BAZKOKO HIRUGARREN IGANDEA A
Lehen irakurgaia

( Petrik Kristo hiletarik piztua iragartzen )

Apostoluen Egintzetarik 2,14 . 22-32

Mendekoste egunean,
14 Petrik, hameka Apostoluen artean xutik, ozenki erran zuen:
“ Juduek eta Jerusalemen bizi zirezten guziek,
konpreni zer gertatzen den hemen, entzun nik errana:
22 Nazareteko Jesus, Jainkoak zuen aitzinean sinesgarri egin zuen,
haren bidez mirakuiluak, miragarriak eta ezaugarriak eginez,
denek dakizuen bezala.
23 Jainkoak asmatu eta aitzinetik hartu erabakiaren arabera,
gizon hura eskuetarat emana izan zaitzue
eta zuek hil duzue, gurutzean itzaturik paganoen eskuz.
24 Bainan Jainkoak piztu du, herioaren oinazeetarik libratuz,
ez baitzezakeen herioak bere menean atxik.
25 Alabainan, Dabidek hartaz dio:
Beti begien aitzinean naukan Jauna;
nere eskuinaldean dago, ez nadin kordoka.
26 Horrengatik zorionean daukat bihotza,
bozkarioz kantari mihia, esperantzan lasai gorputza:
27 ez bainauzu hilen egoitzan ahantziko,
zure fededuna ez duzu usteltzera utziko.
28 Bizirako bidea erakutsi dautazu,
zure aitzinean zorionez beteko nauzu.
29 Haurrideak, argi eta garbi mintzatu behar nitzaizue:
Dabid gure arbasoa hil zen, eta ehortzi zuten,
eta hor dugu gaurdaino haren hilobia.
30 Bainan profeta zen eta bazakien
Jainkoak zin eginez hitzemana ziona:
haren odoleko bat ezarriko zuela haren tronuan.
31 Beraz, aitzinetik ikusi zuen Kristo piztuko zela,
eta huntaz erran zuen:
Ez du Jainkoak hilen egoitzan ahantziko
eta ez da haren gorputza ustelduko.
32 Jesus hori Jainkoak piztu du: gu guziak, lekuko gira.
33 Jainkoak bere eskuinalderat altxatu duelarik,
Aitarenganik ukan du hitzemana zen Izpiritu Saindua,
eta gure gainerat ixuri:
hori duzue ikusten eta entzuten orai.”

Petri hoin beldurtia Jesus hil aitzin, hemen milaka jenderen aintzinean beldurrik gabe mintzo
da. Izpiritu Sainduak bere indarraz bete du. Gogorat heldu da Paulok zioena : “munduan ahul zena
du Jainkoak hautatu azkar zenaren garraitzeko.”
Petrik, aitzinean duen jendea ikusiz, kristoren piztea testamendu zaharraren segidan doala nahi du
erakutsi. Bizkitartean juduek ez dute denek Petri segitzen, Mesiasez duten itxura ez delakotz
Jesusek eman duen itxura. Gizonen ikusteko manerak ez baitira Jainkoarenen berdinak. Jainkoa
“arras bertzea!”

Salmoa 15

Leloa: Bizirat doan zure bidea erakuts, Jauna !

Zaude nere zain, Jainko Jauna,
zuri bainago, zuri, dena.
Zu zare bai zu, nere Jauna:
nik zu gabe non zoriona?
Jauna, zu zaitut ondorio,
eta biziko bozkario.
Zuk eman hori ez galtzeko,
zuhaur beti zain zagozkio.
Nik zer eskerrak Jainkoari,
betitik baitut aintzindari.
Bihotza daukat gauaz ari:
hago Jaunaren erranari!
Biziko urrats guzietan,
Jauna dut beti aintzinean.
Egoiki baitzait eskuinean,
nork nau joko ni, nork sekulan?
Bihotza dut nik lorietan,
zer boza dudan nere baitan!
Gorputza ere, zer bakean,
pausatuko zait hilobian.
Nere arima duzulako
zuk ifernutik aterako
Zure den huni ez ez zaio
bere gorputza ustelduko.
Bizirat nauzu lagunduko
gozo nasaiez han beteko.
Zure ondoan zuhauri so, `
zer zoriona sekulako.

