Pazkoaldiko 4. igandea B (2015-04-26)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Artzain onaren igandea deitu ohi diogu gaurko honi. Hala agertzen digu Joan ebanjelariak Jesus: artzain on-on bezala.

Artzain ona! Askotan ageri da esapide hori Itun Zaharrean. Horrela agertu digu Mezaren hasieran ohar-egileak. Batez ere, azpimarratzekoa da Ezekiel profetak Jaunaren ahoan ezartzen duen hau: neuk jarraituko diet neure ardien urratsei, neuk aterako ditut leku ilunetik.

Segur aski, Jesusek ez zion eman bere buruari artzain on izena. Jesus hil eta hirurogeita hamar urte geroago idatzi zuen Joan delakoak ebanjelio hau. Garai hartan Jesusez zer iritzi zuten agertu nahi du Joanek. Eta Itun Zaharrean eta beste kulturetan erabili izan zen irudi eder hori leporatu zion Jesusi: artzain on-ona, artzain bikaina, artzain-eredua.

Batez ere, ordea, aparteko ezaugarri bat gehitu zuen Joanek, Jesusi artzain on deitzean. Jesus den artzain on-on horrek bere bizia eman du bere ardiengatik. Ordu arte inork ez zion eman horrelako ezaugarririk artzain onari. Jesusek bere bizia eman du.

Jakina, honekin, Jesusen zerbitzu-izaera azpimarratu nahi du Joanek. San Paulok ere bikain agertu zuen zerbitzu-izaera hori Filipoarrei egindako gutunean: Jainkoaren Semeak, dio Paulok, bere handitasuna alde batera utzi du, gizon ahul eta hilkor egin da, bere bizia eskaini du, gurutzean hiltzeraino.

Horra, senideok, zein dugun eredu, zeinengan dugun ezarria geure konfiantza, zein dugun sostengu geure bizitzako zerbitzu-egintzan.

Beldurra ematen digu begi aurrean horrelako eredu bat izateak. Alabaina, gure eredu hau ez da paretan ipintzen dugun irudi hil bat, irudi indargabe bat, irudi pasibo bat. Jesus, bizi den eredua dugu, gure urratsei ondo-ondotik jarraitzen die, bidelagun dugu.

Horixe sentitu izan dute Kristogatik bizia eman duten martiriek. Horixe sentitu zuen Oscar Romero El Salvadorreko artz-apezpikuak. Meza ematen ari zela hil zuten baino zenbait hilabete lehenago, hauxe utzi zuen idatzia: «Elkarte honen artzain naizenez, beharturik nago bizia ematera, maite ditudan guztiengatik, hau da, El Salvadorreko guztiengatik; baita hilko nautenengatik ere. Herio-mehatxuak gauzatzen badira, oraintxetik eskaini nahi diot neure odola Jainkoari, El Salvador salbatu eta piztu dadin».

Zaila da bizia ematea. Zaila gaixotasuna jasatea, Zaila izaten da, askotan, elkarrekin bizitzea. Zaila izaten da barkatzea.

Baina zoragarria da bizia. Eta Jesusen hitzetan, bere burua ematen duenak lortuko du bizia. Anima gaitzala Espiritu Santuak Jesus eredutzat hartzera. Eredu bizia da, eredu laguntzailea, eredu bizi-emailea. Jesus Jauna, zurekin bat egin nahi dut. Lagundu nazazu.

DIONISIO AMUNDARAIN

P.D. Azkenik, gaur misio-lurraldetako bokazioen eguna ospatzen dugu. Benetan kezkatzekoa izan beharko genuke arazo hori. Oraindik zenbat jende Jesusen berri jaso ez duena? Gaurko ebanjelioan berean esan digu Jesusek: baditut beste ardi batzuk, artalde honetakoak ez direnak. Horien guztien ardura leporatu digu kristauoi. Saia gaitezen bat egiten Jesusen asmo horrekin.