EZ APARTATU JESUSENGANDIK
Pazkoaldiko 5. igandea B (2015-05-03)

Xumea da irudia eta oso adierazkorra. «Egiazko mahatsondoa» da Jesus, biziz izerditsua; ikasleak «aihen» dira, Jesusi darion izerditik bizi dira: mahastizaina da Aita, bera ari da mahastia zaintzen, fruitua oparo eman dezan. Axola duen gauza bakarra, haren egitasmoa gauzatu dadin da, hau da, mundua guztientzat gizatarrago eta zorionekoago bilaka dadin.

Aipatu irudiak arazoa non dagoen nabarmendu du. Badira aihen ihartuak, Jesusen izerdirik ez dutenak. Fruiturik ematen ez duten ikasleak dira, beren zainetan Berpiztuaren Espirituaren arnasarik ez dutelako. Hilko ez hilko diren elkarteak dira, Jesusengandik etenik daudelako.

Horregatik dakar testuak baieztapen bizi hau: «aihenak ezin eman du fruiturik, mahatsondoari itsatsia ez bada»: ikasleen bizitza agorra izango da, Jesusengan «irauten ez badute». Hitz borobilak dira: «Ni gabe ezin duzue ezer egin». Ez ote da agertzen hemen gure kristautasunaren krisiaren benetako sustraia, beste ezerk ez bezala haren oinarriak zartatzen ari den barne eragilea?

Kristau askok bere erlijioa bizitzeko duen moldeak, Jesu Kristorekin bizi-loturarik gabeak, ezin iraungo du luzaroan: «folklore» anakroniko bihurtuko da, Ebanjelioaren Berri Ona inori emango ez dion folklore huts. Elizak ezin bete izango du bere misioa egungo munduan, geure burua «kristau» jotzen dugunok Jesusen ikasle bilakatzen ez bagara, mundua gizatarrago egiteko haren espirituak eta haren grinak animatzen ez bagaitu.

Kristau izateak Jesu Kristoz bizi-esperientzia egin beharra dakar, hura barnez ezagutu beharra eta haren egitasmoarekiko grina; kristiandadeko gizartean ez zen halako beharrik erlijio-betetzaile huts izateko. Jesusekin harreman estuagoak eta grinatsuagoak bizitzen ikasten ez badugu, gure kristautasunaren gainbehera gaixotasun hilgarri bihur daiteke.

Arazo askoz arduraturik bizi gara gaur egun kristauok, eta gogoz barreiaturik. Ezin da besterik izan. Baina ez ginateke ahantzi behar funtsezkoaz. «Aihen» huts gara guztiok. Jesus bakarrik da «egiazko mahatsondoa». Inporta duen gauza une honetan «harengan irautea» da: gure arreta guztia Ebanjelioari eskaintzea: gure talde, sare, elkarte eta parrokietan harekiko harreman biziak elikatzea; harengandik ez apartatzea.

Jose Antonio Pagola