” Zu zare bai zu, nere jauna: nik zu gabe non zoriona? …Bihotza dut nik lorietan, zer poza
dudan nere baitan.” Hori da bere bizi guziaren erdi erdian Jainkoa emaitea. Denek zoriona dugu
helburu, bainan zorion horren iturri ez dugu Jainkoa emaiten, eta askotan, egiazko zorionaren itzala
baizik ez dugu eskuratzen.
Nahiz persona partikular baten otoitza dugun hemen iduriz, Izraelgo populu osoaren otoitza
da hau. Beti hola da salmoetan.
“Zure den huni ez zaio bere gorputza ustelduko.” Erran nahi ote du hor Kristo dela aipatua,
hunen piztea aldarrikatua ?

Bigarren irakurgaia

( Kristo hiletarik piztuaren baitan du gure biziak bere norabidea )

Jondoni Petriren lehen epixtolatik 1,17-21

Haurrideak,
17 Aita deitzen duzue, neholako berexkeriarik gabe
bakotxa bere egintzen arabera jujatzen duena.
Bizi zaitezte beraz Jaunaren beldurrean, mundu huntan zirezteno.
18 Badakizue, aitzinekoenganik zinuten
bizimolde zentzugabetik libratuak izan zireztela,
ez gauza joankorrez, urre edo zilar,
19 bainan, Bildots itzalik gabekoa eta garbia den
Kristoren odol baliosaz.
20 Mundua egin baino lehen, Jainkoak hautatua zuen,
eta azkenak diren denbora hauetan agertu du zuen onerako.
21 Haren bidez duzue sinesten
hilen artetik piztu eta ospez bete duen Jainkoa baitan;
hola, zuen fedea eta esperantza
Jainkoaren baitan ezarriak dituzue.

Lehen irakurgaiak, Petrik mendekoste goizean erran zuena dakarkigu. Aitzinean zuen jendea
judu jendea zen eta haieri Testamendu Zaharretik abiatuz zen mintzo. Oraiko testu hau lehen
pagano eta ez judu zireneri buruz doa.”Bizimolde zentzugabetik libratuak izan zireztela…” Ez zuen
sekula hori Petrik judueri erranen. Populu hori betidanik, bere itzal guzien gatik, Jainkoari itzulia
egon baita.
” Bizi zaitezte Jaunaren beldurrean…” Biblian “beldurra” hitzak erran-nahi berezi bat du :
errespetua. Jainkoa “aita” bezala agertu da profeten aho-mihietan.
“Libratuak izan zirezte…Kristoren odol baliosaz.” Odol hori ez da zerbait ordaintzeko ixuria
izan, merkatu batean ikusten diren erospenen iduriko zerbait. Jainkoak urririk, dohainik gaitu
salbatu. “Mundua egin baino lehenagoko Jainkoak egin hautuaren…”ondorioa da librantza hori.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia.

Liburu Saindu guziak guri argi, Jauna,
Bihotza sutan entzun dezagun zure Hitza.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 24,13-35

