PAZKOALDIKO 2. IGANDEA A 2017-04-23

SARRERA
Senideok, Pazkoaldiko bigarren igandea ospatzen dugu gaur. Piztu eta zortzi egunera, ikasleei agertu zaie Jesus berpiztua. Haiei bezala guri ere bai, gaur. Eta haiei bezala, bere bakea eta bere Espiritua eskaintzen dizkigu. Pazko eguneko poza indartzen digu. Jesus gure artean dela uste izatearen poza da. Horixe da kontua, senti dezagula Jesus gure artean dugula. Ez modu biologikoan, ez modu fisikoan, baina bai modu aintzatsuan: hil duten hura bizi da, eta ez gaitu utziko sekula. Eska diezaiogun apal-apal: Handitu, Jauna, nire fedea.
Fedeaz hitz egitean, hiru alderdi gutxienez bereizi behar ditugu: a) sinesten dut egia dela esaten duena; b) sinesten diot Jesusi: haren hitza onartzen dut, haren testigantza onartzen dut, bera guztiz egiatia delako; c) sinesten dut Jesusengan: geure bizitzan bizilagun bezala onartzen dut, konfiantzaz onartzen dut neure bizitzan, harengan jartzen dut neure konfiantza, neure bizia, neure arima, harekin bat eginez maitasunez eta bidean berari jarraituz.
Ikasleek sinetsi zuten Jesus piztu zela, baina kostatu egin zitzaien horrek esan nahi zuen guztia onartzea; horregatik, ateak itxirik jarraitzen zuten. Eta Jesusek, beldur hori kentzeko Espiritua ufatu die eta misiorako deia egin die.
Senideok, eska diezaiogun geuk Espiritu hori Jainkoaren errukia onartzen jakin dezagun eta, jakinez, besteei Jainkoaren eta geure errukia eskaintzeko gai izan gaitezen.

LEHENENGO IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (2,42-47)

Gaurko pasarte honen aurretik Pedrok egindako hitzaldia dator. Hitzaldi horren ondoren, Lukasek, kontakizun labur batean, lehen kristau haien bizieraren argazki bat egin digu; argazki aski idealizatua; bizi zutena baino gehiago, bizi nahi zutena, bizi behar zutena agertzen duen argazkia. Hona. Apostoluek egiten zituzten gauza harrigarriez harriturik zeuden kristauak. Eta, harridura horren ondorioz, biziera berezi bat bizi zuten: ondasunak banatu egiten zituzten; tenplura joaten ziren otoitz egitera; eta etxeetan Eukaristia ospatzen zuten.
Esana denez, argazki idealizatua da. Baina Lukasek kristau-bizitza nola ulertzen duen agertzen du: Kristo berpiztua ezagutzeak kristauen arteko batasuna eta elkartasuna du ondorio.

BIGARREN IRAKURGAIA Pedroren lehenengo gutunetik (1,3-9)

Pasarte luzeago baten zatia da gaurko irakurgai hau. Pasarte luze hori, bataiorako prestaketa da. Bataioan hartzen dugun graziagatik, Jainkoari eskaintzen zaion gorazarrea da, Jainkoa bedeinkatzeko gorazarrea. Bataioko bizi berria, ordea, hasiera besterik ez da; helburura eramango gaituen bidearen hasiera da. Ideia nagusia esperantza da. Baina ez ditu ahazten kristauak bidean pasatu beharreko nekea eta sufrimena. Eta aholku egiten digu: ez etsi; nekearen eta heriotzaren ondoren, piztueraren gozamena baitator; baina ez hori bakarrik, bidean ere, gogorra izan arren, Jainkoak ematen du gozokirik.

EBANJELIOA San Joanen liburutik (20,19-30)

Hiru zati txiki ageri dira gaurko ebanjelio honetan.
Batetik, ikasleak etxe batean babestu dira. Ateak itxirik dituzte. Honetan, ordea, Kristo agertu zaie, bakea emanez. Jakina, ikasleak poztu dira Jesus bizi dela eta berekin dutela sumatzean. Baina arazoa ez da hor gelditzen. Jesusek bere Espiritua eman die eta, aldi berean, misio edo eginkizun bat: mundura etortzean Jesusek berak izan zuen misioa. Eta hau izan zen Jesusen misioa: bizia hots egitea.
Bigarren zatian, Jesusen eta Tomasen topaketa dator. Lehenengo txandan Tomas ez zegoen beste ikasleekin; oraingoan, bai. Eta Tomasek beste ikasleek izan zuten esperientzia izan du, eta esperientzia hori ezin gorde du isilik. «Ene Jaun eta ene Jainkoa», atera zaio bihotz-hondotik. Aitorpen bikaina benetan. Emadazu, Jauna, aitorpen hori Tomasek bezain bizi egin ahal izateko fedea!
Hirugarren zatia laburragoa da. Joan ebanjelariak ez ditu kontatu Jesusek egindako gauza guztiak. Ezinezkoa izango litzateke. Kontatu duena, honetarako kontatu du: gugan fedea eragiteko, eta, fedea biziz, betiko bizia lortzeko. Nolako esker ona zor diogun Joani! Baita federako bidea agertu diguten beste guztiei ere.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Jainkoaren erruki handian sinesten duten gizon-emakume guztien alde: lehen ikasle haiek bezala, Jainkoaren erruki horren berri ematen ere saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Kristau-esperantza bizi duten guztien alde: esperantza horren berri emateko gai izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Eliz hierarkiaren alde: diruaren bila ez, famaren bila ez, jendaurreko arrakasta handien bila ez, baizik, Jesus bezala, bide isilean hazia ereinez bizi dadin. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Hemen bildu garenon alde: lehenengo irakurgaian Lukasek agertu digun argazkia gauzatzen saia gaitezen: pobreekin pobre bihurtuz, elkarrekin otoitz eginez, Eukaristia aintzat hartuz: eska diezaiogun Jaunari.