Pazkoaldiko 6. igandea B 2018-05-06
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko ebanjelioaren mezua hitz hauek biltzen dutela esan daiteke: Ez da maitasunik handiagorik nork bere bizia adiskideagatik ematea baino. Alde honetatik, Jesusena berarena baino etsenplu handiagorik ez: bere bizia eman zuen mundua salbatzeko.

Baina, zorionez, badira gizadiaren eta Elizaren historian beste adibide batzuk ere.

Ezin utzi alde batera Maximiliano Kolberena. Poloniarra zen. Kaputxinoa. Andre Mariaren zale handia. Lehenik Polonian bertan lan egin zuen misiolari. Gero Japonian. Poloniara itzulirik, naziek atxilotu zuten eta Auschwichera eraman. Baziren han 2000 lagun preso. Behin batean, presoen zerrenda egitean, presoetako bat falta zen. Zigortzat, 10 preso goseak hiltzea erabaki zuten naziek. Hamar haietako batek esan zuen ahopean: «Ai ene emaztea eta ene seme-alabak». Juxtu-juxtu entzun zituen hiru horiek Maximiliano Kolbek. Eta berehala aurreratu eta esan zion Koronelari: «Neure burua eskaini nahi nuke preso honen ordez; honek bere familia du, ni zaharra naiz (45 urte zituen)». Koronelak onartu zion, eta hala hil zuten. 1982an Aita Santuak santu deklaratu zuen; elizkizun hartan zen bizia salbatu zion gizon hura; haren aitorpena da esandako hau.

Joan den aste honetan berean irakurri dut VIDA NUEVA aldizkarian (21-27/04/2018. nº 3.079, 3. or.): guraso gazte batzuei haur jaiotzekoak Down sindromea dakarrela esan, eta ginekologoak galdetu die: «Erabakia al duzue?» Amak ez du ulertu; aitak erantzun dio: «Ez». Kontsulta bukatu ondoren, argitu dio senarrak emazteari ginekologoak zer esan nahi zuen. Guraso horiek berek diote, gero eta gehiago izaten direla «zer egin» erabakia izaten dutenak. Eta gehitzen dute: «Horregatik ikusten da Down duen jende gutxiago». Bikote honek badaki, hartu duen erabakiak bizimodua asko aldaraziko diola. Baina haurragatik beren bizia ematea erabaki dute.

Eta gaurko ebanjeliora itzuliz. «Nire aginduak gordetzen badituzue, nigan jarraituko duzue; nik neuk ere, Aitaren aginduak gorde ditudalako, Aitagan jarraitzen dut».

Ohartzen al gara zer dioen Jesusek? Beraren eta gure arteko erlazioa, beraren eta Aitaren arteko erlazioa bezalakoa dela! Hain juxtu, gaurko ebanjelioa joan den igandekoaren aplikazioa da. Joan den igandean, mahatsondoaren eta mahats-aienen irudi ederra entzun genuen: aiena mahatsondoari lotua den bezala, hala da lotua ikaslea Jesusi. Eta lotura hori gabe bizirik ez du aienak; ezta ikasleak ere.

Baina kontuan hartu beharrekoa da beste hau ere. Jesus aginduak betetzeaz ari denean, ez da ari kanpotik norbaitek ezarritako legeez. «Aitak ni maite nauen bezala, hala maite zaituztet nik zuen». Jesusek Aitaren aginduak bete ditu; ez derrigortuta; ez kanpotik etorritakoak balira bezala: bere barrutik datozkio Jesusi Aitaren aginduak: bere bihotzetik, bera eta Aita lotzen eta batzen dituen Espiritutik. Gauza bera gure aginduak: ez dira inork ezarritako aginduak; Jesusek gure bihotzera ufatu duen Espirituak agertzen dizkigun aginduak dira; ez ezartzen baizik agirian jartzen dizkigunak; gu eta Jesus eta Aita bat egiten gaituen Espirituak.

Edozein kasutan, agindu bakarra du benetako kristauak: maitatu lagun hurkoa. Adiskide deitzen gaitu Jesusek. Ez gara, ez neskame-morroi, ez esklabo. Maitasun hau Jesusei loturik bizitzearen fruitu da. Maitasun hau ez da maitasun erromantiko bat, ez da arrosa-koloreko maitasun bat, Jesusen maitasuna ez da norberaren atsegina bilatzen duen maitasun bat. Jesusen maitasuna, maite dugunaren, maite ditugunen bizia eta zoriona bilatzen duen maitasuna da. Pazkoaldian BIZIA ospatzen dugu. BIZIA bilatzen duen maitasuna da egiazko maitasuna.

Jesusen Espirituak estutu dezala gure eta Jesusen arteko lotura, gu guztion arteko lotura gero eta eskuagoa izan dadin.

Ez da maitasunik handiagorik nork bere bizia adiskideagatik ematea baino.

Dionisio Amundarain