. BAZKOKO BIGARREN IGANDEA B

Lehen irakurgaia

( Lehen girixtinoek denak elkarrekin partekatzen )

Apostoluen Egintzetarik 4, 32-35

32 Fededun guziak bat ziren bihotzez eta gogoz, eta nehork ez zuen erraiten zaukan ontasuna berea zuela, bainan guzia guziena zuten. 33 Apostoluak indar handiz lekuko agertzen ziren Jesus Jauna piztu zela, eta graziaren indarra heien guzien baitan zagon. 34 Ez zen behartsurik heien artean: alabainan, lurrik edo etxerik bazutenek saltzen zituzten, 35 eta saldu zutenaren saria ekartzen, Apostoluen esku uzteko; eta bakotxari behar zuena emaiten zitzaion.

Apostoluen Egintzak deitu liburuak Elizaren hastapeneri buruzko gertakari batzu emaiten ditu, lehen girixtino taldearen bizia zer izan zen kondatuz. Lehenik, batasuna. « Fededun guziak bat ziren bihotzez eta gogoz .» Fedeak hain du fededunen bizia argitzen nun bihotz eta gogo bat daukaten. Fedea bihotzarena da adimenduarena baino gehiago. Gauza batzuentzat sukar bera daukatenak, eman dezagun musikarena, edo ikerketa lanarena, edo mendiarena, nola sukar horrek batetaratzen dituen eta zorionez betetzen, ongi dakite. Lehen giristinoak fede suhar batean bizi ziren. Heien batasuna egiten zuen, Jesusek erran bezala: Elgarrentzat ukanen duzuen maitasunetik ezagutuko zaituztete ene dizipulutzat. Bigarrenekorik: batasun hori, partekatzean da egiazki agertzen. Testo hunen lehen lerrotik, biak lotuak dira : « Fededun guziak bat ziren bihotzez eta gogoz, eta nehork ez zuen erraiten zaukan ontasuna berea zuela, bainan guzia guziena zuten. » Eta urruntxago Lukek dio: « Ez zen behartsurik heien artean: alabainan, lurrik edo etxerik bazutenek saltzen zituzten, eta saldu zutenaren saria ekartzen, apostoluen esku uzteko; eta bakotxari behar zuena emaiten zitzaion. » Lukek ez du ekonomiako erakaspenik emaiten ez eta sozial mailako helburu ederrik erakusten.
Bertzerik dio : bere barne barnekoa erraiteko, bi erranaldi berdinen artean hirugarren bat ezartzen du. Lehen erranaldia: « Fededun guziak bat ziren bihotzez eta gogoz, eta nehork ez zuen erraiten zaukan ontasuna berea zuela, bainan guzia guziena zuten. » Hirugarren erranaldia: « Ez zen behartsurik heien artean: alabainan, lurrik edo etxerik bazutenek saltzen zituzten, eta saldu zutenaren saria ekartzen, Apostoluen esku uzteko; eta bakotxari behar zuena emaiten zitzaion. » Eta bi erranaldi horien artean, erranaldi nausia : « Apostoluak indar handiz lekuko agertzen ziren Jesus Jauna piztu zela, eta graziaren indarra heien guzien baitan zagon. » Lukentzat, Jesusen piztea aitortzeak ontasunen parteka tzera derama. Dugun guzia Jainkoaren oparia da eta aldeko laguna haurridea dugu. Elkargo Berrian bizi direlarik, orduan fededunak egiazki haurride dira, egiazko familiako bizi bat sortzen da, eta haurride artean, den guzia guziena da.

Salmoa 117

Jaunari kanta, ona baita : Amodioa betiko baitu betikoa ! Jaunari kanta, ona baita: Amodioa betikoa du betikoa! Jainkozaleek gora kanta: Amodioa betikoa du betikoa! Jainko-eskua esku gaitza: Jainko-eskuak, esku azkarrak, zer laguntza!
Joan zait hiltzeko oren beltza: Biziko naiz bai, Jaunak eginez nadin mintza. Egilek utzi harri hori Bilakatu da denak datxizkan ezkin-harri. Jainko Jaunak du hau egina, Gure begien, gure bihotzen miragarri. Hau da eguna Jaunarena. Pitz eta kanta: zer zoriona! zer eguna! Oi, Jauna, izan salbagarri! Oi, Jauna, eman ontasun, indar eta sari!

