BAZKOKO HIRUGARREN IGANDEA B

Lehen irakurgaia

( Jainkoak eman dio bere aintza Jesus bere zerbitzariari )

Apostoluen Egintzetarik 3, 13-15. 17-19

Herri guziaren aitzinean, Petri mintzatu zen:
“ Izraeldarrak,
13 Abrahamen, Izaaken eta Jakoben Jainkoak, gure arbasoen Jainkoak
aintzaz bete du Jesus bere zerbitzaria,
zuek buruzagien eskuetarat eman duzuena:
Pilatoren aitzinean ukatu duzue, Pilatok libratu nahi zuelarik.
14 Saindua eta zuzena zena , zuek ukatu duzue
eta hiltzaile baten libratzea eskatu
15 Biziaren sorburua hil duzue;
bainan Jainkoak hilen artetik piztu du: gu gira horren lekuko.
17 Badakit, haurrideak, ezjakinean ari izan zireztela,
zuen buruzagiak bezala.
18 Bainan horrela bete du Jainkoak
profeta guzien ahoz aitzinetik iragarria,
haren Mesiasek sofritu beharko zuela.
19 Bihozberri zaitezte, beraz, eta itzul Jainkoaganat,
zuen bekatuak ezeztatuak izan ditezen.

Egun hartan Petri eta Joani tenplorat sartzen ari ziren. Horra enbaldi bat, eske dagona, ate
aitzinean. Petrik erraiten dio : « Urrerik edo zilarrik ez dut ; dutana emaiten dauzut : Jesu Kristo
Nazaretarraren izenean, ibil zaite ! » Jauzian gizona xutitu zen, eta tenploan sartu, Jainkoa goresten
zuela.
Hori ikusi eta, jendeak erne daude zer den holakorik. Petrik erraiten diote ez duela hori bere
baitarik, bere ahalaren bidez egin : Jesusek sendatu du enbaldia. Entzuleak Mesiasen beha zauden
aspaldian. Profeziak ezagutzen zituzten. Bainan nola sinetsaraz profezia horiek Jesusi buruz
idatziak izan zirela.
Hutsa, Petriren arabera, Jesus hobengabea hiltzea izan da. Ezjakinean, egia erran : « Badakit,
haurrideak, ezjakinean ari izan zireztela, zuen buruzagiak bezala. » Nola behar zuten jakin ?
Mesias izan balitz, erakutsiko zuen. Bainan frogarik ez zuen eman. Hoin itsuski hiltzea bera ere
kontra zuen. Jainkoak igorria izan balitz, nola behar zuen bere-ber utzi bere etsaien eskuetan ?
Hor ziren bai, Izairen liburuan « Zerbitzariaren kantak ». Bainan nork sinets Mesias
« zerbitzari » izanen zela, eta ez errege ? Nola onar sofritu behar zuela ? Izai beste norbaitez ari zen,
hain segur : « Ez zuen molderik ez edertasunik, ez begientzat itxura erakargarririk, maita ginezan.
Mespretxatua zen, eta jendeek baztertua, oinaze-gizona, sofritzen ikasia, bere aurpegia estaltzen
duena iduria. Mespretxatua, kasurik ere ez diogu egin. » (Is 53,2-3) Bainan kanta horrek berak
dio : « Handienen artean ezarriko dut, eta boteretsuekin ukanen du garaipen-saria, bere burua
heriotzeari eman baitio, eta hobenduntzat utzia izan baita, guzien bekatuak bere gain hartu eta
bekatarien alde ari zelarik. » (53,12)
Ez da harritzeko testo hau biziki argigarri izan balinbazen lehen girixtinoentzat. Gertakariak
iragan ondoan juduek konpreni zezaketen. Nola-nahi ere, Jainkoak barkatzen diote beren
itsumendua : “Aita, barka zozute, ez baitakite zer ari diren.” Itzul ditela orai Jainkoari buruz,
hortako beti ordu baita: Petriren predikua dena hortan da.
Salmoa 4
Leloa: Ager zuk, Jauna, begitartea, zure argia, zure bakea.
Deika nagozu, Jauna, zu zaitut beti lagun:
Urrikal nitaz, nere oihua, otoi, entzun!
Jendek diote: “ Nork emanen, nork zoriona?”
Begitartean duzun argia ixur, Jauna!
Etzan orduko bake osoan naiz lokartzen,
Zuhauk fidantzan bainauzu, Jauna, ni finkatzen.
Bederatzi bertsetetako salmo labur hunek Juduen fedea arras ontsa erakusten dauku :
– Izrael herriaren fedea konfiantxazkoa da : ”Zu zaitut beti lagun.” “Etzan orduko, bake osoan naiz
lokartzen, Zuhauk fidantzan bainauzu, Jauna, ni finkatzen.”
– Konfiantxa horrek zimendu sendoa badu : Jainkoa libratzailea dela. Salmo hunen hitzak elgarri
josten dituen haria hori da. Izraelen esperientzia da : Jainkoak Egiptoko esklabotasunetik libratu du.
Faraonaren aztaparretarik atera badu, beste esklabotasun batean estekatuko ote du berak ?
Zorigaitzez Moisen Legea, libertatearen sustatzaile beharra, zapatzaile bilakatuko da mendeen
joanean. Jesusen izenean, Jondoni Paulok erran beharko du : « Zinez libre izaiteko libratu gaitu
Kristok. Beraz, atxik ! Ez jar berriz esklabotasunaren buztarripean. » (Ga 5,1)

