Pazkoaldiko 3. igandea C (2016-04-10)
HOMILIA
Anai-arrebok!
San Joanen ebanjelioa testigu bikaina dugu alde askotatik.
Batetik, kristau-elkarte baten biziera eta eboluzioa adierazten dizkigu. Ebanjelio horrek, lehen idazketan, 20. kapituluan zuen bukaera. Geroago, ez dakigu noiz, 21. kapitulua gehitu zioten. Zer gertatu zen hau gehitzeko? Ba, elkartearen lehen bizialdian, kristau-elkarte hura bere gisa bizi zela; beste kristau-elkarteekin loturarik gabe. Baina elkartearen arduraduna konturatu zen, elkarte ez zihoala ebanjelioaren bidetik. Hala, 21. kapitulua gehitu zion. Hasiera batean, pertsona baten edo gehiagoren inspirazioari eman zioten garrantzia kristau-elkarte hartan; axolatu gabe kristau-elkarte guztien loturaz: «denak bat izan daitezela» esana zuen Jesusek. Horregatik, gehitutako 21. kapituluan, Pedro aitortu dute kristau-elkarte guztien buru, kristau-elkarte guztien lotura egiteko.
Bistan da, honek badu bere garrantzia gaur egun ere. Kristau-elkarte guztien buru hartzen dugu aita santua. Kristau-talde bat ezin bizi da bere gisa, besteak kontuan hartu gabe.
Bigarren, bada gaurko ebanjelio honetan esaldi garrantzizko bat. Jesus agertu zaie ikasleei. Baina ez zaie agertu zuek ni ikusten nauzuen bezain argi. Beste era batean agertu zaie. Berpiztu bezala. Ez fisikoki. Halere, esaldiak dio: «Ikasleetako inor ez zen ausartu Jesus berpiztuari nor zen galdetzera, ondo asko baitzekiten Jauna zela». Esaldi horren arabera, alde batetik ematen du ez zutela hain argi Jesus zela; bestetik, bazekiten Jauna zela. Jakite desberdinak izaten ditugu geure bizitzan: adibidez, badakit nik gure gurasoak elkarrekin bizi zirela, etxe berean etab.: hori begiz ikusten nuen; bestetik, badakit nik elkar maite zutela: hori ez nuen ikusten begi fisikoez, baina «ikusi» egiten nuen barneko begiez. Ikasleek ere Jesus ez zuten ikusten fisikoki; baina «ikusi» egin zuten barneko begiez Jauna zela.
Lehen begiratuan, Jesus berpiztua ezagutezina zen: Maria Magdalenak baratzezainarekin nahastu zuen; Emausko bi ikasleek ez zuten ezagutu hasiera batean; gero, ogia zatitzean antzeman zioten. Gaurko ebanjelioko ikasleei ere horrelako zenbait gertatu zaie. Hasiera batean, ikasle maiteak bakarrik ezagutu du Jesus berpiztua; ikasle maiteak esan duenean ezagutu du Pedrok.
Senideok, Jesus berpiztua ezagutzeko batak bestearen laguntza behar dugu. Seinaleak eta ezaugarriak ikusteko erne bizi beharra dugu.
Hirugarren eta azkenik, Pedroren aitorpena. Jesusek bere kristau-elkartean kargu handia eman nahi dio Pedrori. Aurretik, ordea, azterketa bat egin dio. Ez dio galdetu titulu handiak ote dituen, diru asko ote duen… Maitasunik ba ote duen galdetu dio: «Simon, maite al nauzu». Eta hiru aldiz galdera bera. Nekaldikoan hiru aldiz ukatu zuen Pedrok Jesus. Hiru aldiz galdetu dio orain maite ote duen. Orduan eman dio Jesusek Pedrori kargua: zaindu itzazu nire ardiak.
Segur aski, ikasle maiteak bihotz finagoa zuen: beste inor baino lehenago konturatu zen Jesus zela agertu zitzaien hura. Halere, Pedro ezarri zuen Jesusek kristau-elkarte guztien buru. Eta kargu hori zer den, kargu hori nola bete behar duen adierazteko, ez zion eman liburu handi bat. Hauxe bakarrik esan zion Jesusek Pedrori: «Jarraitu niri».
Senideok, «jarraitu niri» horixe dugu geuk ere geure kristau-ikasbidea. Jesusi jarraitzeko bidea. Argitu eta lagundu gaitzala Jesusen Espirituak, begi erneak emanez, Jesusen seinaleei begira azti-azti bizitzeko.
Dionisio Amundarain