PAZKOALDIKO 2. IGANDEA (C) 2016-04-03

SARRERA

Senideok, Pazkoaldiko bigarren igandea ospatzen dugu. Jesusen lehen jarraitzaile haiek egiten zuten bezala, gu ere astearen lehen egun batean elkartu gara; gure Jesus maitearen garaipena eta piztuera ospatzeko. Poz-eguna da, alaitasun-eguna. Jesus piztu da eta, bataioaren bidez, haren baitan, haren larruan sartu gara gu geu ere. Hori bai: gu, soilik, hasiera bezala hil eta piztu gara oraindik. Jesusen lehen jarraitzaile haiek bezala, guk ere bide egin behar dugu, beldur-girotik alaitasun-girora igaroz. Gogoan izan dezagun: Pazkoa igarotzea da. Hila izan den eta piztu den Kristoren barruan hiltzen eta pizten joatea dagokigu fedearen bidez. Kontua, beraz, ez da soilik hiltzen joatea; horrekin batean pizten joatea dagokigu. Hori egiteko, Jesusek bizitza osoan egin zuena orain guk egitea da kontua. Erabat hil eta erabat piztu aurretik agertu zuen Jesusek zer den hiltzea eta zer den piztea: gaixoak sendatzen saiatu zenean, zapalduak askatzen saiatu zenean, bekatariak bere ondoan hartzen saiatu zenean. Saia gaitezen Jesusen hiltze hori eta pizte hori geure egiten. Argitu eta lagundu gaitzala Jesusen Espirituak.
Kontuan izan dezagun Jesusi jarraitu nahi diogula, lehen egunean fededun-talde bat elkarrekin bilduz. Halaxe egiten zuten lehen jarraitzaile haiek. Halaxe egin izan du milioika jendek 21 mendeetan. Hori guztia, konbentziturik zeudelako Jesus modu berezi-berezian egoten dela presente bilera horretan. Jesus presente egoteak, Jesus errukitsua dela adierazi nahi du. Jesusen zeruko Aita errukitsua dela. Lagun diezagula eta argitu Jesusen Espirituak.

1.- Apostoluen Eginak liburutik (5,12-16)

«Eginak» liburuak, liburu osoan banaturik, hiru sumario edo laburtzapen dakartza; haietan lehen kristau-elkarte haren ideala zein izan zen agertu nahi digu idazleak. Gaurko pasarte hau hirugarren laburtzapena da.
Lehen bi laburtzapenak ez bezala, hirugarren hau ez zaigu mintzo lehen elkarte haren barneko bizitzaz, baizik kanpoan sortzen zuen ondorioez.
Apostoluek egiten zituzten sendatzeez mintzo zaigu. Baina jende asko etortzen zela ere kristau-elkartera, haren etsenpluak eraginda. Jesus bezalaxe, errukitsu ageri zen lehen-elkarte hura.
Jainkoak nahi dezala, gure kristau-elkarte hau ere erakarle izatea beste jende askorentzat. Jainkoak nahi dezala, munduan diren kristau-elkarte guztiak erakarle izatea. Ez, noski, guk zilborreste garela pentsatzeko. Baizik benetako zilborrestea den hura ezagutzeko: Kristo Jesus maitea ezagutzeko. Jainkoa ERRUKI da; erruki izanez azalduko dio munduari ERRUKI den hori.

2.- Apokalipsi liburutik (1,9-11a.12-13.17-19)

Apokalipsi liburua Bibliako azkena da. Agerpena edo errebelazioa esan nahi du apokalipsi hitzak. Bibliako beste testu batzuk bezala, literatura apokaliptikoa deitzen diogu liburu honi ere. Horrelako liburuen helburua zehatza da: egoera penagarri berezietan fedezko erantzun bat ematen laguntzea.
Helburu horixe du liburu honek ere. Hain zuzen, lehen mendearen azken aldera, egoera larria bizi zuten kristauek Domiziano erromatar enperadorearen pertsekuziopean. Problema horri erantzun nahi dio gure liburu honek.
Apokalipsi liburua osoa bezala, gaurko pasarte hau ere sinboloz baliatu da Kristo berpiztua dela adierazteko. Hau dio hitz batean: gurutzean hil dutena Jainkoa da; ahalmen handia du (ez da munduan ikusten eta bizi den bezalako ahalmena, baizik Jainkoaren araberakoa); ahalmen horren bidez, barrutik ikusten du Eliza eta horrela juzkatzen du, barrutik; bera da buru elizkizun edo liturgia guztietan; aginpidez mintzo da, hau da, bere izenean, eta ez beste baten izenean; batez ere, pazko den Kristo da, hau da, hila izan dena, baina bizi dena: heriotzatik bizira igaro dena; Jainkoaren Espirituaz bete-betea dena.
Azken batean, gure esperantzari eta Kristoren garaipenari egindako kantua da pasarte hau.

Ebanjelioa Joanen liburutik (20,19-31)

Jesus Berpiztuak ikasleei agertu eta bakea emanez agurtu zituen. Eta esan zien: «Aitak Ni bidali nauen bezala, hala bidaltzen zaituztet nik zuek». Tomas apostolua hasieran sinesgabe agertu da. Baina azkenean beste inori ez bezalako fede-aitorpena atera zaio: «Ene Jaun eta ene Jainko».
Jesus berpiztuaren agerpenez hitz egitean, kontuan hartu behar dugu segidako hau: Jesus berpiztua Jainkoaren dinamikan sartu da berpiztean, eta jainkozko modu horretan agertuko zaigu munduan. Beraz, Jainkoa ikusten eta ukitzen ez dugun bezala, Jesus berpiztua ere ezin dugu ikusi eta ukitu.
Joanek eta beste ebanjelariek Jesus berpiztua ikusi, ukitu, harekin otordua egin eta horrelakoak egin zituztela esaten dutenean, zer esan nahi duten aztertu behar dugu. Batetik, beren bihotzean Jesus piztu izanaren esperientzia bizia izan dutela agertu nahi dute; bestetik, fedez bihotzean sumatu edo fede-begiz ikusi duten hori Nazareten Ama Mariagandik jaio zen hura bera dela esan nahi dute, Galilean ibili zen hura bera dela, juduek gurutzean josi zuten hura bera dela. Ez dela mamu bat.
Argitu gaitzala Jesusen Espirituak Jesus berpiztu hori gure artean dagoela sinesteko.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau-elkarte osoaren alde: Jesusen mezua zein handia eta ederra den ikus dezan. Bere baitan elkarturik bizi dadin. Guztiok, garen guztia eta dugun guztia batak bestearekin konpartitu dezagun. Guztiok bakearen egile izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Mundu osoaren alde: Jesus Berpiztuak ekarri digun Bakea gizon-emakume guztien bihotzera irits dadin. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Gaur mundu osoan bataiatuko diren guztien alde; halakoen guraso eta aita-ama pontekoen alde. Jesus berpiztuak eskaini eta bidali dien Espirituaren arabera bizi daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Mundu kristau-elkarteen alde: Elkarte bizia izan daitezen, premian direnei bihotzez emana. Munduan Jainkoa errukitsu dela ager dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.