Bigarren irakurgaia

( Kristo, gure bekatuen gatik eskainia )

Jondoni Joaniren lehen epixtolatik 2, 1-5

1 Nere haurtxoak, izkiriatzen dautzuet bekaturik egin ez dezazuen.
Bainan, norbaitek bekatu egiten badu,
badugu Laguntzailea Aitaren aitzinean: zuzena den Jesu Kristo.
2 Hura da gure bekatuen ordaintzeko eskaini oparia,
eta ez gureak bakarrik, bainan mundu guziarenak ere.
3 Hura ezagutzen dugula, huntarik dakigu:
haren manamenduak begiratzen baditugu.
4 “ Ezagutzen dut” erran ,
eta haren manamenduak betetzen ez dituena gezurtia da:
egia ez da haren baitan.
5 Haren hitza betetzen duenaren baitan, berriz,
Jainkoaren maitasuna zinez bere beterat heldua da.

Jondoni Joanik, hemen, hiru egia erakusten ditu ehiaz :
– Denak bekatorosak gira. Denek bi alde baditugu : argialdea eta itzalaldea. Gutarik bakotxak erran
dezake Paulok idazten duena : “Ez dakit zer ari naizen! Nahi dutana ez dut egiten, eta hastio
dutana, hura dut egiten.” (Er 7,15) Eta Joanik : “Badakigu…mundu osoa gaixtoaren esku dagola.”
(1 Jn 5,19). Eta gutun berean : “Bekaturik ez dugula erraiten badugu, guhauren burua errebelatzen
dugu, eta egia ez da gure baitan.” (1 Jn 1,8)
– Bainan ez da hori Bibliak emaiten daukun berri handia, bekatorosak girela, hori errexki ikusten
baitugu guhaurek. Berri pozgarria hau da : barkatuak girela. Kurutzatzen dituen guzieri Jesusek
erraiten diote : « Barkatuak dituzu bekatuak. » Gizona hobendun delako sendimendutik, barkatua
delako sendimendura erakartzea izan da Bibliaren mezu garrantzitsuenetako bat. Hala nola 50.
salmoan : « Aitorzen dut bai neure bekatua, begien aitzinean dut beti neure hobena. » (hobendun
sendimendua). « Ken nere bekatua, eta garbi izanen naiz ; ikuz nezazu, eta elurra baino xuriago
izanen naiz. » (barkamen sendimendua).
– Barkamendu hori Jesusen bidez ardiesten dugu : « Norbaitek bekatu egiten badu, badugu
laguntzailea Aitaren aitzinean : zuzena den Jesu Kristo. » Ez da gehiago kabalen odolaren beharrik
Jerusalemeko tenpluan. Jesusek gaitu salbatzen bere odola gure maitez ixurtzerainokoan.
Eukariztian erraiten ditugu Jesus beraren hitzak : « Hau ene odola da, Elkargoaren odola, denentzat
ixuria, bekatuen barkamendurako. » (Mt 26,28)

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Hiletarik piztu Jauna bere apostolueri agertu zaiote
Eta bere bakea eman diote

