Pazkoaldiko 4. igandea. B. 2015-04-26
Iragana, oraina eta gero
Orain aurreko igandeetan, Jesus berpiztua hainbat aldiz agertu izana gogoratu dugu. Igande honetatik eta Igokundea arte, San Joanen ebanjeliotik harturik, Jesusen eta kristauaren arteko hainbat harreman-mota kontenplatuko ditugu: artzain ona, mahatsondoa eta aihenak, agindu berria, apaiz-otoitza.
Ez da gauza erraza gaurko hiru irakurgaiek beren artean zein erlazio duten ikustea; izan ere, irudi desberdinak ageri dira: zimentarria, Jesusez hitz egiteko (1. irakurgaian); Aita eta seme-alabak, Jainkoaz eta gutaz hitz egiteko (2. irakurgaia); artzaina eta artaldea, Jesusez eta gutaz hitz egiteko (ebanjelioa). Beraien artean erlazio baten bila joz, Jesusen aldiaren eta gure aldiaren erritmoan ikusiko nuke bat.
Jesusen iragana eta oraina (Apostoluen Eginak 4,8-12)
Honen aurreko kontakizuna ezaguntzat ematen da. Pedro eta Joan tenplura doaz arratsalde erdiko otoitzerako, eta Ederra atean, gaixo bat aurkitu dute, lurrean etzana, limosna eske. Pedrok eskuin eskutik hartu, jaikiarazi eta sendatu egin du. Herria harriturik dela, Pedrok hitzaldi bat egin du, eta sendatze hori Jesusi leporatu dio (hitzaldi honen zati bat joan den igandean, B urtean, irakurri genuen). Apaizak, tenpluko arduraduna eta saduzearrak haserretu egin dira hitzaldi hori entzutean, eta biharamunean Batzarrera deitu eta galdaketa egin diote.
Pedroren erantzuna ulertzeko, gogoan izan behar dugu, judu batentzat izena pertsonaren parekoa dela. Jesusen izena Jesus bera da. Pedrok jaulki dituen hitz gutxi horietan, Jesusen iragana eta oraina laburbildu du ebanjelariak. Haren iraganak haren irudi guztiz pasiboa adierazten du: ez dira gogoratzen, ez haren predikua, ez haren mirariak. Soilik, judu-agintariek eta Jainkoak hari egin ziotena gogoratzen da. Agintariek ukatu egin zuten eta gurutzean josi; Jainkoak piztu egin zuen eta zimentarri bihurtu. Horretatik ateratzen da Jesusen oraina: hark sendatu du gaixoa, hark bakarrik senda gaitzake gu guztiok.
Kristauaren oraina eta geroa (Joanen 1. gutuna 3,1-2)
Lehen irakurgaia Jesusen iraganaz eta orainaz mintzo da. Bigarren irakurgai hau, berriz, gure orainaz eta geroaz. Gure oraina: Jainkoaren seme-alaba gara. Gure geroa: Jainkoaren antzeko izango gara. Haur bat jaiotzean, aitarekin, amarekin eta familiako besteekin zer antz duen bilatu ohi da. Gutun honen egilearentzat, Jainkoarekiko gure antza ez da oraindanik nabari den zerbait; gerora agertuko da. Baina horrek ez du esan nahi, ez garela jadanik egiaz Jainkoaren seme-alaba. Zer pena hau guztia kontuan ez hartzea. Kirolari sonatu baten edo modako kantari baten seme edo alaba bagina, guztiek egin nahi izango lukete argazki bat gurekin.
Jesusen oraina eta geroa (Joanen ebanjelioa 10,11-18)
Artzainaren irudia sarritan ageri da Itun Zaharrean errege bat adierazteko: mendekoekin duen erlazio zuzena sinbolizatzen du: ez du despotikoa izan behar, baizik mendekoen ongizateaz arduratua. Jesusek bere buruari egozten dio sinbolo hori, baina artzainengan iristen ez den muturreraino luzatuz. Egia da, soldatapekoa ez bezala, artzaina prest dagoela otsoaren aurka borroka egiteko artaldearen onerako. Baina ez da ohikoa ardiengatik hiltzeko prest agertzea. Ez da iristen horretaraino. Jesusek, berriz, honela dakusa bete egitekoa: haiengatik bizia emanez. Ez du gauzatzen hori derrigorrez, inork beharturik, baizik bere gogoz. Jakinik, eskaintzen duen bizi hori berreskuratu egingo duela. Eta hau ere ezin egin du egin artzain arrunt eta ohiko batek. Ebanjelioak, Jesus «artzain ona» dela esaten badu ere, esan beharra zukeen beste hau ere: ona eta erabat besterik ez bezalako artzaina. Ebanjelioaren pasarte honek garrantzi berezia eskaintzen dio Jesusen geroari ere: haren geroari beste ardi batzuei dagokienez, bila joan beharra eskatzen diotenei dagokienez, artalde bakar bat eta artzain bakar bat izan daitezen. Lurralde paganoetan eratuz joango ziren kristau-elkarteei eta gu guztioi egindako aipamena da.
Hiru irakurgaiak elkarrekin lotuz, Jesusek, artzain onak, salbatu egin gaitu eta Jainkoaren seme-alaba izatea lortu digu. Guri dagokigu haren ahotsa entzun eta egin digun mesedea eskertzea.
Jose Luis Sicre