Pazkoaldiko 5. igandea C 2019-05-19
HOMILIA

Anai-arrebok!

Mark Twain idazle estatubatuarrak, bere nobeletako batean, Adam aurkeztu digu Lur Paradisuan paseatzen. Miresmenez jarri da Adam Niagara ur-jauziei begira; halako batean, ideia hau ematen dio buruak: «Zenbatez miresgarriagoa izango litzatekeen ur-jauzi hau, ura, goitik behera ordez, behetik gora hasiko balitz!».

Ba, Jesusek, beste gai batean, ura behetik gora doala ikusten eta bizitzen jarri gaitu. Garai batean, norbaitek beste norbaiti kalte egin zionean, eskua esku truk esan ohi zuten; hau da, norbaitek beste bati eskua hausten bazion, kaltegileari gauza bera egin behar zitzaion: berari ere eskua hautsi.

Baina laster pauso handi bat egin zuen Israel herriak: maita ezazu lagun hurkoa zeure burua bezala. Bai aldaketa handia! Halere, Deuteronomio liburuan, hau da agindurik nagusiena: maita ezazu Jainkoa bihotz guztiaz.(Dt 6,5).

Eta zer dio Jesusek Joanen gaurko ebanjelioan: «maita ezazue elkar nik maite zaituztedan beza» (Jn 13,34). Ez da hor «eskua esku truk» konturik; pentsatu ere!; ez da hor «maitatu lagun hurkoa zeure bezala» konturik; are gehiago, ez da hor aipatzen «maita ezazue Jainkoa» delakorik. Balio duena, alde batetik, lagun hurkoa maitatzea da; bestetik, maitasunaren neurria eta nolakotasuna Jesusek erakutsi diguna da: maita ezazue elkar nik maite zaituztedan bezala. Eta nola maitatu gaitu Jesusek? Azken Afarikoan, hitz hauek esan aurretik, ikasleak erabat harriturik eta txunditurik utziz, oinak garbitu dizkie: norbaitek beste bati oinak garbitze hori zerbitzarien lana zen; horixe esan die Jesusek altxatu denean: nik, zuen maisu izanik, oinak garbitu badizkizuet, beste horrenbeste egin behar duzue zeuek ere: bata bestearen zerbitzari izan behar duzue. Zuetako askok, zeuen ezkontza-bizitzan, ez al duzue hau bera egin: senarra eta emaztea, bata bestearen zerbitzari izanez? Ba, Jesusen, arabera, ezkontza-bizitzako jarrera bizi eta handi horrek, seinale izan behar du: guztion artean bizi behar dugun zerbitzu-jarreraren seinale.

Eta Joanen ebanjelio berean, Jesusek gehitu du: «nire ikasle zareten seinalea, zuek elkar maitatzea izango da». Askotan esan ohi dugu, kristauok misiolari edo ebanjelizatzaile izan behar dugula; horra biderik nagusiena eta funtsezkoena misiolari edo ebanjelizatzaile izateko. Hego Ameriketako gotzain batek esan zuen 1981ean, Lourdesen: «Jainkoaren hitza hedatu nahi duen gizakiak, ez badu otoitz egiten, ez du berri ona hedatu ahalko».

Lehen jaunartzeko doktrinak esan ohi zuen, gurutze santua dela kristauaren seinalea; gaurko ebanjelio honek beste zerbait, askoz desberdinagoa, esan digu: seinalea, Jesusek maite gaituen bezala elkar maitatzea da.

Maitasun hori bizitzeaz, zein gauza ederra esaten digun lehen irakurgaiak. Paulo eta Bernabe Jesusen berri ematera irten ziren Antiokiako kristau-elkartetik. Hainbat kristau-elkarte sortu zituzten. Zer pozgarria izan behar zuen hori: esperantzarik gabe bizi zen jende hura esperantzadun egitea. Eta itzulian, entzun dugu zer egiten zuten: sortu zituzten elkarte haiek berriro banaka-banaka bisitatu eta animatu, aholkuak eman, bizi beharko zituzten zailtasunen artean fedeari eusteko erregutu.

Askotan ez gara konturatzen zer den hori. Zer den pertsona bati hitz gozo bat esatea. Askotan uste izaten dugu, inporta duen gauza bakarra gauza materialekin laguntzea dela.

Nietzsche filosofo ateo hura esatera iristen zen, munduan kristau bat bakarrik existitu izan dela, Kristo eta hura gurutzean hil zela. Hain zuzen ere, beste inor ez delako gai hark bezala maitatzeko.

Halere, beste ikuspegi bat agertu digu Kristo berak: konfiantza handia izan du gugan: «Agindu berri bat eman nahi dizuet», esan digu. Ez zigun emango agindu hori, Nietzschek bezala pentsatu izan balu. Gaurko bigarren irakurgaiak ere beste uste bat agertu digu: Joanek zeru berri bat eta lur berri bat ikusi ditu. Egoitza berri bat ikusi du: Jainkoaren eta gizon-emakumeen bizileku den egoitza. Jainkoaren eta Kristo bezala bizi izan diren gizon-emakumeen bizileku den egoitza.

Senideok, mirari handi bat egitera deitu gaitu Jesusek. «Zenbatez miresgarriagoa izango litzatekeen [Niagarako] ur-jauzi hau, ura, goitik behera ordez, behetik gora hasiko balitz!», esan digu Mark Twain idazle estatubatuarrak. Ba, Jesusek horixe egin nahi du: ura, goitik behera joaten ikusi ordez, gora jauzika joaten ikusi. Horixe da gizon-emakumeok batak bestea maitatze hori, Jesusek berak maite gaituen bezala: gizakiok joera dugu on egin diguna nola-edo maitatzeko; besteei hor konpon esateko; beheranzko joera horren aurka, Jesusek goranzko joera agertu digu, goranzko joera itsatsi digu.

Emazkiogun eskerrak horrelako bide miresgarri bat azaldu eta proposatu digulako; bide miresgarri hori egiteko bere laguntza eskaini eta eman digulako: «Ez zaituztet bakarrik utziko, zeuekin izango nauzue betiko».

Dionisio Amundarain