BAZKOKO BOSGARREN IGANDEA B
Lehen irakurgaia
( Paulo Apostoluekin batean Kristoren lekuko)
Apostoluen Egintzetarik 9,26-31
Konbertitu-eta, 26 Paulo Jerusalemerat etorri zen, eta dizipuluekin elkarretaratu nahiz zabilan, bainan denak haren beldur ziren, ez baitzuten sinesten Kristoren dizipulu zela. 27 Orduan Barnabek berekin hartu eta apostolueri ereman zioten. Kondatu zioten nola Damaserateko bidean Paulok Jauna ikusi zuen, nola Jauna mintzatu zitzaion, eta nolako ausartziarekin Jesusen izenean mintzatu zen Damasen. 28 Ordutik, apostoluekin ibili ohi zen Jerusalemen, Jaunaren izenean ausartziarekin mintzatuz. 29 Greko-hizkuntzako Juduekin hizketan eta eztabadan ari zen; bainan hauek Paulo hil nahi zuten. 30 Haurrideek, hori jakitean Zezarearat ereman zuten, eta handik Tarzorat igorri. 31 Eliza bakean bizi zen Judea osoan, Galilean eta Zamarian. Jaunaren beldurrean, eraikitzen ari zen, eta handitzen, eta Izpiritu Sainduaren laguntzari esker emendatuz zoan.
Konbertitu aitzin, Paulo giristinoen kontra ari zen gaitzeko karrarekin. Huna zer irakur daitekeen Apostoluen Egintzak liburuan : “Paulok eliz elkartea xehatzen zuen : etxeetan sartu, gizon eta emazteak arrastatu eta presondegirat herrestatzen zituen.” (Eg 8,3) Ez da harritzeko, konbertitu eta, dizipuluak hartaz mesfidatzen baziren ere. Barnabe ararteko harturik, Paulo sartzen ahalko da apostoluen elkartean. Barnabe hunek zuen bere alorra saldu eta bildu dirua sortu berria zen Elizari emana. Eta hunek zuen entzuna Paulo Damas-en ausartziarekin Jesusen izenean mintzatzen. Elizaren kontra erakutsi kar bera emanen du orai Elizaren alde. Bat batean haren begiak ideki dira, Jesus bera agertu zaiolarik. Ez du gehiago dudatzen, eta hori judua delakotz, hainbertze urte hartan igurikatzen zutena Jesus baitan bete baita. Bainan lehengo bere lagunek, juduek, ez dakote barkatuko : « …Bainan hauek Paulo hil nahi zuten…Eliza bakean bizi zen Judea osoan galilean eta Zamarian, Jaunaren beldurrean, eraikitzen ari zen, eta handitzen…” Beldurra hitzak, hemen, Biblia guzian bezala, ez du lotsagarri den zerbait erran nahi, bainan bai bere burua, Jainkoaren aitzinean errespetuz betea izaitea, Jainkoaz maitatua eta beiratua.
Salmoa 21
Leloa: Zutaz dezagun kantu eman, Jauna, fededun-biltzarrean.
Zu zaitut, Jauna, zu bihotz-kantu biltzarrean, Jainkoa maite duten gizonen aitzinean. Janen dute bai behartsu jendek ausarkian. Jainkozaleek orduan kantu denek betan.Mundu huntako guziak dira orroituko, Eta guziak Jainkoa ganat itzuliko. Jauna da-eta, Jauna, zuzenez denen Jainko. Herri guziak behar baititu bere peko. Nere arima, nere bizia Hari dena, Nere ondoko jendea ere Jaunarena. Erranen baitu gerokoeri nor den Jauna, Sortuko diren jenderi:“ Hau du hau egina”. Otoitz hau ez da partikular baten izenean egina, bainan bai populu guziaren izenean.
