Pazkoaldiko 2. igandea B (2018-04-08)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Benetan ederra eta aberatsa da gaurko ebanjelioa. Hemen, bakea eman digu Kristo berpiztuak; hemen kreazio berria hasi du Jainkoak arnasa berria ematearekin; hemen bekatuen barkazioa eman digu Jainkoak.
Ikasleak ateak itxirik bizi ziren, juduen beldurrez. Gauza normala; izan ere, juduek hil berria zuten Jesus; honengan jarria zuten beren esperantza ikasle horiek, eta orain zer? Hil duten horren ikasle izateaz gain, galilearrak dira. Nork defendituko ditu kalean?
Bat-batean, ateak itxirik dituztela, Jesus sartu da. Eta «bakea zuekin» esan die. Ez da juduek eman ohi zuten bake edo shalom arrunt hura. Beste zerbait adierazten du Jesus berpiztuaren bake-emate honek. Ikasle izatera dei egin zien Jesus harekin berarekin egin dute topo orain ere. Emakumeen duintasuna defenditu zuen harekin berarekin. Haurrak maite zituen harekin. Behin batean esana zien: «Bakea uzten dizuet, neure bakea ematen; ez da munduak ematen duena bezalakoa. Ez estutu, ez beldurtu» (Jn 14,27). Orain, ateak itxiak dituztela, etorri zaien Jesusen bake-agurrak hori guztia esan nahi du.
Tomasek ez die sinetsi, Jesus ikusi dutela esan dien lagunei. Baina Jesusek maite du Tomas ere. Lehen bisitatik zortzi egunera berriro agertu zaie, eta Tomas han dago. Eta Tomasek ere esperientzia bera izan du. Gurutzean hil duten Jesus bera ikusi du. Eta bai zoragarria Tomasen fede-aitorpena: «Ene Jauna eta ene Jainkoa».
Bakea ematearekin batean, bere Espiritua eman die Jesusek. «Har ezazue Espiritu Santua; bekatuak barkatuko dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak; barkatuko ez dizkiezuenei, ez dizkie barkatuko Jainkoak». Mundua kreatu zuenean bezala egin du. Gizakia buztinezko irudi besterik ez zen gizakia artean; baina Jainkoak bere arnasa ufatu edo eman zion, eta buztinezko irudi hura bizidun bihurtu zen. Antzeko zerbait orain. Ikasleak izaki izoztu edo zurrun dira beldurrez; Jesusek bere Espiritua ufatu edo eman die, eta gizaki bizidun bihurtu dira. Jesusen Espirituak bizia ematen du. Kreazio berria hasi da Jesus piztearekin.
Arnasa berria ematearekin batean, eginkizun bat eman die Jesusek ikasleei. Bekatuak barkatu. Jendea, hildakoen egoeratik aterarazi. Jendearen artean bakea indartu. Ez munduak ematen duen bakea. Baizik poza dakarren bakea. Elkartasuna eragiten duen bakea. Berek ikusi duten Jesus berpiztuaren berri jendeari eman.
Gogo aldaturik irten dira ikasleak ateak itxirik bizi ziren etxetik. Baina ez dakite nola adierazi Jesus berpiztuaz izan duten esperientzia. Badakite ikusi duten Jesus berpiztu hori gurutzean hil duten Jesus bera dela. Baina beste era batean bizi dela. Modu espiritualean bizi dela. Nola adierazi besteei esperientzia espiritual bat?
Hartara, besteei nola adierazi ez jakite horretan, beren modura hasi dira adierazten: Maria Magdalenak eta emakumeek besarkatu egin dute Jesus berpiztua; Emausko ikasleek bidelagun izan dute Jesus berpiztua eta harekin afaldu dute, eta ogia zatitu, bedeinkatu eta eman dienean antzeman diote; gaurko ebanjelioan Tomasek hatza sartu dio iltze-zuloetan. Hori izan da, beren esperientzia espirituala besteei adierazteko izan duten bidea.
Gauza jakina da, Jesus berpiztua ezin dugula besarkatu fisikoki, ezin dugula izan bidelagun fisikoki, ezin dugula ukitu fisikoki. Baina geure mugak ditugu esperientziak espiritualak adierazteko. Eta geure erara ematen ditugu argibideak.
Argitu gaitzala Jesusen Espirituak jaso ditugun argibideak behar bezala hartzen, eta argitu gaitzala Jesus berpiztuaz izan dugun esperientzia modu batean edo bestean besteei azaltzen.
Dionisio Amundarain