HARI ENTZUN ETA HAREN URRATSEI JARRAITU (Jn 1023-30)
Pazkoaldiko 4. igandea C 2016-04-17
Pasadizoa tirabiratsua da eta gatazkatsua. Tenplu barruan harat honat dabil Jesus. Bat batean, judu-talde batek inguratu du mehatxuzko jarreraz aurka eginez. Jesus ez da beldurtu, baizik eta beren fede-falta aurpegiratu die agerian: «Zuek ez duzue sinesten, nire ardi ez zaretelako». Ebanjelariak dio, hitz egitea bukatzean, juduek harriak hartu zituztela hari harrika egiteko.
Beraren ardi ez direla frogatzeko, bereetakoa izateak zer esan nahi duen argitzera ausartu da Jesus. Soilik, bi ezaugarri azpimarratu ditu, funtsezkoenak eta ezinbestekoenak: «Nire ardiek entzuten dute nire ahotsa… eta jarraitzen didate». Hogei menderen buruan, kristauek gogoratu beharra dugu ezen, Jesusen Eliza izateko, gauzarik funtsezkoena haren ahotsa entzutea dela eta haren urratsei jarraitzea.
Lehenengo gauza, Jesusi entzuteko gaitasuna esnatzea da. Gure elkarteetan askoz gehiago garatzea sentiberatasun hori, Jesusengandik izerdi bizian datorren Hitza hautematen eta Hitz horrek Jainkoaz dakarren Berri Onarekin bat egiten dakiten kristau xume askok bizirik duen sentiberatasun hori. Joan XXIII.ak behin batean esan zuen: «Eliza herriko iturri zahar baten parekoa da, zeinen kanilak edo txorrotak beti ur freskoa ematen baitu». Hogei mendeko Eliza zahar honetan Jesusen ur freskoa jariarazi behar dugu.
Gure kontzientzia era guztietako mezuk, kontsignak, irudik, agirik eta erakargarrik inbaditzen duten gizarte honetan, gure fedea axaleko erlijiotasunaren molde galkorretan pixkana urtuz joan dadin nahi ez bada, ikasi beharra dugu geure elkarteen erdigunean Jesusen, geure Jaun bakar horren, Hitz bizia, zehatza eta nahastezina jartzen.
Alabaina, ez da aski haren ahotsa entzutea. Beharrezkoa da Jesusi jarraitzea. Iritsia da erabakia hartzeko ordua: barrua lasaitzen duen baina gure poza itotzen duen «erlijio burgesarekin» konformatu ala kristau-fedea bizitzen ikasi, Jesusi jarraitzeko abentura zirraragarri bezala.
Hark sinetsi zuena sinestean datza abentura hori, axola hark izan zionari izatean, gizakiaren arazoa hark bezala defenditzean, babesgabeengana eta ahulengana hura hurbildu ohi zen bezala hurbiltzean, on egiteko hura bezala libre izatean, Aitagan konfiantza izatean hark izan zuen bezala, bizitzari eta heriotzari aurre egitean hark egin zien bezalako esperantzaz.
Galdurik, bakarrik eta norabiderik gabe bizi direnek kristau elkartean leku bat aurkitzen badute, Jesusi jarraituz, elkarrekin era duinagoan, solidarioagoan eta askeagoan bizi ahal izateko, orduan bere zerbitzurik hoberenetakoa eskaintzen ariko da Eliza.
Jose Antonio Pagola.