HURBILDU ETA ELKAR EZAGUTU
Pazkoaldiko 4. igandea B (2015-04-26)

Lehen kristauen artean talde eta lider desberdinen artean gatazkak eta tirabirak hasi zirenean, norbaitek gogorarazi beharra sentitu zuen ezen Jesusen elkartean Jesus bakarrik dela Artzain ona. Eta ez dela hura artzain bat gehiago, zinezkoa baizik, benetakoa, guztiek eredutzat hartu beharrekoa.

Jesusen irudi eder hau, Artzain ona alegia, bihotz-berritzeko deia da, kristau-elkartean «artzain» titulua bere egin nahi luketenei zuzendua. Jesusen antzeko den artzainak bere ardiak bakarrik ditu gogoan, ez «du ihes egiten» arazoen aurrean, ez «ditu bertan behera uzten». Aitzitik, haien ondoan egongo da, defendatu egingo ditu, bereak eta bost jasaten du haiengatik, «bizia arriskatzen du» haiengatik.

Aldi berean, guztientzat haurride-elkartasunerako deia da irudi hori. Artzain Onak «ezagutzen ditu» bere ardiak, eta ardiek «ezagutzen dute» hura. Hurbiltasun hertsi hau, elkar ezagutze hau eta bihotzetiko elkartasun hau tarteko direla bakarrik parteka dezake Artzain Onak bere bizia ardiekin. Elkartasun honetara eta elkar ezagutze honetara behar dugu jo gaur egun ere Elizan.

Federako oso errazak ez diren egun hauetan, inoiz ez bezala da premiazkoa indarrak batzea, ebanjelio-irizpideak eta jarduteko ildo nagusiak elkarrekin bilatzea, zein norabide sortzaile hartu jakiteko, geroari begira egin nahi dugun ibilbidean.

Halaz guztiz, ez da hori gertatzen ari. Soilik, elkartasunean bizitzeko dei konbentzionalak egiten dira, baina elkarri entzuteko eta elkarrizketarako giroa sortze aldera urratsik egin gabe. Aitzitik, gero eta handiagoak dira deskalifikazioak eta ezbaiak gotzainen eta teologoen artean, joera desberdineko teologoen artean, ildo desberdineko mugimenduen eta elkarteen artean, era guztiko taldeen eta «blog»en artean…

Agian, ordea, hau da gauzarik tristeena: ikustea, egunetik egunera handituz doala hierarkiaren eta kristau-herriaren arteko leizea. Ematen du bi mundu desberdinetan bizi direla. Leku askotan, «artzainek» eta «ardiek» ozta-ozta dute elkar ezagutzen. Gotzain askok nekez dute sintonizatzen fededunen egiazko premiekin, beharrezkoak dituzten orientabidea eta arnasa eskaintzeko. Fededun askori zail gertatzen zaio beren artzainekiko afektua eta ardura sentitzea, beren problemetatik urrun daudela iruditzen zaielako.

Artzain Onaren Espirituaz beteak diren fededunek bakarrik lagundu diezagukete hain beharrezkoa dugun hurbiltasun-giroa sortzen, elkarri entzuteko, elkar errespetatzeko, elkarrizketa apalerako giroa sortzen.

Jose Antonio Pagola