Izraeldarrak Babiloniako desterrutik gibelerat jinak dira. Han ainitz jasan behar ukan dute eta beren herriko tenploa etsaiak suntsitua du. Alta Jainkoak hitzemana zioten ez zituela nehoiz abandonatuko… Orduan botu bat egiten dute : desterru huntarik ateratzen bagira, Jerusalemeko tenploa berriz eraikiko dugu. Salmo hau kantu bat da. Berriz beren herriratekoan Izraeldarrek kantatzen duten kantua. Populuak ez du ahanzten Jainkoak Egiptotik libratu duela : « Heien oihua Jainkoaren ganaino heldu zen. Entzun zituen Jainkoak heien hasperenak, eta Abraham, Isaak eta Jakobekin egin hitzarmenaz oroitu zen. Behatu zioten Izraeldarreri..”( Jalg.2,23-24) Berriz ere Jainkoak entzun baititu, Izraelek bere botua obratzen du. « Zu zaitut, Jauna, zu bihotz-kantu biltzarrean, Jainkoa maite duten gizonen aitzinean…eta guziak Jainkoa ganat itzuliko…Nere arima nere bizia Hari dena,…nere ondoko jendea ere Jaunarena.Erranen baitu gerokoeri nor den Jauna, sortuko diren jenderi : « Hau da hau egina.” Kristok salmo hau askotan kantatu duke. Bizi baitzituen bere populuaren sofrikario, esperantza eta ere esker onezko sendimenduak.
Bigarren irakurgaia
( Egiaz maita )
Jondoni Joaniren lehen epixtolatik 3,18-24
Ene haurtxoak, 18 ez dezagun hitzez eta mihiz maita, bainan egitez eta egiaz. 19 Hortarik jakinen dugu egiarenak girela, eta Jainkoaren aitzinean bihotza bakean izanen dugu. 20 Zeren gure bihotzak kondenatzen bagaitu ere, gure bihotza baino handiagoa da Jainkoa, eta denak badazki. 21 Nere maiteak, gure bihotzak kondenatzen ez bagaitu, fidantzia osoan jo dezakegu Jainkoarenganat. 22 Eta eskatu guzia ardiesten dugu harenganik, haren manamenduak begiratzen baititugu, eta atsegin zaiona egiten. 23 Eta huna Jainkoaren manamendua: sinets dezagun haren Seme Jesu Kristo baitan, eta elkar maita, manatu daukun bezala. 24 Haren manamenduak begiratzen dituena Jainkoa baitan dago, eta Jainkoa haren baitan. Eta gure baitan dagolako seinalea hau da: Berak eman daukun Izpiritua.
Jondoni Jakobek Joaniren gauza bera dio : « Haurrideak, zertarako du norbaitek « nik fedea badut » erraitea, egintzetan ez badu erakusten? » Joanik ere testu huntan hori bera dio : « Ez dezagun hitzez eta mihiz maita, bainan egitez eta egiaz . » Funtsean Testamendu Zaharrean Jainkoak gauza bera dio, Mois-eri eman manamenduek ez diote bertzerik. “Jainkoa maitasun da, eta maitasunean dagona Jainkoarekin bat eginik dago eta Jainkoa harekin” (1 Jn 4,16). Gizonak maitatzeko eginak gira, lehia hori da gu bakotxaren baitan barne barnetik sendi duguna. Bertzalde bihotza bakean izaiteko molderik hoberena lagun protximuaren maitatzea da. « Jainkoaren aitzinean bihotza bakean izanen dugu.” “eta gure bihotzak kondenatzen bagaitu ere, gure bihotza baino handiagoa da Jainkoa, eta denak badazki.” Bertzeen zerbitzuko denak bere miseriak ahanzten ditu, eta ez da horien gatik deskuraiatzen. Bainan elez eta itxuraz baizik maitatzen ez duenaz ez ote du Jesusek errana : “ Egiaz diozuet: zergalariek eta emalizunek aitzintzen zaituztete Jainkoaren erresuman” (Mt 21,31). Alta hor, Jesus biziki erlisionekoak ziren apez nausi eta farisaueri buruz ari zen. “Elkar maita zazue” manamendu hori lau ebanjelistek errepikatzen dute. Bainan Joanik bertzek baino gehiago aldarrikatzen du mezu hori. Eta Eukariztia, nola Jesusek, Ortzegun Saindu arratsean,finkatu zuen kondatzeko orde, zangoen garbitzea du aipatzen. Erran nahi baita, dizipulu horrentzat zer inportantzia duen bertzeen zerbitzuko bere burua emaiteak. Jende guzien maitatzea ez da gauza errexa guretzat. Bainan testua hurbiletik irakurtzen badugu “ Gure bihotza baino handiagoa da Jainkoa” ikusten dugu, guk ezin duguna, Jainkoak eginen duela gure partez. Galdatua zaukuna da bakarrik gure ahalen arabera bertzeen zerbitzuko gure buruak emaitea. Egiten duguna ez bada ere gauza handia, Jainkoak horren beharra badu, gero berak zerbait eder betetzeko. Horrela, gezurrean arizan gabe, erraiten ahalko dugu Haren nahia egina izan dadien zeruan bezala lurrean ere.