Jesus hil eta hirugarren egunean,
13 bi dizipulu bazoatzin Emauz deitu herrixka baterat,
Jerusalemetik bi orenen bidean,
14 Eta elkarrekin mintzo ziren Jerusalemen gertatu guziez.
15 Solasean eta eztabadan ari zirela,
Jesus bera hurbildu zitzaioten, eta heiekin batean zoan.
16 Bainan heien begiak itsu zauden, eta ez zuten ezagutzen.
17 Jesusek erran zioten:
“ Zertaz mintzo zinezten bidean?”
Orduan gelditu ziren, begitartea ilun.
18 Bietarik batek, Kleofas deituak, ihardetsi zion:
“ Jerusalemen zirenetarik bakarra bide zira,
egun hauetako gertakarien berri ez dakiena.”
19 Jesusek erran zioten:
“ Zer gertakari ?”
Heiek ihardetsi:
“ Nazareteko Jesusi gertatua:
gizon hori profeta ahaltsua zen egitez eta hitzez,
Jainkoaren eta herri guziaren aitzinean.
20 Apezburuek eta gure buruzagiek eman dute,
hiltzera kondenatzeko, eta gurutzefikatu dute.
21 Guk uste ginuen, harek zuela libratuko Izrael.
Bainan, horiek hola, horra hirugarren eguna hori gertatu dela.
22 Egia erran, gure arteko emazte batzuek harritu gaituzte:
goizean goizik joan dira hilobirat
23 eta haren gorputza ez dute aurkitu;
bainan etorri zaizkigu erranez agertze bat izan dutela:
aingeruak, Jesus bizi dela baitzioten.
24 Guretarik zenbait hilobian izan dira
eta emazteek erran bezala aurkitu dute guzia:
bainan bera ez dute ikusi.”
25 Orduan, Jesusek erran zioten:
“ Oi zentzugabeak! Zein nagia den zuen bihotza
profetek erran guzien sinesteko!
26 Mesiasek ez ote zituen horiek guziak jasan behar
bere aintzan sartzeko? ”
27 Eta Moisenganik hasi eta profetaz profeta
Liburu sainduek hartaz erran guzia argitu zioten.
28 Zoatzin herrixkarat hurbildu zirenean,
Jesusek urrunago joaitera egin zuen.
29 Bainan geldiarazi beharrez ari zitzaizkion, ziotela:
“ Zaude gurekin, iluntzera doa, eta eguna jadanik apaldua!”
Eta sartu zen heiekin egoiteko.
30 Mahainean heiekin jarri zelarik,
Jesusek ogia hartu zuen, benedikapen-otoitza erran,
zatitu , eta heieri eman zioten.
31 Orduan begiak ideki zitzaizkioten, eta ezagutu zuten;
bainan Jesus itzali zitzaioten.
32 Elkarri erran zuten:
“Ez ginuena gure baitan bihotza sutan,
bidean mintzo zitzaikularik, Liburu Sainduak argituz? ”
33 Eta berehala altxatu ziren eta Jerusalemerat itzuli.
34 Han hameka apostoluak eta hauen lagunak
bildurik aurkitu zituzten, ziotela:
35 “ Egia da! Jauna piztu da eta Zimuni agertu zaio.”

Bi dizipuluek bidean gertatua kondatu zioten,
eta nola ezagutu zuten ogia zatitzean.
“Bainan heien begiak itsu zauden , eta ez zuten ezagutzen.” Hori Jesus mintzatu aitzin. Jesus
entzun eta ogiaren zatitzea ikusi ondoan : ” Orduan begiak ideki zitzaizkioten, eta ezagutu zuten.”
Eta zergatik ideki dira haien begiak? Jesusek Idatzi Sainduak esplikatu baitiozkate, Mois-etik haste,
Jesusez errana zen guzia argituz. Jesus Historia Saindu guziaren bihotzean da eta Liburu Sainduak
ez dira ulertzen hori ez bada onartzen.
Huna zer dioen Paulok: ” Bainan ilundu zitzaioten adimendua israeldarreri, eta gaur oraino
Testamendu Zaharra irakurtzen dutenean, hor daukate estalki hura, Kristok bakarrik ken baitezake.
Bai, gaurdaino, Moisen liburuak irakurtzen dituztenean, estalki hura adimenduaren gainean
daukate. Jaunarenganat itzultzen denari bakarrik kentzen zaio estalkia. Alabainan, Jauna Izpiritu
da, eta Jaunaren Izpiritua non, libertatea han” (2 Ko 3,14-17)
Bizkitartean Testamendu Zaharra ez da bakarrik Testamendu Berriaren preparatze bat.
Bertzalde, bere baitan badauka bere balioa. Jainkoak bere populuarentzat duen amodioaren lekuko
da.
“Mesiasek ez ote zituen horiek guziak jasan behar bere aintzan sartzeko?” Lehen irakurketa
batean iduri luke dena aitzinetik erabakia zela, gertatu dena Jesusek bazakiela iragan diren bezala
zirela gauzak iraganen. Gisa hortan Jesusek guretzat bildu mereximenduez mintza ditaike.
Irakurketa hori ez da xuxena. Jainkoa Amodio da eta emaiten daukuna kitorik edo dohainik dauku
emaiten.
Jesusek diolarik Mesiasek “horiek guziak jasan behar zituela”, horrek erran nahi du
hortaraino apaldu behar zuela, sofritu dituen guziak sofritu dituela gizoneri erakusteko noradino
doan Jainkoak guretzat duen Amodioa.
Hemen ikusten da bi Testamenduak zenbat elkarri lotuak diren.” Eta Moisenganik hasi eta
profetaz profeta Liburu Sainduek hartaz erran guzia argitu zioten” Eta ogia zatitzean zuten ezagutu,
erran nahi baita, bere izaite osoa gizonari emaiten dion egintzan