Pazkoaldiko 3. igandea A 2017-04-30
HOMILIA

Anai-arrebok!

Entzun dugun ebanjelio-zatia oso ezaguna da, eta esanahi handikoa. Jesusen ikasleetako bik, etsirik, alde egin dute ikasleen taldetik. Uste dute, beren esperantza zuten Jesus hil ondoren, ez duela merezi taldean jarraitzea. Baina Jerusalemdik beren herrira bidean doazela, bidelagun egin zaie Jesus berpiztua, eta ikasle biek ez diote antzeman hasiera batean. Afaltzen ari direla, agur-afarian egin zuen keinu bera egin du Jesusek: ogia hartu, bedeinkatu, puskatu eta jateko eman die. Orduan ireki zaizkie begiak ikasle biei. Baina kontuan hartu behar da, ordurako, Jesusez kezkaturik etorriak direla bidean; gainera, Liburu Santuen arabera Mesiasek sufritu beharrekoaz hitz egin diela bidean. Eta gero biek aitortuko dutenez, Jesus
hitz egiten ari zitzaienean, bihotzean sua bezalako bat sentitzen zuten.
Senideok, horra bi baldintza Jesus berpiztuari antzemateko: hitza entzun eta ogia zatitzean parte hartu,

Oso gogoan hartzekoa da beste gauza bat ere ebanjelioaren zati honetaz. Besteak beste hiru komentariogileren iruzkin edo komentarioak irakurri ditut. Hiruetako bat exegeta edo biblia-jakitun handia da. Bi pertsonaia horiez dio, ez direla galilearrak Jesusen beste ikasle gehienak ez bezala. Beraz, pertsona historikotzat ematen ditu. Hiruetako beste bat emakume bat da; bizkaitarra berez, ezkondua, Iruñean bizi da; astero bere komentarioa bidaltzen digu, gaztelaniaz. Gauza bitxi bat diosku bi pertsona horiez: batek Kleofas zuen izena, besteaz ez da esaten zein izen zuen; gizonezkoa izan bazen –jarraitzen du emakumeak− ebanjelariak esango zuen beraren izena. Komentariogile hau oso feminista da. Dena den, bi pertsonaiak historikotzat ematen ditu. Hirugarren komentariogilea domingotar bat da, teologoa; uste dut, Madrilen bizi dela. Komentario asko egiten ditu. Oso kritikoak. Honentzat, gaurko ebanjelioko biak ez dira pertsona historiko edo konkretuak; pertsonaiak dira. Ebanjelaria ez da mintzo egun batean gertatu zen kasu batez. Baizik eta egunero, Jesusen ikasleei gertatzen ari zaigunaz mintzo da ebanjelaria. Horiek horrela, bi pertsona jakin eta historikoak izan ala ez, ebanjelioaren mezua zaigu inporta.

Gaurko honetan, iniziatiba Jesusena da. Bi ikasleak Jerusalemdik kanpora doaz. Etsirik. Burutik bota egin nahi dute amesgaiztoa. Halere, Jesusen heriotzarekin jasan duten desengainua eta guzti, ezin ahaztu dute Jesus. Hartaz hitz eginez doaz. Detaile honek garbi uzten digu zer gertatu zitzaien lehen ikasleei: Jesusen heriotzat erabat jota utzi zituen; baina bazuten bihotzondoan hausbero edo txingar bat; stsipena baino indartsuagoa den hausberoa. Pauloren konbertsioan ere antzeko zerbait ageri da: pertsegitzaile da, baina, konturatu gabe, Jesusen irudia du bihotz hondoan.

Bi ikasleek Jesusei bidean ez antzeman izanak, berriz, hau adierazten digu: Jesus, hil ondoren, ez dela pertsona normal bat, hil aurretik zen bezalakoa. Zerbait aldatu da Jesusengan.

Datu hauek lagungarri izan behar ditugu, Jesus berpiztuaz dugun ikusmoldea garbitzeko. Hasierako kristau haiei bezala, guri ere etor dakiguke burura: guk espero genuen… hau eta bestea egingo zituela; guk uste genuen…hau eta bestea ekarriko zizkigula…; guk uste genuen Aita Santuak, Gotzainek, Elizak, Kontzilioak…egundoko biziera, egundoko aldaketak, egundoko… eragingo zituztela. Desengainua, ez ote da esperantza faltsu batzuen ondorioa? Mesias bazara, jaitsi gurutzetik eta sinetsiko dugu zugan, esan zioten Jesusi. Baina Jesusek gurutzean gauzatu nahi zuen bete egitekoa.

Gaurko ebanjelioko bi ikasleen kasuan, aldatu dena ez da Jesus, baizik eta ikasleen begiak aldatu dira hari antzemateko. Guk geuk ere aldatu behar ditugu edo garbitu begiak, Jesus gaur egun ere bizirik ikusteko: pobreengan, migratzaileengan, presoengan… Zatoz, Espiritu Santua, eta lagundu gaitzazu betaurrekoentzat kristal egokiak aukeratzen.

Dionisio Amundarain