Pazkoaldiko 3. igandea B (2015.04.19)
HOMILIA
Anai-arrebok, Pazkoaldian aurrera goaz. Gaurko hiru irakurgaietan, bihotz-berritzea eta barkazioa ageri dira muin edo mami bezala. Batez ere, Jainkoagan konfiantzarik ez izatea edota konfiantza eskasa izatea da bekatua. Konfiantza hori izateko dei dira hiru irakurgaiak, funtsean.
Alde horretatik, oso esanguratsua da gaur Kolonbian bizi den jesuita batek bidali digun gogoeta hau. Unamunoren testigantza bat aipatzen digu. Bilbon jaioa zen Unamuno. Salamancan irakasle gero. 1936eko abenduaren 31n hil zen. Bere hilobian esaldi hau ezartzeko eskaria utzi zuen:
«Sar nazazu, betiereko Aita, zeure bularrean, sukalde misteriotsu horretan, hor lo egingo dut, zeren lur jota bainator hainbat lan egin behar izatetik. Soilik eskatzen diot Jainkoari, izan dezala errukia ateo honen arimaz»
Esaldi horretan aipatzen duen lan handi hori, bizitza osoan bizi izan duda ikaragarria da. Fedearen eta fede-ezaren arteko borroka bizia bizi izan zuen.
Gaurko ebanjelioa ere, duda-mudez beterik bizi diren ikasleez mintzo zaigu. Elizan historia guztian Unamuno asko bizi izan dira. Unamunok berak, nobela batean apaiz bat deskribatzen digu: apaiz oso ona, baina Kredoan «sinesten dut [Kristo] hirugarren egunean hilen artetik piztu zena» esateko mementoan, isildu egiten zen. Gutako zeinek ez ditu izan horrelako dudak?
Jesusez ebanjelioek diotena dugu arma bakarra duda-muda horien kontra: Zergatik zarete hain beldurti? Ni neu naiz. Zuekin Galilean barna ibili nintzena. Gurutzean hil nindutena. Baina Jainko Aitak piztu nauena. Bizia baita garaile, eta ez bekatua, ez gaitza, ez zuzengabekeria. ez gorrotoa, ez egoismoa. Biziak du azken hitza.
Deabruak hartua zuen semea Jesusek sendatu zion aita hark bezala, ez dugu geuk ere beste erantzunik: Sinesten dut, baina handitu nire fede hau. Ikusi zuenaren aurrean, ez zekien zer egin aita hark: sinestea kostatzen zitzaion; ez sinestea zorakeria iruditzen zitzaion. Irtenbidea Jesusen eskuetan utzi zuen: handitu iezadazu neure sinesmena.
Senideok, une ilunetan, jo dezagun inoiz baino lehiatsuago Jesusengana: Lagundu, Jauna, zugan konfiantza izan dezadan. «Sinetsi nahi dut! Lagundu sinesgabe honi» (Mk 9,24).
DIONISIO AMUNDARAIN