Erailak, baina bizirik betiko
Pazkoaldiko 4. igandea C
2016ko martxoaren 4a
Aden (Yemen).- Lau erlijiosa Karitateko Misiolari, Kalkutako ama Teresak sortutako Kongregazioko, lepo egin ditu gizon armatuen komando batek, komentuari gaur goizean eraso eginik, Yemengo Aden hirian.
7.000tik gora kristau erailik 2015ean
Hori da «Eskuak irekirik» izeneko giza eskubideen erakundearen kalkulua, kontuan hartu gabe Ipar Korean, Iraken eta Sirian pertsegituak, hauen daturik ez baitute.
Igande honetako lehen bi irakurgaiak irakurriko dituena ez da harrituko pertsekuzio hauek gertatzeaz. Nahasgarria, ebanjelioak agintzen duena da.
Iraintzea eta kanporatzea (Apostoluen Eginak 13,14.43-53)
Liturgiak alde batera utzi ditu 15-42 txatalak, nolabaiteko zentzugabekeria bat eraginez. 14. txatalaren bukaeran, esaten digu autoreak, Paulo eta Bernabe «eseri zirela»; eta berehalaxe gehitzen du «judu eta proselito asko beraiekin joan zirela». Horiek horrela, zertako eseri dira?
Testua moztu ez balute, garbi agertuko zen, larunbatean liturgian parte hartzeko eseri direla; handik pixka batera, hitz egitera gonbidatu dituztela, eta Paulok Israel herriaren historia labur bat egin duela, ondoren Jesusez hitz egiteko. Horrela, bai, horrela ondo ulertzen da, zeremonia bukatzean judu eta proselito asko apostoluekin joan izana. Baina, handik aste betera, sinagogara itzuliko direnean, oso bestelakoa izango da egoera. Juduek irainka erantzun diete Paulori eta Bernaberi. Geroago, juduek andere handiki jainkozaleak eta hiriko jauntxoak berotu zituzten, eta Pauloren eta Bernaberen aurka erasoaldi bat sortu eta beren lurraldetik kanpora bota zituzten (13,50). Beren txarrean, zorte ona izan zuten. Geroago harrika emango diote Paulori hildakotzat utzirik.
Martiritza eta garaipena (Apokalipsia 7,9.14b-17)
Kristautasunak, erromatar inperioan barna zabaltzen hasi zenean, laster egin zuen tupust erromatar agintarien eta jende xumearen aurkaritzarekin. Jainkorik gabeko jendetzat hartzen zituzten kristauak, kultua Jainko bakarrari ematen zion jendetzat askori eman ordez, jende moral gabetzat, enperadorearen etsaitzat, zeina Jauntzat aitortu nahi ez zuen jendetzat, etc. Errematea kasu askotan jende hori erailtzea izan zen: Pedroren, Pauloren eta beste batzuen kasua Neronen pertsekuziopean (hunkigarria da Tazito erromatar historialariak kontatzen duena, erailtzean erabili ohi zuten ankerkeriaz). Halaz guztiaz, Apokalipsiaren irakurgaiak ez du erdigune sufrimena, baizik eraildakoen garaipena.
Mehatxua eta betiko bizia (Joan 10,27-30)
Pertsekuzio-mota desberdinez, kanporatze, erailtze eta guzti, mintzo diren aurreko bi irakurgaiekin konparaturik, gaurko ebanjelioak lehen begiratuan oso biguna dela ematen du, idilikoa ia-ia: ardiak beren artzainekin, haren deia entzunez, hari jarraituz. Inolako zororik ez begi-bistan. Halaz guztiz, Jesusek bi aldiz aipatu ditu ardiak «nire eskuetatik» eta Aitaren eskuetatik «harrapatu nahi dituztenak». Ez dute arrakastarik izango. Baina mehatxua hor dago.
Ebanjelioa irribarretsu ageri diren lau erlijiosa horiei begira irakurtzen denean, oso ondo ulertzen da lehen zatia: Jesusen ahotsa entzun dute, jarraitu diote jende zokoratuenaren alde lan eginez. Eta, kontrastez, orobat ulertzen da bigarren zatiaren egia: erail dituzte (odolez zipriztindua ageri den gelaren argazkia ez da, ez idilikoa, ez erromantikoa), baina «ez dituzte harrapatu eskuetatik»; betiko bizia eman die Jesusek. Pazkoaren mezua da, XXI. mendean haragitua: heriotzatik bizira. Jainkoak eman diezagula behar den fedea beraren hitza sinesteko.
José Luis Sicre