Pazkoaldiko 4. igandea C 2019-05-12
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko irakurgai guztiak txirikordatu edo lotuko lituzken ideia baten bila hasiko bagina, hau izango litzateke, nik uste: Jesus artzain bakarra gizon-emakume guztien artzain.

Lehenengo irakurgaiak Paulo santuaren bihotzeko drama handia iradokitzen digu. Paulo erabat konbentziturik dago, salbatzaile bakarra Jesus dela. On eginez bizi izan den hura, horregatixe gurutzean hil duten hura, zeruko Aitak piztu duen hura. Eta bere herria, judu-herria, hain biziki maite duelako, herri horrek zuen erakundean hasi da Paulo Jesusen berri ematen: Sinagogan, alegia. Baina herritarrek uko egin diote. Hargatik, bere bihotzean hitz egin dion Jainkoari jarraituz, jentilengana joko du aurrerantzean. Zer gogorra gertatuko zitzaion bere herritarrei hau esatea: «Jainkoaren Hitza entzuteari uko egin diozue; hargatik, jentilengana joko dut».

Alde batetik, jar gaitezen Pauloren larruan. Zer atsekabea ez du sentitzen aita batek, ama batek, familiarteko batek, adiskide batek, bere herria maite duen batek… maite duen pertsona batek edo herriak hondamendirako bidea hartzen duenean?: droga dela, fanatismoa dela, lapurreta dela…

Bestetik, San Pauloren pasadizo horrek Jainkoak gizon-emakumeez nolako ardura misteriotsua agertu digu. Izan ere, bere herriak uko egin ziola ikusteak eragin zion Paulo beste bide bat hartzera. Ez al zebilen hori Jainkoaren eskua? Paulok, bereziki, urratu zuen kristautasuna munduko herri guztietara zabaltzeko bidea: nazionalismo itxi eta itsu guztien gainetik, arrazakeria guztien gainetik. Gogoratzen al zarete, Jesusen eta kanaandar emakume alargunaren pasarteaz? (Mateo 15,21-28) Jesus judua; emakumea jentila, paganoa. Emakumea laguntza eske, Jesus ezentzunarena egiten. Azkenean, Jesusek: «Ez dago ongi seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea». Eta emakumeak: «Bai, Jauna…baina txakurrek ere jan ohi dituzte nagusiaren mahaitik erortzen diren ogi-apurrak». Armagabeturik utzi zuen emakumeak Jesus. Begiak ireki zizkion Jesusi. Argi ikusi zuen Jesusek Jainkoaren maitasuna ez dela mugatzen juduengana, baizik eta gizon-emakume guztiak maite dituela. Paulok ere antzeko argitasuna ikusi zuen, bere herritarrek Jainkoaren hitzari uko egin ziotela ikustean.

Eta guk? Nola eta zertaraino onartzen dugu Jainkoaren Hitza? Komeni zaigunean eta komeni zaigun neurrian? Jakina, ni ez naiz inor bakoitzaren kasuistikan burruntzalia sartzeko. Baina kristauok bizi dugun kristautasunak duen harrera txikia ikusirik, dudak izaten ditut askotan, bide egokian ote gabiltzan.

Bigarren irakurgaia ere unibertsaltasunaz mintzo zaigu. Joan ikusleak ikuskari zoragarri bat izan du. Eta ikuskari horretan ezin kontatu ahalako jendetza ikusi du zuriz jantzirik eta palma-adarrak eskuan. Nazio, arraza, herri eta hizkuntza guztietarik dira. Tronuaren eta Bildotsaren aurrean. Tronuan dagoen Bildotsa izango dute artzain, berak eramango ditu ur biziko iturburuetara.

Senideok, bai pozgarria ikuskari hori! Benetan animatu beharko gintuzke artzain bakarra den Bildots horren ondoren bizitzera.

Ebanjelioan, azkenik, bere buruari eman dio Jesusek artzain onaren izena. Ebanjelioak ez du azpimarratu Jesusen ontasuna, baizik artzain bakarra bera izatea. Bera da egiazko eta benetako artzaina. Beste guztiak artzain-morroi edo artzain-neskame dira. Jesus artzainak zintzo eta irmo zaintzen ditu bere ardiak. Ez dizkio kenduko inork ere. Nora eramango ditu, ordea, bere ardiak? Itun Zaharrean askotan aipatu izan da artzainaren irudi da. Esaterako, Sal 23 (22)ak; «nora» hori honela zehaztu dr: «Larre gurietan etzanarazten nau, ur baretara eramaten…». Jesusek, ordea, zehaztasun bat gehitu du: «Betiko bizia emango diet».

Kristauaren funtsezko jarrera, konfiantza osoa Jesusengan jartzea da. Jesusengan sinestea. Eta konfiantza eta fede horren arabera bizitzea. Jesusengan konfiantza duenak zeruko Aita ere ikusi du fedearen begiz. Zeruko Aita ikusi duenak gizon-emakume guztiak ere ikusi ditu. Ikusteak maitatzea esan nahi du. Jesusek Espirituak argitu ditzala gure begiak. Eman diezagula argia, ikusteko, Jesus bakarrik dela gizon-emakume guztien artzain.

Dionisio Amundarain