BAZKOKO BOSGARREN IGANDEA B
Lehen irakurgaia
( Paulo Apostoluekin batean Kristoren lekuko)
Apostoluen Egintzetarik 9,26-31
Konbertitu-eta,
26 Paulo Jerusalemerat etorri zen,
eta dizipuluekin elkarretaratu nahiz zabilan,
bainan denak haren beldur ziren,
ez baitzuten sinesten Kristoren dizipulu zela.
27 Orduan Barnabek berekin hartu eta apostolueri ereman zioten.
Kondatu zioten nola Damaserateko bidean Paulok Jauna ikusi zuen,
nola Jauna mintzatu zitzaion,
eta nolako ausartziarekin Jesusen izenean mintzatu zen Damasen.
28 Ordutik, apostoluekin ibili ohi zen Jerusalemen,
Jaunaren izenean ausartziarekin mintzatuz.
29 Greko-hizkuntzako Juduekin hizketan eta eztabadan ari zen;
bainan hauek Paulo hil nahi zuten.
30 Haurrideek, hori jakitean Zezarearat ereman zuten,
eta handik Tarzorat igorri.
31 Eliza bakean bizi zen Judea osoan, Galilean eta Zamarian.
Jaunaren beldurrean, eraikitzen ari zen, eta handitzen,
eta Izpiritu Sainduaren laguntzari esker emendatuz zoan.
Konbertitu aitzin, Paulo giristinoen kontra ari zen gaitzeko karrarekin. Huna zer irakur
daitekeen Apostoluen Egintzak liburuan : “Paulok eliz elkartea xehatzen zuen : etxeetan sartu,
gizon eta emazteak arrastatu eta presondegirat herrestatzen zituen.” (Eg 8,3) Ez da harritzeko,
konbertitu eta, dizipuluak hartaz mesfidatzen baziren ere.
Barnabe ararteko harturik, Paulo sartzen ahalko da apostoluen elkartean. Barnabe hunek
zuen bere alorra saldu eta bildu dirua sortu berria zen Elizari emana. Eta hunek zuen entzuna Paulo
Damas-en ausartziarekin Jesusen izenean mintzatzen.
Elizaren kontra erakutsi kar bera emanen du orai Elizaren alde. Bat batean haren begiak
ideki dira, Jesus bera agertu zaiolarik. Ez du gehiago dudatzen, eta hori judua delakotz, hainbertze
urte hartan igurikatzen zutena Jesus baitan bete baita.
Bainan lehengo bere lagunek, juduek, ez dakote barkatuko : « …Bainan hauek Paulo hil nahi
zuten…Eliza bakean bizi zen Judea osoan galilean eta Zamarian, Jaunaren beldurrean, eraikitzen
ari zen, eta handitzen…” Beldurra hitzak, hemen, Biblia guzian bezala, ez du lotsagarri den zerbait
erran nahi, bainan bai bere burua, Jainkoaren aitzinean errespetuz betea izaitea, Jainkoaz maitatua
eta beiratua.
Salmoa 21
Leloa: Zutaz dezagun kantu eman, Jauna, fededun-biltzarrean.
Zu zaitut, Jauna, zu bihotz-kantu biltzarrean,
Jainkoa maite duten gizonen aitzinean.
Janen dute bai behartsu jendek ausarkian.
Jainkozaleek orduan kantu denek betan.
Mundu huntako guziak dira orroituko,
Eta guziak Jainkoa ganat itzuliko.
Jauna da-eta, Jauna, zuzenez denen Jainko.
Herri guziak behar baititu bere peko.
Nere arima, nere bizia Hari dena,
Nere ondoko jendea ere Jaunarena.
Erranen baitu gerokoeri nor den Jauna,
Sortuko diren jenderi:“ Hau du hau egina”.
Otoitz hau ez da partikular baten izenean egina, bainan bai populu guziaren izenean.
Izraeldarrak Babiloniako desterrutik gibelerat jinak dira. Han ainitz jasan behar ukan dute eta beren
herriko tenploa etsaiak suntsitua du. Alta Jainkoak hitzemana zioten ez zituela nehoiz
abandonatuko…
Orduan botu bat egiten dute : desterru huntarik ateratzen bagira, Jerusalemeko tenploa
berriz eraikiko dugu. Salmo hau kantu bat da. Berriz beren herriratekoan Izraeldarrek kantatzen
duten kantua.
