Pazkoaldiko 6. igandea C 2016-05-01
Joan den igandean bezala, lehen irakurgaia (Eginak) hasiera hartako elizaz ari da; bigarrena (Apokalipsia) geroko elizaz; ebanjelioa (Joan) gaurko gure egoeraz.
Lehen irakurgaia: iraganeko eliza (Apostoluen Eginak 15,1-2.22-29)
Paulok eta Bernabek paganoen artean izan zuten arrakastaren arrazoietako bat jendea erdaintzera ez behartzea izan zen. Jokabidek honek, Siriako Antiokiako kristau-elkarteak ere bere egin zuen honek, juduen haserrea eragin zuen; baita judaismo estuenean hazia zen Jerusalemgo kristau-elkarte batena ere. Haientzat, erdainkuntzari uko egitea Jainkoak Abrahami azaldu zion nahiaren kontra joatea zen. Gauza larria, gutako norbaitek bataioa ez dela beharrezkoa salbatzeko esango balu bezalatsu.
Jerusalemgo talde horrek «ekialdeko erreserba espiritualtzat» zuen bere burua; hala, Antiokian gertatzen zena jakinik, lagun batzuk bidali zituen hara konbentzitzera, erdaintzen ez baziren ez zirela salbatuko. Paulorentzat eta Bernaberentzat baieztapen hori biraoa zen: salbatzen gaituena erdainkuntza baldin bada, zoro bat izan zen Jesus gugatik hiltzean.
Hondo-hondoan, jokoan dagoena ez da erdainkuntza, baizik beste gai bat: geuk salbatzen al dugu geure burua arau eta lege erlijiosoak betez, ala Jesusek gaitu salbatzen bere biziaz eta heriotzaz? Batek gogora ekartzen dituenean hainbat eta hainbat eliz talde, legea betebeharra azpimarratzen dutenak, aise ulertzen du garai hartan gaur bezala eztabaidan txinpartak harrotzea. Harik eta Jerusalemgo apostoluengana joatea erabaki zuten arte.
Orduan «Jerusalemgo kontzilioa» deitu ohi dena gertatu zen; gaurko lehen irakurgaiaren gaia. Ez luzatzearren, funtsezko zati bat kendu zaio: Pauloren eta Santiagoren hitzaldiak (3-21 txatalak).
Apostoluen Eginak liburuan Lukasek dakarren bertsioan, kontzilioan akordio batera iritsi dira, guztien oniritzia jasoz: erdainkuntzaren gai nagusian Paulori eta Bernaberi eman diote arrazoia: paganoak ez dira behartu behar erdaintzera; talde integrista, berriz, beste erabaki honekin konformatu nahi izan dute: juduentzat oso garrantzizkoak diren lau arau betetzeko eskatuko zaie paganoei, hau da, idoloei eskainitako haragirik ez jatea, legearen kontrako sexu-harremanik ez izatea, odolustu gabeko abererik ez jatea, ezta odolik ere.
Apostoluen Eginak liburuko bertsiok baditu desberdintasun batzuk Paulok Galaziarrei egindako gutunarekiko. Funtsezkoan, ordea, bat datoz biak: ez dago zertan behartu paganoak erdaintzera. Baina Paulok ez du ezer esaten beste lau arauez.
Gaurkotasun handikoa da gaia. Hasiera hartako Elizak etsenplu bikaina eman digu hain korapilatsua zen gaiaz eztabaidatzean eta erantzun iraultzaile bat ematean. Gaur egun, garrantzi txikiagoko gaiak ezin dira iradoki ere. Baina ez gaitezen gelditu kexuarekin. Eska diezaiogun Jainkoari geure burua aldatzeko laguntza.
Bigarren irakurgaia: etorkizuneko eliza (Apokalipsia 21,10-14.22-23).
Joan den asteko ildo beretik, kristau pertsegituak kontsolatzeko eta animatzeko, elizaren sinbolo den etorkizuneko Jerusalemez mintzo da idazlea.
Mende batzuk lehenagoko testu profetikoetan inspiratu da idazlea. Kristo aurreko 586. urtean, babiloniarrek erre egin zuten Jerusalem hiria eta jendea deportatu. 150 urte baino gehiagoan egoera negargarrian egon zen Jerusalem, murruak zuloz beterik eta ia jenderik gabe. Baina profeta batzuek hiriak etorkizun miresgarri bat izango zuela profetizatu zuten. Hona zer datorren Isaiasen 54. kapituluan:
11 Oi Jerusalem, zoritxarreko hiri,
ekaitzak astindua,
inork kontsolatu gabea!
