BAZKOKO SEIGARREN IGANDEA – B
Lehen irakurgaia
( Bataiatuak izan diren lehen paganoak)
Apostoluen Egintzetarik 10, 25-26.34-35.44-48
25 Petri Zezarearat heldu zelarik, Kornelio, erromano ehuntaria, biderat atera zitzaion eta oinetarat ahuspez eman. 26 Bainan Petrik altxarazi zuen, erranez: “ Xuti zaite, gizon hutsa naiz ni ere”. 34 Gero, han zaudeneri erran zioten: 35 “ Orai zinez ikusten dut Jainkoak ez duela berexgorik egiten, bainan hura adoratzen dutenak eta zuzen dena egiten onartzen dituela, edozein jendaldetan ”. 44 Petri mintzo zelarik oraino, Izpiritu Saindua jautsi zen Hitza entzuten ari ziren guzien gainerat. 45 Petrirekin etorri fededun Juduak harritu ziren, Izpiritu Sainduaren dohaina paganoen gainerat ere jautsi zela ikustean. 46 Alabainan, entzuten zituzten hizkuntza arrotzez mintzatzen eta Jainkoaren handiesten. Orduan, Petrik erran zuen: 47 “ Nork uka diezokete bataioko ura Izpiritu Saindua guk bezala ukan duteneri? ” 48 Eta manatu zuen Jesu Kristoren izenean bataia zitzaten. Orduan zenbait egun han egoiteko galdegin zioten Petriri.
Hemen kondatua gertatu zelarik, hastapenetako Elizak jadanik lehen pertsekuzionea jasana zuen : Exteberen martirioa. Gero Paulo, Elizaren pertsegitzailea Jesusen dizipulu kartsu bilakatu zen. Apostoluek egun guziz frogatzen zuten Jesusen errana : haren izenean eta harek bezala debruak haizatzen zituzten, eriak sendatzen, hilak pizten. Petrik berak gizon bat piztua zuen Loden, eta emazte bat Jaffan. Beharbada bi mirakulu horiek eman zioten Petriri beste urrats baten egiteko ausartzia, beste mirakulu bat beharbada aitzinekoak baino handiagoa : Petri, girixtino bilakatu judua, pagano baten etxean sartu da, erromano aitzindari baten etxean, holakorik ez baitzuen egiten egiazko judu kartsu batek, bere burua lohitu gabe. Gertakari horrek erran dezake Ebanjelioa Izraelen muga hertsietarik ateratzen ari dela. Errana da Paulo dela paganoen apostolua, bainan Petri izan da lehena Zezareako kapitain horren etxean sartu dena eta girixtino izaitera bultzatu duena, bera eta familia guzia bataiaraziz. Irakurgaiaren azkenean errana da : “Profeta guziak lekuko ditu (Jesusek) : bekatuen barkamendua hari esker ukaiten dutela haren baitan sinesten duten guziek.” “Guziek”, ez bakarrik juduek. Paganoak ere bataiatuak izan daitezke, Jesu Kristo baitan sinesten badute. Fedearen transmititzea, Paulok lasterkaldi betekin parekatzen du : gure korrika bezala.
Lehen abiatu direnak lekukoa eskuan, apostoluak dira :”Gu apostoluak lekuko gira.” Jesusekin bizi izanik, badakite zertaz ari diren. Apostoluak gure fedearen zutabeak dira : 2000 urte geroago gure fedea heien gainean finkatua da. Pasarte hunek erakusten daukun beste ikuspegi bat, jakingarria : Petri erran eta erran ari da Jainkoak duela egiten. Jainkoak kontsekratu du Jesus, Jainkoa harekin zen, Jainkoak piztu du, Jainkoak hautatu bizien eta hilen juje. Ikusi dutenentzat, Jesus gizon bat zen, iduriz besteak bezalakoa, hilkorra eta hil dena, molderik itsusienean. Haren bizian ezohikoa izan dena Jainkoaganik zen. Jesus Jainko zela, apostoluentzat ere, ez zen errex izan sinestea. Hortakotz fermuki aitortzen du Petrik Jesus “Bizien eta hilen juje” dela. Eta nor izan daiteke juje, Jainkoa ez bada ?
Salmoa 97
Leloa: Salbatzaile da jeiki Jauna, Herri guziek dakitena.
Kanta Jaunari kantu berri, Harek eginak oro baitira miragarri. Berez bere da nausi jarri, Bere besoaz jaun agertu da munduari. Salbatzaile da jeiki Jauna: Ikusi dute zein ona dugun, zein zuzena. Izraelentzat zer laguna: Erakutsi du bere betiko bihotz ona. Lur guziak du ikusia Gure Jaunaren salbamenduko iguzkia. Kanta Jaunari lur guzia: Pitz eta kanta, lurrak Errege Jauna baitu.
