BAZKOKO BIGARREN IGANDEA A

Lehen irakurgaia

( Lehen girixtinoen anaitasuna )

Apostoluen Egintzetarik 2,42-47

Elizaren lehen egunetan,
42 haurrideak jarraikiak ziren
apostoluek eman irakaspenen entzuteari,
anaitasunean bizitzeari, ogiaren zatitzeari eta otoitzeri.
43 Beldurra denetan sartzen ari zen, apostoluek egiten zituzten
hainbeste miragarri eta ezaugarriengatik.
44 Sinesdun guziak batasunean bizi ziren,
eta denak denenak zauzkaten:
45 beren lur eta ontasunak saltzen zituzten,
eta dirua denen artean partekatzen zuten,
bakotxaren beharren arabera.
46 Egun oroz, bihotzez bat, Tenpluko urratseri jarraikiak ziren,
ogia beren etxetan zatitzen zuten,
eta apairuak elkarrekin egiten, bozkariotan eta bihotza laño.
47 Jainkoa goresten zuten, eta herri osoak ongi hartzen zituen.
Eta Jaunak , egun oroz,
heien elkartera biltzen zituen salbatzen zirenak.

Irakurgai hunen erran-nahi nagusia azkenean da : “Eta jaunak egun oroz, heien elkartera
biltzen zituen salbatzen zirenak.” Guri ere egiazko girixtino elkarte bat izaitea galdegiten zaiku. Eta
Lukek (Apostoluen Egintzen idazleak) erraiten dauku nola :
-Apostoluen irakaspenen entzutea. Jesus piztu eta lehen urtetan ez zen oraino deus idatzirik :
Ebanjelioak geroztikakoak dira. Jondoni Paulo idazten hasi zelarik, 50 inguruan, Jesus 20 bat urte
hartan hila eta piztua zen. Ebanjelioak oraino berantagoak dira. Beraz fede berriaren irakaspena
ahozkoa zen. Haren entzuteko bildu behar zuten girixtinoek.
-Anaitasunean bizitzea. Ez zaiku deus ezin eginezkorik galdegiten : elgar maitatzea. Bainan
horrek zer lanak emaiten dituen ardura. Nola egiten zuten lehen girixtinoek ? Lukek erraiten
daukunaz elgarrekin bizi ziren beren ontasunak elgarren artean partekatuz.
-Ogiaren zatitzea. “Ogiaren zatitzea” orai meza deitzen dugu. Ez zuten hori tenploan egiten,
otoitza bezala, bainan beren etxeetan. Horrek hiru gauza bederen erran nahi ditu. Bat : gure girixtino
biziak beharrezkoa du mezan parte hartzea. Bi : etxean egonez fededunen elkarteari menbro bat
kentzen diogu. Ardura ez dugu konprenitzen fededunak gorputz bat girela, elgarren menbro,
elgarrekin goatzila Jainkoari buruz.
-Otoitz egitea tenploan. Lehen girixtinoak juduak ziren, herri baten menbro. Jainkoari buruz
itzultzen girelarik “herri” bezala egiten dugu, anai-arreba artean, izanik ere gure gela xokoan.
Hortako erraiten dugu GURE Aita eta ez AITA, bakarrik bagine bezala.
Beraz gorago errana laburbilduz idazten ahal da : Ez da egiazko girixtino bizirik
Ebanjelioaren iturrian edaten ez badugu ; anaitasunean bizitzen ez bagira ; mezan parte hartzen ez
badugu ; elkartasunean (bederen gogoz) otoitz egiten ez badugu.

Salmoa 117

Leloa: Jaunari kanta, ona baita:
Amodioa betiko baitu betikoa!

Jaunari kanta, ona baita:
Amodioa betikoa du betikoa!
Jainkozaleek gora kanta:
Amodioa betikoa du betikoa!
Oldartu zaizkit, bai oldartu:
Erortzer nintzen,bainan Jainkoak nau lagundu.
Orai irrintzin, esker oihu;
Gizon zuzenak dauden etxetan, jauzi, soinu.
Ate sainduak zabal neri,
Hetan sarturik, Jaunari dudan egin kantu!
Esker on eta kantu Zuri:
Entzun bainauzu bai eta eman salbamendu!
Egilek utzi harri hori,
Bilakatu da denak datxizkan izkin-harri.
Jainko Jaunak du hau egina,
Gure begien, gure bihotzen miragarri.
Hau da eguna, Jaunarena,
Pitz eta kanta: zer zoriona! Zer eguna!
Oi, Jauna, izan salbagarri!
Oi, Jauna, eman ontasun, indar eta sari !

