PAZKOALDIKO 5. IGANDEA B 2018-04-29

Alegoria, irudia, imajina.

Senideok, gaurko ebanjelioak alegoria edo irudi polit bat dakarkigu: Jesus da mahatsondoa eta gu aihenak.
Jesusek esandako hitz batzuk harturik, irudi polit hau moldatu du ebanjelariak, guri Jesusen mezu mamitsu bat eskaintzeko.
Beraz, ez dugu pentsatu behar, ebanjelioan entzun dugun irudi hori Jesusek berak esana dela. Baina, Jesusek berak esana ala ebanjelariak moldatua, Jesusena da mezua, ebanjelariak Jesus nola ikusten duen adierazi nahi digu: Jesus mahatsondoa eta gu aihenak.

Zein da, ordea, mezua?

Mezuak alde asko ditu. Bi bakarrik aipatuko ditut:

Lehena: aihenak ezin izan du bizirik, mahatsondoari lotua ez bada. Bistako gauza da hau hemen gauden guztiontzat. Aihena edo adarra, arbolatik apartatzen denean, ihartu egiten da.
Gauza bera gertatzen da kristau bizitzan: Jesusengandik aparte ezin bizi gara. Ezin bizi gara kristau esperantzadun bezala.

Alabaina, Jesusekin eta Jesusengan bizi ohi den bizi hori ez da, mundualdi honetan, behin betikoa. Haziz joan beharra du. Garatuz joan beharra. Heldutasunerako bidea egin beharra. Bere historia duen bizia da. Garbi dator hori gaurko pasartean. dionean: aihena oro «kimatu, inausi egiten du nire Aitak, fruitu gehiago eman dezana».

Beraz, Jesusi loturik, erantsirik, ezarririk.

Bada hemen galdera bat: zein Jesusi loturik? Uste dut oso inportantea dela galdera hau. Izan ere, kristautasunaren hasieratik izan zen joera berezi bat; kontuan, Kristo berpiztua bakarrik hartzeko joera. Jesus historikoa alde batera utzirik. Hau da, gurutzean hil zen Jesus kontuan hartu gabe.

Jesus historiko hori alde batera utzirik, gauza erraza zen kristau izatea. Noizbehinka kultua, meza, eskaini eta kito. Eta eguneroko bizitza nork bere gisara bizi. Horrelako zerbait egin nahi izan zuten kristau batzuek. Jesus zeruan dagoela aitortu eta kito. Eguneroko bizitza neure kontura.

Baina ez. Kristauen Jesus hori, aldi berean historikoa da eta berpiztua. Jesusek berak esana da: nire txiki hauetako bati egingo diozuena, neuri egingo didazue. Azken auzikoan hau esango du: presoak bisitatu zenituztenean, ni neu bisitatu ninduzuen.

Jesus historikoari loturik.

Ondo da eta beharrezkoa Jesus aintzatua, berpiztua, goratzea, aleluia eta abar esanez edo kantatuz. Baina aintzatze hori ez da egiazkoa izango, munduan gaur egun bizi den Jesus kontuan hartu gabe. Gaurko munduan bizi den Jesusen ingurumaria krimenez betea dago, astakeriaz, adulterioz, goseaz inguratua. Baita onberatasunez ere, otoitzez eta zuzenbidea ezarri nahiaz ere.

Herriak isilik jarraitzen du, neurri handian. Baina Jesusek hitz egin beharra sentitzen du, oihu egin beharra, protesta egin beharra. Eta lehertu egin da Jesusen ezinegona, boteretsuen kontra, apaizen kontra, epaileen kontra. Haserretu egin da herriaren kontra ere, koldar samar ikusten duelako, kontserbadore dela ikusten duelako. Azkenean, hil egin dute. Herriaren defentsan hil da. Askapenaren bila hil da. Baina Aitak piztu egin du. Berpizte honek esan nahi du, azken hitza ez duela injustiziak.

Jesus honi lotzeaz ari da ebanjelaria.

Senideok, Jesus honekin bat egiteaz ari da gaurko pasartea. Baita ebanjelio osoa ere.

Hau da kontua kristauarentzat, kristau guztientzat: Jesusi bizia eman zion izerdi horrek gure bizitza bustitzea, gure bizitza sutzea, otoitzekoan eta lanekoan, elizan eta etxean edo kalean. Jesusek, piztu aurretik, egin duen bidea geure bide egitea da kontua.

Hitz egitea, oihu egitea, pertsonaren askatasunaren kontra doan guztia desegiten saiatzeko. Kontua da, batak besteari laguntzea heldutasunera iristen, gizon edo emakume egiten. Izan dezagun gogoan Oharpenetan aipatutako pelikulakoa. 1978ko pelikula batean, gertaera tragiko bat kontatzen da. Holandar neska gazte batena; Etty Hillesum du izena neskak. Jatorriz judu izateagatik, atxilotu eta Auschwitz-en hil zuten naziek. Pelikulako protagonista batek dio: «Harentzat, niretzat bezala, ez da aski burua teoriaz edo hitzez beterik edukitzea. Norberaren zainetan eduki behar dira hitzak eta bizi».

Kontua da, Aitari hitz egiten uztea, kimatu edo inausi gaitzan, fruitu gehiago eman ahal izateko. Mundua injustizia guztitik libre geldi dadin.

KONKLUSIOA

Jesusen Espirituak argitu gaitzala eta indartu geure erromesaldian. Izan dezagula kontuan, Jesus dela mahatsondoa eta gu aihenak. Hari itsatsirik, lortuko dugu geure betera iristea. Esperantzarako aukera eskaini digu gaurko ebanjelio honetako irudi polit horrek. Jesusengandik hartzen dugu geure bizi-izerdia.

Dionisio Amundarain