Bi ohar: – Salmo hau garaipen oihua da : Izraelen, errege bakarra, nausi bakarra Jainkoa da. Salmo huntan Jainkoa goraipatzen da. – Jainkoaren bi amodioak: Izrael hautatuaren eta gizadi guziaren amodioa. Bai, Izrael populu hautatua da, bainan ez bakarrik gozatzeko haur bakar batek egiten duen bezala, bainan anaia gehiena balitz bezala. Jainkoak ez du bakarrik Izrael maite, bainan gizadi guzia. Izraelek goraipatzen duelarik Jainkoa errege bezala, badaki gizadi guziaren izenean egiten duela. Hautu hori zinez premiatsua da, bainan ez du ahantziko mundu guzian dirdiratu behar duela.
Bigarren irakurgaia
(Jainkoa maitasuna da )
Jondoni Joaniren lehen epixtolatik 4, 7-10
7 Maite maiteak, elkar maita dezagun, maitasuna Jainkoaganik baidator. Maitatzen duten guziak Jainkoaganik sortuak dira, eta Jainkoa ezagutzen dute. 8 Maitatzen ez duenak ez du Jainkoa ezagutzen, Jainkoa maitasuna baita. 9 Huna nola agertu den Jainkoak guretzat duen maitasuna: Jainkoak bere Seme bakarra mundurat igorri du, gu haren bidez bizi gaitezen. 10 Huna zertan den maitasuna: Ez dugu, guk, Jainkoa maitatu, harek gaitu maitatu, eta bere Semea igorri du, gure bekatuen barkamen-oparitzat.
Lerro bakotxean, guti gora behera, irakurgai hau maitasunaz mintzo da ! Igande huntako bertze irakurgaien idurikoa beraz. Alabainan ez uste ukan Jondoni Joani arrosa eta ezti iduriko talde batean bizi dela ! Maitasunaz hoinbertze mintzo bada, errex ez delako seinalea izan daiteke ! Idazten dion taldea kinka txarrean dago. Profeta faltsu batzu ari dira jendeen berexten, eztabaida teologikoen bitartez eta denbora berean garrantzizkoa ahanzten da. Testo huntan, Joanik taldea garrantzizkoari buruz ezarri nahi du, erran nahi baita Jainkoari buruz, Amodioari buruz. Laburbilduz erran ditake: Jainkoa amodio, amodio guzia Jainkoaganik. Jainkoa nahi duzue ezagutu, dio Joanik, ederki, bainan zuen eztabaiden erdian ez zaiteztela gal. Jainkoa amodio denaz geroz, zuen baitan den amodioa, Jainkoaganik dator; eta maitatzen duzuen aldi oroz, Jainkoaren mailan zarete. Elizaren aspaldiko kantu batek dio: « Ubi caritas et amor, Deus ibi est », erran nahi baita: « Nun amodioa, han Jainkoa ». Joanik gauza bera dio : « Maitatzen duten guziak Jainkoaganik sortuak dira eta Jainkoa ezagutzen dute. » Irizpide argi eta garbia, egiten eta ikusten dugunaren jujatzeko. Hori liteke fededunen eginbeharra : maitasunezko egintza guziak, amodiozko behako guziak ikusi eta aldi bakotx « Jainkoa hor da » erraitea. Hortakotz du, menturaz, Jesusek erran: « Jainkoaren erresuma zuen erdian dago. » Bali da gure begien aitzinean, mundu zabalean, gazte eta adinekoen erdian, jende mota eta erlisione guzietan, erlisione gabekoen erdian ere. Joanik dauku hori erraiten egun. Begiak idek bagintza, egun guziz eta mila moldetan Jainkoa ikus ginezake. Betidanikako Jainkoaren xedea gizadiarentzat : armonia orokor bat. Goraxago gutun huntan Joanik dio: « Hau da hastetik entzun duzuen mezua: elkar maita dezagun. » (1 Jn 3,11) Iragan astean, gutun berean irakurtzen ginuen: « Eta huna Jainkoaren manamendua : sinets dezagun haren Seme Jesu Kristo baitan eta elkar maita, manatu daukun bezala.» (1 Jn 3,23) Eta Joanik oraino ere: « Huna nola agertu den Jainkoak guretzat duen maitasuna : Jainkoak bere Seme bakarra mundurat igorri du gu haren bitartez bizi gaitezen.» Joaniren ebanjelioa entzun dezakegu oihartzuna bezala: « Eta betiereko bizia huntan da: ezagut zaitzaten zu, egiazko Jainko bakarra, eta zuk igorri duzun Jesus Mesias. » (Jn 17,23). Bizia, (betiereko bizia), Jainkoa ezagutzea da; eta den bezala egiazki ezagutzeko, ez guk asmatu bezala, bere Semea dauku igorri. Jainkoa ezin ikusia izanik, nola ezagutu ? Jesusen bitartez : Jainko-gizon baita, Jainkoa ikusten dugu Jesusen aurpegi eta egintzetan. « Jainkoak bere Seme bakarra mundurat igorri du, gu haren bidez bizi gaitezen.» Oinak ikuztea haren biziaren sinadura dela erran ginezake. « Jainkoaganik etorria… Jainkoari doa ».