Salmo hau bozkariozko kantu bat da. Kristo piztua errege bezala ospatzen du, nahiz-eta,
berez, Izraelgo errege baten ohoretan idatzia izan zen. Girixtinoek sumatzen dute errege hori ez
daitekeela Jesus baizik izan, oinazeak eta heriotzea garaiturik, Aitarenganat berekin altxatzen
gaituena.

Bigarren irakurgaia

( Bataiatuak direnen esperantza )

Jondoni Petriren lehen epixtolatik 1,3-9

3 Benedikatua Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita!
Jesu Kristoren hiletarik piztearen bidez,
esperantza bizirako,
4 ustelik, zikinik eta zimelik gabea den ondoretasunerako.
Ondoretasun hori zuentzat prestatua du Jainkoak zeruan.
5 Jainkoaren indarrak zaintzen zaituzte, fedeari esker,
azken egunean agertzekoa den salbamendurat hel zaitezten.
6 Horrengatik, bozkarioan zirezte,
epe labur batez oraino nahigabetuak izan behar baduzue ere.
7 Hola zuen fedea frogatua izanen da,
urre galkorra suan frogatzen dena baino baliosagoa den fedea.
Eta horrek emanen dio Jainkoari gorespen, ospe eta ohore,
Jesu Kristo agertuko denean.
8 Maite duzue Jesu Kristo, behinere ikusi gabe,
haren baitan sinesten duzue , oraino ikusi gabe;
eta ezin erranezko bozkario distiratsuz beterik zaudezte
9 ardietsiko baituzue
zuen fedearen helburua den zuen salbamendua.

Pentsa daiteke Jondoni Petriren lehen lerro hauek himno bat direla, hiru partetan:
– Lehen partea (3,4,5. bertsetak). Izraeldarrek Jainkoa ospatzen zuten Abraham, Isaak eta
Jakoben aitatzat. Girixtinoek urrats handia egin dute : Jainkoa, orai, Jesu Krixtoren Aita da, berriz
sortzea eman daukuna Jesu Krixtoren pizteaz. Orai fedean eta esperantzan bizi gira.
– Bigarren partea (6 eta 7. bertsetak). Esperantzak bozkarioz betetzen gaitu oraidanik, nahizeta
gure fedearen frogapenean bizi giren oraino.
– Hirugarren partea (8 eta 9. bertsetak). Dohatsuak, ikusi gabe sinesten dutenak. Fedeak
oraidanik ezin erranezko bozkarioa sortzen du gure baitan, argi bilakatzen gaituena. Girixtinoen
bozkario hori fedegabeek ez ote lukete gehiago ikusi behar, Elizaren hisdura bat bizi dugun urte
hauetan ? Ez ote litaike hori, gure aurpegietan, Jesus piztuaren dirdira ?

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Tomasek Jauna ikusi eta du sinetsi.
Bai dohatsua, ikusi gabe sinesduna!

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 20, 19-31

19 Jesus hil-eta, asteko lehen egunean, ilunabarrean,
ateak hetsirik zauden dizipuluak, juduen beldurrez.
Jesus etorri zen, eta heien erdian zagola, erran zioten:
“ Bakea zueri!”
20 Hori erran-eta, erakutsi ziozkaten eskuak eta sahetsa.
Dizipuluak bozkarioz bete ziren, Jauna ikustearekin.
21 Jesusek berriz erran zioten:
“ Bakea zueri!
Aitak igorri nauen bezala, nik ere zuek igortzen zaituztet.”
22 Hola mintzaturik, ufatu zioten gainerat, eta erran:
“ Har zazue Izpiritu Saindua.
23 Nori ere bekatuak barkatuko baitiozkatzue,
barkatuak izanen zaizkio;
nori ere atxikiko batiozkatzue, atxikiak izanen zaizkio.”
24 Hamabietarik bat, Tomas ( hitz horrek erran nahi du: biritxi )
ez zen heiekin, Jesus etorri zenean.
25 Bertze dizipuluek erran zioten:
“ Jauna ikusi dugu.”
Harek aldiz ihardetsi:
“ Ez badut ikusten haren eskuetan itzeen marka,
ez badut emaiten ene erhia itzeen tokian,
ez badut ezartzen ene eskua haren sahetsean, ez dut sinetsiko.”
26 Handik zortzian, dizipuluak berriz etxean zauden,
eta Tomas ere heiekin.
Etorri zen Jesus, ateak hetsirik zirela,
eta heien erdian zagola, erran zioten:
“ Bakea zueri!”
27 Gero erran zion Tomasi:
“ Hurbil hunat erhia, eta ikus ene eskuak;
hurbil eskua eta ezar ene sahetsean,
ez izan sinesgogor, bainan izan sinesdun.”
28 Tomasek ihardetsi zion:
“ Ene Jauna eta ene Jainkoa!”
29 Jesusek erran zion:
“ Ikusi nauzulakotz duzu sinetsi?
Dohatsu ikusi gabe sinesten dutenak.”
30 Beste ezaugarri asko egin zituen Jesusek bere dizipuluen aitzinean.
liburu huntan izkiriatuak ez direnak.
31 Hauek aldiz izkiriatu dira, sinets dezazuen
Mesias eta Jainkoaren semea dela Jesus,
eta sinetsiz, bizia ukan dezazuen haren izenean.

