umezurtz. Itzuliko da.
Eta, azkenik, aitorpen handi hau. Aita Jesusengan dago eta Jesus Aitagan eta gugan. Eta gu Jesusengan. Jesus maite duenak beteko ditu haren aginduak. Berak emango baitio argia eta indarra.
Benetan pozgarria da entzutea, Koronabirusaren aldi honetan Jesus geurekin dugula. Poztu gaitezen eta alaitu. Ez munduaren pozaz, baizik eta Jesusen pozaz, Andre Mariak bizi izan zuen pozaz.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Mundu osoaren alde: Koronabirusaren garai honetan benetan erantzukizun handiz joka dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Kristau guztien alde: Koronabirusaren garai honetan geure esperantza sendo bizi eta horren argibideak emateko gai izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Modu batean edo bestean sufritzen ari diren guztien alde: Kristo imitatzen saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Eukaristia honetan bildu garenontzat: Mezua entzute hutsera mugatu ez gaitezen, baizik eta Azken Afarian Jesusek egin zuena egiten saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.