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Bai dohatsua Jaunaren baitan bizi dena : Iduri luke ur bazterrean den zuhaitza, Ordu denean fruitu opnak baitakartza.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 15,1-8
Mundu huntarik bere Aitarenganat zoanean, Jesusek erran zioten bere dizipulueri: 1 “ Ni naiz egiazko mahatsondoa, eta nere Aita da mahastizaina. 2 Nitan fruiturik emaiten ez duen aihena kentzen du, eta fruitua emaiten duena garbitzen, fruitu gehiago eman dezan. 3 Zuek garbi zirezte jadanik, erran dautzuetan hitzari esker. 4 Zaudezte nere baitan, eta ni zuen baitan. Aihenak, mahatsondoan egoiten ez bada, fruiturik eman ez dezakeen bezala, zuek ere berdin, ez bazirezte ni baitan egoiten. 5 Ni naiz mahatsondoa, eta zuek aihenak. Nere baitan dagonak, eta ni haren baitan, harek fruitu ainitz emaiten du, ni gabe ez baitezakezue deusik egin. 6 Nere baitan ez dagona kanporat botatzen eta eihartzen den aihena bezala da. Aihen eiharrak biltzen dira, surat botatzen eta erretzen. 7 Nere baitan bazaudezte, eta nere hitzak zuen baitan badaude, eska nahi duzuena, eta ukanen duzue.8 Huntan agertzen da nere Aitaren aintza: fruitu ainitz eman dezazuen; orduan nere dizipulu izanen zirezte.”
Azken arratsean gira. Jesusek badoala Aitaren ganat errana diote apostolueri. Eta testu hau ez dea eukariztiaz Jesusek egiten duen gogoeta bat? Testamendu Zaharrean, mahastia Jainkoaren eta Izraelgo populuaren arteko batasunaren zinboloa zen. « Nere adiskideak bazuen mahasti bat malda emankor batean. Lurra harrotu, harriak kendu eta aihenik hoberenak landatu zituen…” ( Is 5)
Bainan Izrael ez da beti leial egon bere Jainkoari : “ Izrael da Jaun guziahaldunaren mahastia, eta Judako jendea, haren landare-sail maitea, zuzenbidearen beha zagon harenganik, eta horra zuzengabekeria! Justiziaren beha zagon eta horra heiagorrak !” (Is 5,1-7) Bainan Jainkoak ez du hola etsitzen bere populuaz. « Jaunak dio : Horra, badator Izrael herriarekin eta Juda herriarekin elkargo berria eginen dutan garaia…Barnean ezarriko diotet neure legea, bihotzean idatziko; ni heien Jainko izanen naiz eta heiek nere herri…” (Jr 31, 31-33) Beraz Jesus elkargo berri horren gauzatzerat heldu da eta mahastiaren irudia hartzen du : “ Ni naiz egiazko mahatsondoa, eta nere Aita da mahastizaina…Ni naiz mahatsondoa, eta zuek aihenak…Nere baitan bazaudezte, eta nere hitzak zuen baitan badaude eska nahi duzuena, eta ukanen duzue…” Mundu huntako arazo edo problema hori da, Jainkoa ez ezagutzea, fede eskasa . “ Aita zuzena, munduak ez zaitu ezagutu; nik, ordea, ezagutu zaitut.” (Jn 17,25) Hitz horiek ere arrats hortan ditu Jesusek erran. Izraelek Jainkoarekilako batasuna hausten zuelarik, horrek erran nahi zuen ez zuela gehiago Jainkoa ezagutzen eta, ezagutza eskasez, Jainko faltsu edo idoloeri buruz itzultzen zela. Jesusek Aita ezagutzen du eta harekilako batasuna ez du nehoiz hausten. Orduan hobeki konprenitzen da erranaldi hau : « Kopa hau elkargo berria da, zuentzat ixurtzen den nere odolaz finkatua .” (Luk 22,20)
“ Zuek garbi zirezte jadanik, erran dautzuetan hitzari esker.” Horrek erran nahi du, Jesusi esker, Aita ezagutzen dugula. Aita horrek gomitatzen gaitu bere semearen leialtasunean sartzerat, Huni loturik egonez, aihena mahatsondoari bezala.