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 24, 35-48

Emauzetik itzuli ziren dizipuluek
hameka Apostolueri eta heien laguneri kondatu zioten
35 zer gertatu zen bidean, eta nola Jauna ezagutu zuten
ogia zatitu zuenean.
36 Hola mintzo zirela, Jesus bera heien erdian gertatu zen,
eta erran zioten: “ Bakea zueri!”
37 Beldurrez ikaran, izpiritu bat ikusten zutela uste zuten.
38 Jesusek erran zioten:
“ Zergatik durduzatuak zirezte?
Zer ditutzue duda horiek zuen baitan?
39 Ikus nere eskuak eta oinak: Ni naiz!
Hunki nezazue eta beha: izpiritu batek ez du haragirik ez hezurrik,
eta nik bai, ikusten duzuen bezala.”
40 Hori erraitean, eskuak eta oinak erakutsi ziozkaten.
41 Beren bozkarioan, ezin sinetsiz harriturik zauden.
Jesusek erran zioten:
“ Baduzue hemen jatekorik ?”
42 Arrain erre puska bat eskaini zioten.
43 Jesusek hartu eta heien aitzinean jan zuen.
44 Gero erran zioten:
“ Huna zer nauzuen erraiten, zuekin nintzalarik oraino:
Moisen legean, Profetetan eta Salmoetan
nitaz izkiriatu guzia bete beharra zela.”
45 Orduan, adimendua ideki zioten,
Liburu Sainduak konpreni zitzaten.
46 Eta erran zioten:
“ Idatzia dago Mesiasek sofrituko zuela,
hirugarren egunean hilen artetik piztuko zela,
47 bai eta Jerusalemetik hasirik, nazione guzieri
haren izenean predikatuko zaiela
bihozberri daitezen, bekatuak barka dakizkioten.
48 Zuek zirezte horren lekuko.”

Biblia guziaren gakoa testo huntan aurki dezakegu : « Nitaz izkiriatu guzia bete beharra
zen. » Biblia osoan segi daiteke Jainkoaren asmo miresgarriaren haria. Eta Jainkoaren asmoa
historian zabaltzen bada, horrek erran nahi du gizadiaren historiak norabide bat baduela. Ez dugu
beraz etsitzekorik. Fededunak etorkizunari buruz itzuliak gira, ez gibelerat so.
Bibliak erraiten dauku ere Jainkoak gizadian lankideak bilatzen dituela. Izrael izan da
lankide hautatua, eta eginkizun hortan jarraitzen du, Jainkoak ez baitu sekula hitza jaten, Izrael
ardura desleial izan bada ere. Kristo gizon egin denetik, haren baitan sinesten dugun hok ere
misione hortan Izrael laukatzen dugu. Guk ere Jainkoaren mezu maitasunezkoa mezutzen dugu.
Kasu haatik! Jainkoaren asmoa aipatzearen aipatzeaz, zer bilakatzen da gizonaren libertatea?
Hain xuxen, Izraelek argitan eman duena da Jainkoa ez dela gider guzien jabe. Gizonak badu bere
egitekoa bere historian. Ez da dena aitzinetik idatzia. Jainkoak libertatea uzten dauku. Jondoni
Petriren arabera, hortako du Jainkoaren xedeak holako beranta biltzen : “Jauna ez da hitzeman
duenaren berantzen ari, batzuk hala uste badute ere; gertatzen dena da pazientzia baduela zuekin,
ez baitu nehoren galtzerik nahi, denen bihozberritzea bai.” (2 P 3,9) Jainkoaren pazientzia luzea
da…
Jesusez izkiriatu guzia “bete beharra zela”… “behar” horrek halako ezin-egon bat emaiten
dauku. Hain segur konprenitzen ez dugulakotz mendeka eta milurteka gizadiak zohitu behar duela,
noizbait Jaunarekin bat egiteko. Ikuspegi hortan heriotzeaz bestalderat ereman gintzan, Jesusek
heriotzean pasatu behar zuen, herraren gainetik pasatzeko amodioaren bidez, berak behar zuen
herrarekin buruz buru egin. Bere eta gure Aita ezagutarazteko, Jainkoaren egiazko begitartea
erakutsi behar zaukun bere gizon begitartean : “Ni ikusia nauenak Aita ikusia du.” (Jn 14,9).
“Behar” hortaz, Jesusek berak Pilatori erran zion : “Sortu eta mundura etorri naiz egiaren lekuko
izan nadin.” (Jn 18,37)