Jaspezko oinarri gainean
eraikiko zaitut,
zafirozko zimendu gainean ezarriko.
12 Dorreak errubiz
eta ateak esmeraldaz
egingo dizkizut,
harribitxiz harresi guztiak.
Zakariasen liburuak, berriz, Daliren koadroak bezain surrealista diren profeta honen ikuskari batzuk dakartza. Haietako batean, mutiko bat ikusi du, Jerusalemen perimetroa neurtzen, murrua berregiteko asmoan. Ez egiteko esan dio aingeru batek, zeren «Hiri irekia izango da Jerusalem, bertan izango diren bizilagun eta abereen kopuru handiagatik». Jaunak dio: «Neu izango naiz suzko harresi haren inguruan, aintzaz betea azalduko naiz haren erdian».
Aipa genezake antzeko testu gehiago ere. Halakoetan oinarrituz marraztu du bere ikuskaria Apokalipsiaren autoreak. Honen ikuspuntuaren berritasuna honetan datza: etorkizuneko Jerusalem hori, zerutik jaitsia den arren, guztiz lotua dagoela Israel herriaren iraganari (hamabi ateek hamabi leinuen izenak dituzte) eta elizaren iraganari (oinarriek hamabi apostoluen izenak dituzte). Baina badu funtsezko diferentzia bat antzinako Jerusalem hiriarekiko: ez dago tenplurik, santutegia Jainkoa bera baita, eta ez du eguzkiaren eta ilargiaren beharrik, Jainkoaren aintzak argitzen baitu.
Hirugarren irakurgaia: oraingo elkartea (Joan 14,23-29)
Gaurko ebanjelioak hiru gai nahasten ditu:
a.- Jesusen hitza bete izana eta berorren ondorioak.
Bi jarrera kontrajarri dira: maite nauena – maite ez nauena. Lehenengoari promes handi bat esleitu zaio: Aitak maitatuko du. Bigarrenari, berriz, arreta-abisu zorrotz bat: nire hitzak ez dira nireak, baizik Aitarenak.
Lehen zatia oso garrantzizkoa da, Deuteronomio liburuarekin konparatzen bada: honek Jainkoa maitatzea azpimarratzen du («maita ezazu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz eta indar guztiz») eta gauzatu ezazu maitasun hori haren legeak, arauak eta aginduak betez. Ebanjelioan, Jesus burubide beretik abiatu da: «ni maite nauenak beteko du nire hitza». Baina Deuteronomioan ez datorren puntu bat gehitu du: «nire Aitak maitatuko du, eta harengana etorriko gara eta hura geure bizileku egingo dugu».
Azken gai hau, gu Jainkoaren bizileku izatea, oso gutxitan aipatzen da gure artean; mistikoen mundura baztertu dugu: Teresa santua, Gurutzeko Joan santua etab. Ebanjelioak, ordea, gu guztion baitako errealitatea dela gogoratzen digu, ez genukeela alboratu behar. Oro har, ez dugu kontuan hartzen duela urte asko hil diren pertsonek gugan izaten duten egundoko eragina: familiarteko, adiskide, hezitzaile: «bizirik jarraitzen baitute gure barnean». Antzeko gogoeta egin beharko genuke Jainkoak gugan presente jarraitzeaz eta gure bizitzan duen funtsezko eraginaz. Eta hori guztia Jainkoak digun maitasunaren frogatzat hartu beharko genuke: «nire Aitak maitatuko du, eta harengana etorriko gara eta hura geure bizileku egingo dugu».
b.- Espiritu Santuaren dohaina.
Egun gutxi batzuk barru Mendekoste jaia ospatuko dugu. Komeni zaigu hartarako prestatzen joatea, Espiritu Santuak gure bizitzan egiten duena hausnartuz. Testu labur honek kontuan hartu du mezuaren gaia: Jesusek esana irakasten eta oroitarazten digu Espirituak. Era xumean esanik: duda edo zailtasun baten aurrean, Jesusek esan zuena gogoratzen eta haren arabera bizitzen ahalegintzen garen bakoitzean, gauzatzen ari da promesa, Aitak Espiritua bidaliko duela.
c.-Jesus Aitagana itzuli
Hitz hauek aurreratu egiten dute hurbil dugun Igokunde jaia. Hitz hauek Frai Luis Leongoaren Oda-rekin («Eta uzten duzu, artzain santua…») konparatzen ditugunean, alde handia nabari ohi da. Jesusen hitzek nahi dutena, gu triste eta atsekabeturik ez bizitzea da, pobre eta itsu ez bizitzea, baizik pozik beraren garaipena dela eta.
José Luis Sicre