ADISKIDETASUNA ELIZA BAITAN Joan 13,31-33.34-35

Pazkoaldiko 5. igandea C 2019-05-19

Eraila izan bezperan, azken afaria ospatu du Jesusek bereekin. Ikasleen oinak garbitu berriak ditu. Judasek hartua du jada bere erabaki tragikoa, eta, Jesusen eskutik azken mokadua hartu ondoren, han doa bere lana burutzera. Ozenki esan du Jesusek guztiak sentitzen ari direna: «Ene semeok, denbora gutxi dut jada zuekin egoteko».

Samur mintzo zaie. Bere azken keinu eta hitzak bihotzean ezarriak gera dakizkien nahi du: «Agindu berri bat demaizuet: maita dezazuela elkar; nik zuek maitatu bezala, maitatu zuek ere elkar. Nire ikasle zaretela ezagutu dezaten seinalea zuek elkar maitatzea izango da». Hauxe da Jesusen testamentua.

«Agindu berri batez» mintzo da Jesus. Zertan da hor berritasuna? Lagun hurkoa maitatzeko agindua presente dago jada tradizio biblikoan. Hainbat filosofo greziar ere mintzo da filantropiaz eta gizaki guztiekiko maitasunaz. Jesusen maitatzeko era berezian dago berritasuna: «maita ezazue elkar niki maitatu zaituztedan bezala». Horrela joango da hedatzen, haren jarraitzaileen bidez, hark izan duen maitasun-era berezi hura.

Hau izan da ikasleek esperimentatu duten lehenengo gauza: adiskide bezala maitatu dituela: «Ez dizuet deitzen neskame-morroi… adiskide esan dizuet». Elizan, lau-lau, adiskide bezala maitatu behar dugu elkar. Eta adiskideen artean, parekotasuna, hurbiltasuna, elkar sostengatzea zaintzen dira. Inor ez besteen gainetik. Adiskiderik ez bere adiskideen jaun.

Horregatik, Jesusek errotik moztu du bere ikasleen handinahia, lehen postua zeinek izango eztabaidatu dutenean. Norberaren probetxurako protagonismoa bilatzeak eten egiten du adiskidetasuna, eten elkartasuna. Bere era berezia gogorarazi die Jesusek: «ez naiz etorri zerbitza nazaten, baizik zerbitzari izatera». Adiskideen artean inor ez oilar. Guztiek behar dute prest egon zerbitzari eta lankide izateko.

Alabaina, Jesusen jarraitzaileek bizi izandako adiskidetasun honek ez du eratzen elkarte hesitu bat. Alderantziz, beren artean bizi duten giro bihozkoi eta maitasunezkoak berak eragiten die premia dutenei harrera eta adiskidetasuna eskaintzera. Bekatariekin, jende baztertu eta mespretxatuarekin otorduak egiten erakutsi die Jesusek. Aurpegira bota izan die haurrak baztertu nahi izana. Jesusen elkartean ez dira oztopo txikiak, baizik handiak.

Behin batean, Hamabiei dei egin eta haien erdian haur bat ipini zuen; haurra estu besarkatu eta esan zien: «Nire izenean haur hau bezalako bat onartzen duenak, ni neu onartzen nau». Jesusek gogoko duen Elizan, txikiek, ahulek eta zaurigarriek izan behar dute guztien arreta- eta ardura-gune.

Jose Antonio Pagola