PAZKOALDIKO 4. IGANDEA C 2019-05-12
SARRERA
Senideok, ongi etorri Pazkoaldiko laugarren igande honetan.
Mezako irakurgaietan, Jesusen bizitzaren, heriotzaren eta piztueraren misterio hori agortezina dela konturatuko gara. Adibidez, gaurko Ebanjelioak artzain on bezala agertzen digu gure Jesus maitea. Elizako arduradunak hainbeste kritikatzen diren honetan, garrantzizkoa dugu gogoratu, hausnartu eta bihotz barruan sartzea: Jesus da artzain ona, Jesus da Elizaren burua, Jesus da Eliza gidatzen ari dena, berak bakarrik dakien moduan.
Jesus artzain onak argitu eta indartu ditzala Elizan ardura bereziren bat duten guztiak; argitu eta indartu ditzala, orobat, eliztar guztiak; argitu eta indartu dezala mundu osoa.
Gaur, bestalde, bokazioen eguna ospatzen dugu. Horretarako, biderik egokiena eta bakarra, han eta hemen kristau-elkarte biziak, alaiak, Jesusi emanak ikustea da. Dagokigun mailan, jar gaitezen Jesusen Espirituaren esanera: hark eragin eta biziaraz ditzake benetako kristau-elkarteak
LEHENENGO IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (13,14.43-52)
Jesusek bezala, Paulo santuak ere oso esperientzia txarra izan zuen bere herritarrekin, juduekin: Jesusen Berri Ona hots egin nahi izan zienean, ez zioten kasurik egin.
Hargatik, judu ez zirenengana jo zuen Paulok, jentilengana. Horretarako, Jaunak agertu zion egiteko hau izan zuen gogoan: «Jentilen argi bihurtuko zaitut, lurraren azken muturreraino salbazio izan zaitezen». Jentil askok pozik jaso zuen Pauloren mezua, dio gaurko pasarteak, eta ikasleak alai-alai gelditu ziren eta Espiritu Santuak beterik.
Galde diezaiogun geure buruari: Pozik jasotzen al dugu irakurgaietan entzuten dugun Jainkoaren hitza? Betetzen al du horrek gure barne egarria? Zergatik?
BIGARREN IRAKURGAIA Apokalipsia liburutik (7,9.14b-17)
Gaizkiak eta ongiak beren artean izango duten borrokaz hitz egiten digu Apokalipsia liburuak lehenengo zatian. Gaurko pasarteak, berriz, on-egileek lortuko duten garaipena agertzen digu.
Testuaren arabera, ikusleak ezin konta ahaleko jendetza ikusi du berpiztu den Bildotsaren inguruan: zuriz jantzirik daude, hau da, Bildotsa bezalaxe piztu dira. Atsekabe-aldi handia sufritu behar izan dute; baina hantxe lortu dute beren jantzia garbitzea, Bildotsaren odolean.
Badira xehetasun jakingarriak pasarte honetan. Aipa dezagun bat. Testuak dio: On-egile horiek «Bildotsaren odolean garbitu dituzte eta zuritu» (7,14). Baina nola garbitu eta zurituko dira odolez? Itxuraz kontraesana da; teologia-begiez begiraturik, martiriez ari da; Martiri berezi-berezia izan zen Jesusen odolez garbituak
EBANJELIOA San Joanen ebanjeliotik (10,27-30)
Gaurko pasartearen aurreko txatalean, argi eta garbi esan die Jesusek judu-agintariei: «Zuek ez duzue sinesten, ez baitzarete nire ardi». Zergatik ez dira Jesusen ardi? Honela argitu du hori Jesusek berak: «nire hitza entzun nahi ez duzuelako».
Alderantziz, «nire ardiek entzuten dute nire hitza». Fedea Jainkoak emana dugu. Baina benetako fedea izango bada, gure aldetik jarrera on bat eskatzen du; Artzain Onaren, Jesusen, hitza entzuteko gogoa.
Eta Jesusek, entzuten diotenei, betiko bizia emango die: «eta nik betiko bizia emango diet»; «ez dira galduko betiko».
Senideok, geure aldetik Jesusen hitza onartzeko jarrera on bat hartzen badugu, irekia dugu esperantzarako iturria. Jainkoak ez digu huts egingo.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Bihotzaren zokoan Jainkoaren inspirazio bat edo ukitu bat sentitzen duten guztien alde; borondate gogotsuz onar dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Politikan buru-belarri ari diren guztien alde: zentzuz jokatzeko, hausnarketa egiten ikas dezaten: helburua zein den, ekintzen hurrenkera sanoa zein den etab. ikusteko. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gaur egun, mundu osoan, kristau-elkarteetan ardura bereziren bat dutenen alde: Jesus artzain onari hurbiletik jarraituz, kristauentzat eta mundu osoarentzat argi eta gidari bizi izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Mundu osoan, benetako liderrak sor daitezen; ez botere eta diru-ametsa duten liderrak, baizik eta, Jesusen Espirituaren eraginpean, nor zerbitzariago izango biziko direnak. Eska diezaiogun Jaunari.