Populuak ez du ahanzten Jainkoak Egiptotik libratu duela : « Heien oihua Jainkoaren
ganaino heldu zen. Entzun zituen Jainkoak heien hasperenak, eta Abraham, Isaak eta Jakobekin
egin hitzarmenaz oroitu zen. Behatu zioten Izraeldarreri..”( Jalg.2,23-24)
Berriz ere Jainkoak entzun baititu, Izraelek bere botua obratzen du. « Zu zaitut, Jauna, zu
bihotz-kantu biltzarrean, Jainkoa maite duten gizonen aitzinean…eta guziak Jainkoa ganat
itzuliko…Nere arima nere bizia Hari dena,…nere ondoko jendea ere Jaunarena.Erranen baitu
gerokoeri nor den Jauna, sortuko diren jenderi : « Hau da hau egina.”
Kristok salmo hau askotan kantatu duke. Bizi baitzituen bere populuaren sofrikario,
esperantza eta ere esker onezko sendimenduak.
Bigarren irakurgaia
( Egiaz maita )
Jondoni Joaniren lehen epixtolatik 3,18-24
Ene haurtxoak,
18 ez dezagun hitzez eta mihiz maita, bainan egitez eta egiaz.
19 Hortarik jakinen dugu egiarenak girela,
eta Jainkoaren aitzinean bihotza bakean izanen dugu.
20 Zeren gure bihotzak kondenatzen bagaitu ere,
gure bihotza baino handiagoa da Jainkoa, eta denak badazki.
21 Nere maiteak, gure bihotzak kondenatzen ez bagaitu,
fidantzia osoan jo dezakegu Jainkoarenganat.
22 Eta eskatu guzia ardiesten dugu harenganik,
haren manamenduak begiratzen baititugu, eta atsegin zaiona egiten.
23 Eta huna Jainkoaren manamendua:
sinets dezagun haren Seme Jesu Kristo baitan,
eta elkar maita, manatu daukun bezala.
24 Haren manamenduak begiratzen dituena
Jainkoa baitan dago, eta Jainkoa haren baitan.
Eta gure baitan dagolako seinalea hau da:
Berak eman daukun Izpiritua.
Jondoni Jakobek Joaniren gauza bera dio : « Haurrideak, zertarako du norbaitek « nik fedea
badut » erraitea, egintzetan ez badu erakusten? » Joanik ere testu huntan hori bera dio : « Ez
dezagun hitzez eta mihiz maita, bainan egitez eta egiaz . » Funtsean Testamendu Zaharrean
Jainkoak gauza bera dio, Mois-eri eman manamenduek ez diote bertzerik.
“Jainkoa maitasun da, eta maitasunean dagona Jainkoarekin bat eginik dago eta Jainkoa
harekin” (1 Jn 4,16). Gizonak maitatzeko eginak gira, lehia hori da gu bakotxaren baitan barne
barnetik sendi duguna. Bertzalde bihotza bakean izaiteko molderik hoberena lagun protximuaren
maitatzea da. « Jainkoaren aitzinean bihotza bakean izanen dugu.” “eta gure bihotzak kondenatzen
bagaitu ere, gure bihotza baino handiagoa da Jainkoa, eta denak badazki.” Bertzeen zerbitzuko
denak bere miseriak ahanzten ditu, eta ez da horien gatik deskuraiatzen. Bainan elez eta itxuraz
baizik maitatzen ez duenaz ez ote du Jesusek errana : “ Egiaz diozuet: zergalariek eta emalizunek
aitzintzen zaituztete Jainkoaren erresuman” (Mt 21,31). Alta hor, Jesus biziki erlisionekoak ziren
apez nausi eta farisaueri buruz ari zen.
“Elkar maita zazue” manamendu hori lau ebanjelistek errepikatzen dute. Bainan Joanik
bertzek baino gehiago aldarrikatzen du mezu hori. Eta Eukariztia, nola Jesusek, Ortzegun Saindu
arratsean,finkatu zuen kondatzeko orde, zangoen garbitzea du aipatzen. Erran nahi baita, dizipulu
horrentzat zer inportantzia duen bertzeen zerbitzuko bere burua emaiteak.