Maitasunak berak bere oihal-etxola gure artean landatu zuen. Eta irakurgai hunen erakaspen miresgarria hau da: Jainkoa belaunikatzen da gizakiaren aitzinean, Jainkoa izanki eta, haren zerbitzari egiten baita. « Irakaslea eta Jauna deitzen nauzue, eta arrazoin duzue, hala bainaiz. Beraz, nik, Jauna eta Irakaslea naizenak, oinak ikuzi badazkizuet, zuek ere ikuzi behar dituzue oinak elkarri.» (Jn 13,13) Jainkoaren egiazko aurpegia aurkitzeak mundua aldatzen du: sobera luzaz pentsatu da Jainkoak gizakiarekin konduak xuritu behar zituela. Bekatuen barkamendurako zernahi eskaintza eta opari beharrezkoak zirela uste izan da. Baina Jesu Kristo baitan, urrikalkorra den Jainkoa aurkitzen da. Eta haren galde bakarra hau da: haren iduriko izan gaiten, elgar maitatuz.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Jaunak manamendu berria eman dauku : Elkar maita zazue nik maitatu bezala.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 15, 9-17
Mundu huntarik bere Aitarenganat zoanean, Jesusek erran zioten bere dizipulueri: 9 “ Aitak ni maitatu nauen bezala, maitatu zaituztet nik ere. Zaudezte nere maitasunean.10 Nere manamenduak betetzen baditutzue, nere maitasunean egonen zirezte, ni ere, Aitaren manamenduak bete ditudalakotz, haren maitasunean nagon bezala. 11 Hau erran dautzuet, nere bozkarioa zuen baitan izan dezazuen, eta zuen bozkarioa bete-betea izan dadin. 12 Hau da nere manamendua: elkar maita zazue, nik maitatu zaituztedan bezala. 13 Nehork ez du maitasun handiagorik bere bizia adiskideentzat emaiten duenak baino. 14 Zuek nere adiskideak zirezte, nik manatua egiten baduzue. 15 Ez zaituztet gehiago zerbitzari deitzen, zerbitzariak ez baitaki Nagusiak zer egiten duen. Adiskide deitzen zaituztet, nere Aitarenganik ikasi dutan guzia ezagutarazi baitautzuet. 16 Ez nauzue zuek ni hautatu, nik zaituztet zuek hautatu eta ezarri : joan zaitezten, eta fruitua, fruitu iraunkorra, eman dezazuen. Orduan, nere izenean Aitari eskatuko duzuen guzia emanen dautzue. 17 Hau manatzen dautzuet: elkar maita zazue.”
« Hau erran dautzuet, nere bozkarioa zuen baitan izan dezazuen, eta zuen bozkarioa bete-betea izan dadin ». Hau bai egiazko berri ona! Jesus bere apostolueri mintzo da, bozkarioz beteak izan diten. Eta bozkario horren iturria, Jesusen maitasunezko bizi osoa da, haren Aitarena bezalakoa: « Aitak ni maitatu nauen bezala, maitatu zaituztet nik ere. » Egungo bigarren irakurgaiaren sail beretik goazi: gizadiak Jainkoa den bezala ikusiko duelarik, bozkarioz beteko da. Biblia irakurriz, ohartzen gira gizadiaren problema bakarra, Jainkoa ez ezagutzea dela, hura juje izigarri batentzat hartzea, Jainkoa bere haurren bozkorioaz loriatzen den Aita izanki-eta. Testamendu Zaharretik haste, profeten lan berezia, Jainkoaren aurpegia zoin den maitagarria eta urrikalkorra erakustea izan da. Salmoek berdin. Izaik dio : « Bozkario bizia, alaitasun handia eman diozute.
