Pertsegitua, goratua, misteriotsua
Jesusen hiru alderdi
Pazkoaldiko 3. igandea C 2019-05-05
Igande honetako irakurgaiek Jesusen hiru ezaugarri oso desberdin eskaini digute.
Jesus pertsegitua (1. irakurgaia: Eginak 5,27b-32.40b-41)
[Aldez aurretik ohar garrantzizko bat: Itzulpen liturgikoak kendu egin du gauza inportante bat: apostoluei emandako zigorra. Grekozko testuak dio: «Eta, apostoluak deitu eta zigorkatu ondoren, Jesusi buruz hitzik esatea zorrotz debekatu zieten. Ondoren, askatu egin zituzten» (Eginak 5,40)].
Irakurgai honetan, ez dute pertsegitu Jesus bera, baizik eta bere jarraitzaileengan pertsegitu dute. Duela egun batzuk Sri Lanka-n gertatua, Eginak liburuak kontatu duenaren bertsio zabala eta tragikoa da. Apostoluak bizirik utzi zituzten; Sri Lanka-ko kristau (eta ez-kristau) asko hil egin dituzte. Apostoluak pozik irten ziren Jesusengatik jasan zutenagatik; Sri Lancakoek beren hildakoez negar egiten jarraituko dute, kontsolamendu bakarra piztuera sinestea dutelarik. Pazkoa ospatzeak ez ditu ezabatzen kristau askoren zailtasunak eta larria munduan barna.
Jesus goratua (2. irakurgaia: Apokalipsia 5,11-14)
Gai honetaz aritu da Pedro, apaiz nagusiari esan dionean: «Jainkoaren eskuinak goratu zuen, buruzagi eta salbatzaile eginez». Kristo aintzatsuak azken egunetan agertuko duen ezaugarri hau garatu du Apokalipsi liburuak: «Hila izan zen Bildotsa, bada nor ahalmena, aberastasunak, jakinduria, indarra, ohorea, aintza eta gorespena hartzeko» (5,12).
Jesus misteriotsua (Ebanjelioa: Joan 21,1-9)
Laugarren ebanjelioak bi argitalpen izan zituen. Lehena 20. kapituluarekin bukatu zen. Geroago,ez dakigu zeinek, beste kontaera bat gehitu zion, gaur irakurriko duguna. Jada bukatua zen ebanjelio bati gehitu izanak, idazleak kontaera horri garrantzi berezia eman ziola adierazten du.
Hasiera harrigarri bat
Laugarren ebanjelioaren arabera, ikasleei agertu zaienean, astearen lehen eguneko ilunabarrean, esan die Jesusek: «Aitak ni bidali nauen bezala, hala bidaltzen zaituztet nik zuek». Baina ikasleek ez bide dute oso argi, ez nora bidaltzen dituen, ez noiz abiatu behar duten. Galileara itzuli dira, beren arrantzale-ogibidera; nolanahi den, jakingarria da Natanaelek, Kanakoak, ez duela bere herrirako bidea hartu; gainerakoekin gelditu da. Baina ez dira hamaika, baizik zazpi. Arrantzura joatea proposatu du Pedrok, eta agerian gelditu da beraren lider-gaitasuna: guztiek jarraitu diote, guztiak ontziratu dira… eta ez dute ezer ere harrapatu.
Iruzkingile batzuek Lukasen eta Joanen ebanjelioen arteko antzekotasun kuriosak nabarmendu dituzte. Gaurko pasarte honetan izango genuke haietako bat. Lehen lau ikasleen bokaziokoan ere gau osoa eman zuten arrantzuan, ezer ere harrapatu gabe, eta aski izan zuten Jesusen agindu bat arrantza ugaria lortzeko. Bestetik, Pedroren «Arrantzura noa» proposamenean, Jesusen hitzen oihartzuna nabari da: «Giza arrantzale egingo zaituztet».
Bi erreakzio: bulkadazkoa eta sinesteduna
Jarraian datorrenaren kontaera oso laburra da; esango litzateke, eszena imajinatzera eta falta dena osatzera gonbidatu nahi duela irakurlea. Kontrasterik markatuena, Jesusek hartaraino maite duen ikaslearen eta Pedroren artekoa da. Lehenak bat-batean antzeman dio Jesusi, baina ontzian gelditu da besteekin. Pedrok, Jesus dela burutik pasatu ere ez bazaio ere, jauzi egin du berehala urera, baina ez dakigu zer egin duen ertzera iritsi denean. Jesusek ere ez dio hitzik esan. Zain egon da Jesus guztiak iritsi arte, arrainak ekar ditzaten esateko; berriro, Pedro da ontzira igo eta sarea ertzeraino ekarri duena arrastaka. Bi protagonismo-mota ageri dira kontaera honetan: intuizioarena eta fedearena, Jesusek maite duen ikasleak agertua, eta ekintza bulkadazkoa, Pedrorena.