Juduentzat, betitik, igandea asteko lehen eguna zen, laneko eguna, bertze egunak bezala.
Zazpigarren eguna, larunbata (xabat) zen besta-eguna, pausa, elgar biltze eta otoitz eguna. Xabat
biharamunean da Jesus piztu eta piztearen ondotik beti asteko lehen egunean da Jesus agertu bere
dizipulueri: ondorioz, girixtinoentzat, egun horrek bere berezitasuna hartu du. Asteko lehen egun
hori aro berriaren lehen eguna zitzaioten. Asteko zazpi egunek kreazionea aipatzen zuten bezala
Juduentzat, Jesus piztuaren aste berria kreazione berri baten hastapena izan da girixtinoentzat.
« Ateak hetsirik zauden dizipuluak, juduen beldurrez. Jesus etorri zen, eta heien erdian
zagon. » Jondoni Joanik desberdintasuna erakusten du: dizipuluak ateak hetsirik zauden, beldurra
sartua, eta ongi konprenitzen dugu hori. Erakaslea hil zutenaz geroz, dizipuluak ere hiltzen ahal
zituzten. Denak hetsiak dira, bainan hori ez da arazoa Harentzat. Zerradurak ez ditu ezagutzen, eta
oroz gainetik, beldurra ez daki zer den. Lehen hitza da: « Bakea zueri. » Juduen usaiako agurra!
Holako gertakarien ondotik, agur horrek bitxi egiten du! Bakean egon zitezkeen, alegia eta deusez?
Eta ber denboran, egia da: bizi da, egiazki bizi, eta frogak emaiteko bere zauriak erakusten ditu,
gurutzefikatu dutelako seinaleak. Seinaleak hor dira, eskuetan, zangoetan, saihetsean: pizteak ez du
beraz herioa ezabatzen. Orduan, Jondoni Joanik dio: « dizipuluak bozkarioz bete ziren. » Gertakari
harrigarria! Eta Jondoni Joanik berriz: « Jesusek berriz erran zioten: Bakea zueri. » Orain, egiazki,
bakean izaiten ahal dira, ez, deusik gertatu ez balitz bezala, bainan gertatua gertaturik : piztuaren
bakea oroz gainetik baita!
« Hola mintzaturik, ufatu zioten gainerat, eta erran: Har zazue Izpiritu Saindua. Nori ere
bekatuak barkatuko baitiozkatzue, barkatuak izanen zaizkio; nori ere atxikiko batiozkatzue, atxikiak
izanen zaizkio. » Izpirituaren dohaina eta baketzeko karguaren arteko lokarria ikusiz, harrituak
gaude: Biblian, Izpiritua kargu batentzat emana da, eta ez da bertze kargurik gizakiak Jainkoarekin
baketzea baizik. Gaineratekoak ondorioak dira. Manamendu bat du Jesusek emaiten: « Ene Aitak
igorri nauen bezala, nik ere igortzen zaituztet. » Errazue bekatuak barkatuak direla. Izan zaitezte
denak baketzearen mezulari. Joaiten ez bazirezte, baketzearen berri ona ez da zabaldua izanen:
Aitak zuen beharra badu. Jesusen ahotik beretik dugu bere egitekoaren laburpena; erran dezakegu:
baketze osoaren berria zabaltzeko nau igorri Aitak, bekatuak barkatuak direla erraiteko, gizakiaren
bekatuak Jainkoak ez dituela atxikitzen erraiteko : Jainkoa amodio eta barkamendu da. Orain, zuek,
kargu berarentzat igortzen zaituztet. Bekatu bakarra, bertze bekatu guzien erroa, Jainkoaren
amodioaren baitan ez sinestea da: zuek beraz, igortzen zaituztet, zoazte Jainkoaren amodioa
munduari erraiterat.
Lerro hau: « nori ere atxikiko batiozkatzue, atxikiak izanen zaizkio ». Bekatuan atxikia
izaitea, Jainkoaren amodioaren jakingabean egoitea da. Zueri da, dio Jesusek, haurrideeri erraitea,
ezagut dezaten Jainkoaren amodioa eta bizi ditezen… Jainkoaren xedea beteko da, zuek zuen kargua
beteko duzuelarik : « Aitak igorri nauen bezala, nik ere igortzen zaituztet. »