« Hau da eguna Jaunarena. Pitz eta kanta: zer zoriona! Zer eguna! » Hitz hauek Jerusalemeko tenplorat geramatzate, han ospatzen den besta batetarat. “Oihal-etxolen besta” deitua izan da, Zinaiko basamortuan bizi izan zirenaren orroigarri. Denbora berezia, bere herria askatzeko Jainkoaren egintzen aipatzeko: Jaunak esklaboak Egipton ikusi zituen eta heien oihu minak entzun; Herria askatzeko kargua Moisi eman zion, eta basamortuko makur guzietan, urrats bat eta urrats bi, beti lagundu zuen. Apaldua zen herriak, burua altxatu zuen. Ordutik, Jainkoa apalduen altxatzailea dela ezagutu du Izraelek. Harekin lehenak azken eta azkenak lehen dira. Eraikitzaleak baztertu harria, Jaunak harri nagusi egiten du. Galdua dena, hil itxura duena, Jainkoak biziarazten du. Hola, hain apaldua izan zen herria, Izrael, agintza haundienaren ekarle egin du. Orduan « Amodioa betikoa du, betikoa » erran dezakete « Jainkozaleek ». Salmo hau aski berantean idatzia izan bide da : hemen Jainkoa ez da beldurgarria. Biblian agertzen den Jainkoaren « beldurra » maitasun dela ohartu da Izrael, emeki-emeki. Hori sobera goraki oihukatu zuelakotz izan zen Jesus hiltzera kondenatua. Zergatik zaiku Jainkoaren logika hau hoin arrotz? Bainan azkenean Jainkoaren Izpiritua gizakiaren gogoan sartuko da : orduan izanen da gizadi guziaren librantza : gizaki orok jakinen duelarik Jainkoak maite duela. Izaik dion bezala: « Jaunaren ezagutzak beteko du lurralde osoa, urak itsasoa bezala » (Is 11,9)

Bigarren irakurgaia

( Fededuna Jainkoarenganik sortua )

Jondoni Joaniren lehen epixtolatik 5,1-6

1 Jesus, Kristo dela sinesten duten guziak Jainkoarenganik sortuak dira; Aita maite duenak harenganik sortua ere maite du. 2 Beraz, Jainkoa maite badugu, eta haren manamenduak betetzen, badakigu Jainkoaren haurrak maite ditugula. 3 Alabainan, Jainkoaren maitatzea, haren manamenduen begiratzea da. Haren manamenduak ez dira dorpeak, 4 Jainkoaganik sortua den orok garaitu baitu mundua. Eta hau da munduaren garaitzea emaiten daukuna, gure fedea. 5 Nor da mundua garaitzen duena, Jesus Jainkoaren Semea dela sinesten duena baizik? 6 Hura da, Jesu Kristo, uraz eta odolaz etorri dena; ez uraz bakarrik, bainan uraz eta odolaz. Eta Izpiritua da horren lekukotasuna emaiten duena, Izpiritua Egia baita.