[Arrainen kopuruak, 153, teoria asko eragin ditu, baina ez da nagusitu bakar bat ere, Plinio Zaharraren arabera, ehun eta berrogeita hamahiru arrain-mota zeuden. Ebanjelariak esan nahi izango zuen, arrantzua mundu osora iritsiko zela, jende-mota guztiak besarkatuz. «Se non è vero, è bene trobato» (egia ez bada ere, ondo asmatua da).
Fedearen misterioa: segurtasuna ziurtasunik gabe
Ezustekorik handiena irakurlearentzat, eta kontaeraren mezurik garrantzizkoenetakoa, hitzak dira: «Ikasleetarik inor ez zen ausartzen nor zen galdetzera, ondotxo baitzekiten Jauna zela». Badakite, baina ezin esan dute ziur, haren itxura erabat bestelakoa delako. Lukasen eta Joanen ukiguneetako beste bat da hau. Biek azpimarratu dute Jesus berpiztua ezin ezagutua dela lehen begiratuan: Maria Magdalenak baratzezaintzat hartu du, Emausko bi ikasleak luze jardun dira berarekin zein den antzeman gabe, hamaikek lehen unean mamu bat dela uste izan dute.
Txikitan irakatsi ziguten apologetika merkearen aurrez aurre, zeinetan Jesusen piztuerak Pitagorasen teorema bezain frogagarria dela ematen baitzuen, ebanjelariak askoz ere sakonagoak dira eta ondraduagoak. Badakigu, baina ez gara ausartzen galdetzera.
Pedro berriro: apaltasuna eta misioa
Azken zatian, liturgian alde batera uzten ahal den horretan, Pedro da erdigune. Jesus ordezkatzeko egundoko misio edo zeregina hartuko du: Jesusen artaldea bazkatzea. Gaur egun, gotzain bat izendatu behar denean, Erromak txosten zehatza eskatu ohi du izangaiaren iritzi politikoez, abortuaz, ezkontza homosexualaz, emakumearen apaizgoaz… duen iritziaz. Jesusek ere aztertu du Pedro. Baina, soilik, beraren maitasunaz. Hiru aldiz ukatu du Pedrok, hiru aldiz erantzun beharko du, aitorpen hirukoitz bat eginez, guztiok geure buruari egozten ahal genizkiokeen hitz hauekin errematatuz: «Jauna, zuk dena dakizu, badakizu maite zaitudala». Saldukeriak, ahuldadeak eta guzti.
Eta Jesusek hiru bider errepikatuko dio misio berria: «bazka itzazu nire ardiak». Esaldi hau entzutean, Pedroren misioa etorri ohi zaigu burura berehala, eta ez diogu erreparatzen berekin duen berritasunari: «nire ardiak» delakoari. Herria artaldetzat emateko irudia gauza tipikoa da Itun Zaharrean, baina artalde hori «Jainkoarena» da. Jesusek, «nire ardiak» aipatzean, bere buruari egozten dizkio ahalmen eta aginpide horiek, Aitaren antzekoak diren horiek; askotan mintzo da laugarren ebanjelioa ahalmen eta aginpide horiez.
Azken gogoeta
Igande honetako irakurgaiak gaur-gaurkoak dira. Jesusi kristauengan egiten zaion odolezko pertsekuzioaz gain, bera isildu nahia nabari da, apaiz nagusiak egin nahi izan zuen bezala. Batzuetan, halere, arazoa ez da Jesusez hitz egitea debekatzen digutela, baizik eta ez dugula hartaz hitz egiten beldurrez edo lotsaz.
Beste batzuetan zail gertatzen zaigu, kasik ezinezko, Jesus ikustea begi-bistan dugun pertsonagan. Edota Apokalipsi liburuak dakarren Jesusen garaipena onartzea. Irakurgaiek gogoeta egitera eta otoitz egitera gonbidatu gaituzte, Jesus berpiztuaz dugun esperientziaren arabera bizitzeko.
José Luis Sicre