Jende guzien maitatzea ez da gauza errexa guretzat. Bainan testua hurbiletik irakurtzen
badugu “ Gure bihotza baino handiagoa da Jainkoa” ikusten dugu, guk ezin duguna, Jainkoak
eginen duela gure partez. Galdatua zaukuna da bakarrik gure ahalen arabera bertzeen zerbitzuko
gure buruak emaitea. Egiten duguna ez bada ere gauza handia, Jainkoak horren beharra badu, gero
berak zerbait eder betetzeko. Horrela, gezurrean arizan gabe, erraiten ahalko dugu Haren nahia
egina izan dadien zeruan bezala lurrean ere.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Bai dohatsua Jaunaren baitan bizi dena :
Iduri luke ur bazterrean den zuhaitza,
Ordu denean fruitu opnak baitakartza.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 15,1-8
Mundu huntarik bere Aitarenganat zoanean,
Jesusek erran zioten bere dizipulueri:
1 “ Ni naiz egiazko mahatsondoa, eta nere Aita da mahastizaina.
2 Nitan fruiturik emaiten ez duen aihena kentzen du,
eta fruitua emaiten duena garbitzen, fruitu gehiago eman dezan.
3 Zuek garbi zirezte jadanik, erran dautzuetan hitzari esker.
4 Zaudezte nere baitan, eta ni zuen baitan.
Aihenak, mahatsondoan egoiten ez bada,
fruiturik eman ez dezakeen bezala,
zuek ere berdin, ez bazirezte ni baitan egoiten.
5 Ni naiz mahatsondoa, eta zuek aihenak.
Nere baitan dagonak, eta ni haren baitan,
harek fruitu ainitz emaiten du, ni gabe ez baitezakezue deusik egin.
6 Nere baitan ez dagona
kanporat botatzen eta eihartzen den aihena bezala da.
Aihen eiharrak biltzen dira, surat botatzen eta erretzen.
7 Nere baitan bazaudezte, eta nere hitzak zuen baitan badaude,
eska nahi duzuena, eta ukanen duzue.
8 Huntan agertzen da nere Aitaren aintza:
fruitu ainitz eman dezazuen;
orduan nere dizipulu izanen zirezte.”
Azken arratsean gira. Jesusek badoala Aitaren ganat errana diote apostolueri. Eta testu hau
ez dea eukariztiaz Jesusek egiten duen gogoeta bat? Testamendu Zaharrean, mahastia Jainkoaren
eta Izraelgo populuaren arteko batasunaren zinboloa zen. « Nere adiskideak bazuen mahasti bat
malda emankor batean. Lurra harrotu, harriak kendu eta aihenik hoberenak landatu zituen…” ( Is
5)
Bainan Izrael ez da beti leial egon bere Jainkoari : “ Izrael da Jaun guziahaldunaren
mahastia, eta Judako jendea, haren landare-sail maitea, zuzenbidearen beha zagon harenganik, eta
horra zuzengabekeria! Justiziaren beha zagon eta horra heiagorrak !” (Is 5,1-7)
Bainan Jainkoak ez du hola etsitzen bere populuaz. « Jaunak dio : Horra, badator Izrael
herriarekin eta Juda herriarekin elkargo berria eginen dutan garaia…Barnean ezarriko diotet
neure legea, bihotzean idatziko; ni heien Jainko izanen naiz eta heiek nere herri…” (Jr 31, 31-33)
Beraz Jesus elkargo berri horren gauzatzerat heldu da eta mahastiaren irudia hartzen du : “
Ni naiz egiazko mahatsondoa, eta nere Aita da mahastizaina…Ni naiz mahatsondoa, eta zuek
aihenak…Nere baitan bazaudezte, eta nere hitzak zuen baitan badaude eska nahi duzuena, eta
ukanen duzue…” Mundu huntako arazo edo problema hori da, Jainkoa ez ezagutzea, fede eskasa . “
Aita zuzena, munduak ez zaitu ezagutu; nik, ordea, ezagutu zaitut.” (Jn 17,25) Hitz horiek ere arrats
hortan ditu Jesusek erran.
Izraelek Jainkoarekilako batasuna hausten zuelarik, horrek erran nahi zuen ez zuela gehiago
Jainkoa ezagutzen eta, ezagutza eskasez, Jainko faltsu edo idoloeri buruz itzultzen zela. Jesusek
Aita ezagutzen du eta harekilako batasuna ez du nehoiz hausten. Orduan hobeki konprenitzen da
erranaldi hau : « Kopa hau elkargo berria da, zuentzat ixurtzen den nere odolaz finkatua .” (Luk
22,20)
“ Zuek garbi zirezte jadanik, erran dautzuetan hitzari esker.” Horrek erran nahi du, Jesusi
esker, Aita ezagutzen dugula. Aita horrek gomitatzen gaitu bere semearen leialtasunean sartzerat,
Huni loturik egonez, aihena mahatsondoari bezala.