Girixtino fedea bertzelakatzen dutenen kontra Jondoni Joanik giristinoak argitzen ditu. Otsoak badira artegian ! Girixtinoak laguntzeko, beraz, Joanik fede aitormen bat bezala idazten du, hiru xede berezirekin: Nazareteko Jesus egiazki Jainkoaren Seme da. Bigarrenekorik, fededunak, Jainkoaganik sortua baita, bizi berri batez bizi behar du, Jainkoaren haur bezala. Hirugarrenekorik, bizi berri hori Jainkoa eta haurrideak maitatzea da. Hiru pundu hauek lehen bertsotik beretik mezutuak dira: « Jesus, Kristo dela sinesten duten guziak Jainkoarenganik sortuak dira; Aita maite duenak harenganik sortua ere maite du .» Lehen pundua : « Nazareteko Jesus egiazko Jainkoaren Seme da.» Eztabadaren gai nagusia! Lehen girtixtinoek Juduen jazarpena jasan izan behar zuten. Ez da harrigarri: Juduentzat, girixtinoak sekta bat ziren, eta sekta zabaltzera ez zen utzi behar. Bertze arazorik ere bazuten elgarren artean: Jesusen misterioa. Jesus, gizon, bertzeak bezalako gizon, eta denbora berean Kristo, Jainkoaren mezulari, Jainkoaren Seme, hori nola izan daiteken Joanik ez du zehazten. Nehork ez du ulertzen misterio hori eta zehaztera nehor ez da ausartatzen, Jainkoaren gogoetak ezin zilatuak baitira. Bainan, Jesus osoki gizon eta osoki Jainko dela du Joanik baieztatzen. Jesusen baitan gizona bakarrik edo Jainkoa bakarrik ikustea, haren zatikatzea da, giristinotasuna galtzea. Lerro batzu lehenago errana du: « Jainkoaren izaite hau ukatzen duenak ordea ez du Jainkoaren Izpiritua » (1 Jn 4,3) bai eta « Nor da gezurtia, Jesus Mesias dela ukatzen duena baizik? » Bigarrenekorik : fededuna, giristinoa, Jainkoaren ganik sortua da, bizi berri batean Jainkoaren haurra da . Joani xoratua dago: « Ikusazue zoin maite gaituen Aitak, Jainkoaren seme-alaba izena eman baitauku eta hala gira. Horrengatik, mundukoek ez gaituzte ezagutzen, Aita ere ez baitute ezagutu. Ene maiteak, orai Jainkoaren seme-alaba gira, bainan zer izanen giren ez da oraino agertua. Badakigu izanen giren hori agertuko denean, Jainkoaren iduriko izanen girela, den bezalakoa ikusiko baitugu hura. » (1 Jn 3,1-2) Eta Joaniren ebanjelioak dio : « Hitza zen egiazko argia mundura etorriz gizaki guziak argitzen dituena… Onartu duten guzieri, ordea, haren baitan sinesten duteneri, Jainkoaren seme-alaba izaiteko ahala eman diote. Hauek ez dira gizaki odolekoak, ez eta gizakiaren borondatez sortuak, Jainkoarenganik sortuak dira. » (Jn 1,9.12-13) Hirugarrenekorik: bizi berri hori, Jainkoa eta harenganik sortuak maitatzean da.Biblia osoan, fedea eta amodioa lotuak daude. Ez da moralezko erakaspena, baizik eta izaitearen egia: « Aita maite duenak harenganik sortua ere maite du .» Joanirentzat argi eta garbi dago. Beha: « Ene maiteak, elgar maita dezagun,maitasuna Jainkoaganikakoa baita, eta maitatzen duena Jainkoaganik sortua da eta Jainkoa ezagutzen du .» (1 Jn 4,7) Haurrideen arteko maitasuna, fedearen ageria. Nolaz? Fedearen iturria, Izpiritu Saindua da, eta amodioaren iturria ere, Izpiritu Saindua. Izpiritu berak dauku fedea gure baitan sortarazten eta gure bihotzak maitasunari buruz ezartzen. Fedeaz Jainkoaren haur gira eta bertzeak harenganik sortuak direlakotz gure haurride dira eta Jainkoaren begiez ikusten ditugu. Horiek oro sobera eder direla diotenentzat, Joanik dio: « Jainkoaganik sortua den orok garaitua du mundua »: oraitik, ez zirezte mundukoak bezala bizi bainan Jainkoa bezala. Oraitik, maitatzen ahal dugu.
Jainkoarentzat deus ezinezkorik ez baita.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia.
Tomasek Jauna ikusi eta du sinetsi. Bai dohatsua ikusi gabe sinesduna.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 20, 19-31

19 Jesus hil-eta, asteko lehen egunean, ilunabarrean, ateak hetsirik zauden dizipuluak, juduen beldurrez. Jesus etorri zen, eta heien erdian zagola, erran zioten: “ Bakea zueri!” 20 Hori erran-eta, erakutsi ziozkaten eskuak eta sahetsa. Dizipuluak bozkarioz bete ziren, Jauna ikustearekin. 21 Jesusek berriz erran zioten: “ Bakea zueri! Aitak igorri nauen bezala, nik ere zuek igortzen zaituztet.” 22 Hola mintzaturik, ufatu zioten gainerat, eta erran: “ Har zazue Izpiritu Saindua. 23 Nori ere bekatuak barkatuko baitiozkatzue, barkatuak izanen zaizkio;nori ere atxikiko batiozkatzue, atxikiak izanen zaizkio.” 24 Hamabietarik bat, Tomas ( hitz horrek erran nahi du: biritxi ) ez zen heiekin, Jesus etorri zenean. 25 Bertze dizipuluek erran zioten: “ Jauna ikusi dugu.” Harek aldiz ihardetsi: “ Ez badut ikusten haren eskuetan itzeen marka, ez badut emaiten ene erhia itzeen tokian, ez badut ezartzen ene eskua haren sahetsean, ez dut sinetsiko.” 26 Handik zortzian, dizipuluak berriz etxean zauden, eta Tomas ere heiekin. Etorri zen Jesus, ateak hetsirik zirela, eta heien erdian zagola, erran zioten: “ Bakea zueri!” 27 Gero erran zion Tomasi: “ Hurbil hunat erhia, eta ikus ene eskuak; hurbil eskua eta ezar ene sahetsean, ez izan sinesgogor, bainan izan sinesdun.” 28 Tomasek ihardetsi zion: “ Ene Jauna eta ene Jainkoa!” 29 Jesusek erran zion: “ Ikusi nauzulakotz duzu sinetsi? Dohatsu ikusi gabe sinesten dutenak.” 30 Beste ezaugarri asko egin zituen Jesusek bere dizipuluen aitzinean. liburu huntan izkiriatuak ez direnak. 31 Hauek aldiz izkiriatu dira, sinets dezazuen Mesias eta Jainkoaren semea dela Jesus, eta sinetsiz, bizia ukan dezazuen haren izenean.