Bozkariotan daude zure aitzinean, uzta biltzean bezain bozkariotan, harrapakinak banatzean bezain alai. » (Is 9,2) « Jaunak libratuak: poz-oihuka etorriko dira Sionerat: aurpegian poza betikotz! Zoriona eta alaitasuna ukanen dituzte lagun, nahibageak eta nigarrak ihes eginik! » (Is 35,10) Eta beste… Sofonias profetak dio Jainkoa dantzan ari dela bere haurrak bozkariotan ikusiz : « Egizu kanta, Sion hiri! Irrintzin egizu, Israel! Bozkaria zaite, Jerusalem, alaitu bihotz-bihotzez! Bazterrerat utzi baitu Jaunak zure kontrako jujamendua, haizatu zure etsaiak. Jauna, Israelgo erregea, zurekin dago: ez zira gehiago deuseren beldur izanen. Egun hartan, Jerusalemi erranen zaio: « Ez beldur izan, Sion, ez egon bihotz-eroria.
Zure Jainko Jauna zurekin dago, salbatzeko ahaltsu! Pozik bai pozik dago zurekin. Bere maitasunaz biziberritzen zaitu. Pozez jauzika eta kantari dago zuregatik. » (So 3,14-17) Zorigaitzez, sobera eder balitz bezala, ez dugu errexki sinesten; denboren buruan du gizadiak Jainkoa ezagutuko eta orduan bozkarioan biziko da. Horrengatik du Testamendu Zaharrak zoriona, gizadiaren salbatzearen seinaletzat erakusten. « Nere izpiritua ixuriko diot jende orori » dio Jainkoak, Joel profetaren arabera; orduan dugu Jainkoa maitasun dela ezagutuko eta bozkariotan izanen gira. Zer zoriona izan den Jainkoaren egiazko aurpegiaren erakusterat etorri denarena : Joanes bataiatzailearen sortzeaz, aingeruak dio Zakariasi: « Ez beldur izan Zakarias, entzun du Jainkoak zure otoitza. Zure emazte Elisabetek semea sortuko dauzu eta Joanes emanen diozu izena. Bozkario eta loriaz beteko zira, eta ainitzak haren sortzeaz bozkariatuko dira. » (Lk 1,13-14) . Gero, Jesusen sortzean, artzaineri Aingeruek diote: « Ez beldur izan! Berrion bat mezutzen dauzuet, herri osoa bozkariatuko duena : Salbatzaile bat, Mesias Jauna sortu zaizue gaur Dabiden herrian. » (Lk 2,10) Ageri da gai hunek Joani barnarik hunkitu duela. Jaunaren azken arratsean, alta sofrikarioa heldu zela ikusten zuelarik, Jesusek dio : « Entzun duzue erran dautzuetana : Banoa, bainan berriz etorriko nitzaizue. Maite baninduzue bozkariatuko zinezkete Aitarenganat noalakotz, Aita ni baino gehiago baita. » (Jn 14,28) … « Egiaz egiaz diozuet: nigar eta deitore eginen duzue; mundua, ordea, bozkariatuko da. Zuek atsekabean izanen zirezte, bainan zuen atsegabea bozkario bilakatuko da. Emaztea, haur-ukaiten duelarik, atsekabean da, ordua etorri zaiolakotz; haurra sortu ondoan, ordea, ahanzten du nahigabea, presuna bat munduratu delako bozkarioan. Zuek ere atsegabean zirezte orai, bainan berriz ikusiko zaituztet, eta bozkariatuko zirezte, eta zuen bozkarioa nehork ez dauzue kenduko. » (Jn 16,20-24) Eta bere azken otoitzean, Jesusek Aitari dio : « Orai ordea, zure ganat noa. Hau guzia, oraino munduan nagola erraiten dut, nere bozkarioa beren baitan ukan dezaten, bozkario betea. » (Jn 17,13) Apostoluek ere zoriona dute agintzen: « Gauza hauek idazten dauzkizuegu, gure bozkarioa bete-betea izan dadin ». (1 Jn 1,4) « Badut ainitz idazteko zueri bainan ez dut paperez eta tintaz egin nahi.
Etorriko nitzaizuelakoan nago, mintza gaitezen bekozbeko; hola bozkarioa bete-betea izanen dugu elkarrekin.» (2 Jn 14) Profetak eta apostoluak ez ote dira hortarik ezagutzen ? Horiek dute Zorionaren Jainkoaren egiazko aurpegia erakusten. Beren orena etorriko zaiotelarik, entzunen dute: « Ederki, zerbitzari on eta leiala! Gauza gutitan leial izan zira, ainitzen buru ezarriko zaitut; zato zure nagusiarekin bozkariatzera.» (Mt 25,21)