Pazkoaldiko 4. igandea C 2016-04-17
HOMILIA
Anai arrebok!
Merezi du tarte labur bat ematea lehen irakurgaiari.
Ebanjelioa nola doan zabaltzen ikus daiteke hor. Hasiera batean, juduen sinagogan hasi dira hots egiten Jesusen Berri Ona. Eta Jesusen heriotzak eta piztuerak Liburu Santuek aurrez esana bete dutela aitortzen dute. Beraz, hasiera batean Berri Onaren entzuleak israeldarrak dira.
Laster, ordea, sinagogatik kanporatu egingo dituzte kristauak. Orduan, jentilengana jo dute. Horretan, Paulok egin du lanik handiena. Honentzat, ez dago, ez mugarik, ez arrazarik, ez klase sozialik. Gizon-emakume guztiei zor zaie Berri Ona: Jainkoaren maitasunak gizadi osoa hartzen du. Aita bakarra du gizadi osoak: Jesusen Aita dugu guztiok geure Aita.
Alabaina, jentilen artean ere bidea ez da izan dena arrosazkoa. Beste interes batzuk dituztenek jende xumea engainatu eta predikarien kontra jarri dute. Gaurko lehen irakurgaian, Pauloren eta Bernaberen aurka.
Horrek guztiak gaur gertatzen dena ikustera eta neurtzera garamatza. Martxoaren 16an, Yemengo Aden hirian, Kalkutako Teresak fundatutako kongregazioko lau ahizpa hil dituzte. Ezin esan, iraultzaileak zirenik. Jende pobreari laguntzera emanik bizi ziren. Kristau izateagatik bakarrik hil dituzte.
Horiez gain, «Eskuak irekirik» delako erakundearen arabera, 2015ean 7.000 kristau baino gehiago hil dituzte.
Lehenengo irakurgaia eta bigarrena kontuan harturik, nola harritu triskantza horretaz. Jende asko da argia ikusi nahi ez duena.
Ebanjelioan, lehen begiratuan, beste giro bat nabari da. Jesus artzain on bezala ageri zaigu. Baina hor ere, pixka bat aztarrika eginez gero, garbi dakusagu mundua gaixotzen duen gaitza eta okerra. Jesusek bere burua agertzen du artzain on bakartzat. Beste asko agertu izan dira artzain bezala. Baina ez dute jokatu artzain on bezala. Jendearen zerbitzari izan ordez, jendeaz baliatzera jo izan dute.
Senideok, gaur bokazioen eguna ospatzen dugu. Lehenik eta behin, esan dezagun: bokazioa, ez da bakarrik apaiz edo erlijioso / erlijiosa izatekoa. Zu zeu, zarena zarela, zeure bokazioa bizitzen ari zara. Nola? Galdetu diezaiogun nork bere buruari, baina jarrera egiatia hartuz.
Halaz guztiz, ezin ahaztu dugu, Elizaren historia osoa izan direla lider batzuk. Modu berezian jendearen zerbitzari izateko hitza eman izan dutenak. Hitza nola bete izan duten, beste gauza bat da.
Baina, gaur, benetako liderrak eskatzeko eguna dugu. Erregutu diezaiogun Jesusi, bidal dezala bere Espiritua lider izateko berak aukeratu duen jendearen bihotzera: apaiz izan, erlijioso / erlijiosa izan, laiko izan. Modu batean edo bestean Jesusen berri emango duen jendea izan dezagula.
Zatoz, Espiritu Santua, eta bete guztion bihotza, kristau-elkarte sano, bizi eta osasuntsuak osatu ditzagun, berez bezala liderrak sortuko dituztenak.
DIONISIO AMUNDARAIN