Juduentzat, betitik, igandea asteko lehen eguna zen, laneko eguna, bertze egunak bezala.
Zazpigarren eguna, larunbata (xabat) zen besta-eguna, pausa, elgar biltze eta otoitz eguna. Xabat biharamunean da Jesus piztu eta piztearen ondotik beti asteko lehen egunean da Jesus agertu bere dizipulueri: ondorioz, girixtinoentzat, egun horrek bere berezitasuna hartu du. Asteko lehen egun hori aro berriaren lehen eguna zitzaioten. Asteko zazpi egunek kreazionea aipatzen zuten bezala Juduentzat, Jesus piztuaren aste berria kreazione berri baten hastapena izan da girixtinoentzat. « Ateak hetsirik zauden dizipuluak, juduen beldurrez. Jesus etorri zen, eta heien erdian zagon. » Jondoni Joanik desberdintasuna erakusten du: dizipuluak ateak hetsirik zauden, beldurra sartua, eta ongi konprenitzen dugu hori. Erakaslea hil zutenaz geroz, dizipuluak ere hiltzen ahal zituzten. Denak hetsiak dira, bainan hori ez da arazoa Harentzat. Zerradurak ez ditu ezagutzen, eta oroz gainetik, beldurra ez daki zer den. Lehen hitza da: « Bakea zueri. » Juduen usaiako agurra!
Holako gertakarien ondotik, agur horrek bitxi egiten du! Bakean egon zitezkeen, alegia eta deusez?
Eta ber denboran, egia da: bizi da, egiazki bizi, eta frogak emaiteko bere zauriak erakusten ditu, gurutzefikatu dutelako seinaleak. Seinaleak hor dira, eskuetan, zangoetan, saihetsean: pizteak ez du beraz herioa ezabatzen. Orduan, Jondoni Joanik dio: « dizipuluak bozkarioz bete ziren. » Gertakari harrigarria! Eta Jondoni Joanik berriz: « Jesusek berriz erran zioten: Bakea zueri. » Orain, egiazki, bakean izaiten ahal dira, ez, deusik gertatu ez balitz bezala, bainan gertatua gertaturik : piztuaren bakea oroz gainetik baita!
« Hola mintzaturik, ufatu zioten gainerat, eta erran: Har zazue Izpiritu Saindua. Nori ere bekatuak barkatuko baitiozkatzue, barkatuak izanen zaizkio; nori ere atxikiko batiozkatzue, atxikiak izanen zaizkio. » Izpirituaren dohaina eta baketzeko karguaren arteko lokarria ikusiz, harrituak gaude: Biblian, Izpiritua kargu batentzat emana da, eta ez da bertze kargurik gizakiak Jainkoarekin baketzea baizik. Gaineratekoak ondorioak dira. Manamendu bat du Jesusek emaiten: « Ene Aitak igorri nauen bezala, nik ere igortzen zaituztet. » Errazue bekatuak barkatuak direla. Izan zaitezte denak baketzearen mezulari. Joaiten ez bazirezte, baketzearen berri ona ez da zabaldua izanen: Aitak zuen beharra badu. Jesusen ahotik beretik dugu bere egitekoaren laburpena; erran dezakegu: baketze osoaren berria zabaltzeko nau igorri Aitak, bekatuak barkatuak direla erraiteko, gizakiaren bekatuak Jainkoak ez dituela atxikitzen erraiteko : Jainkoa amodio eta barkamendu da. Orain, zuek, kargu berarentzat igortzen zaituztet. Bekatu bakarra, bertze bekatu guzien erroa, Jainkoaren amodioaren baitan ez sinestea da: zuek beraz, igortzen zaituztet, zoazte Jainkoaren amodioa munduari erraiterat.
Lerro hau: « nori ere atxikiko batiozkatzue, atxikiak izanen zaizkio ». Bekatuan atxikia izaitea, Jainkoaren amodioaren jakingabean egoitea da. Zueri da, dio Jesusek, haurrideeri erraitea, ezagut dezaten Jainkoaren amodioa eta bizi ditezen… Jainkoaren xedea beteko da, zuek zuen kargua beteko duzuelarik: «« Aitak igorri nauen bezala, nik ere igortzen zaituztet. »