Pazko Gau-beila (2016-03-26)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko elizkizuna laburtu beharrez, irakurgai gutxi entzun ditugu. Alde batera utzi ditugun horien artean, bada bat gogoan izan beharko genukeena: Hasiera liburukoa, mundua Jainkoak kreatua dela esaten duena. Hain zuzen, mundua Jainkoak kreatua den bezala, mundua Kristo berpiztuak birkreatua da: Jesu Kristok, berpiztean, mundu osoari beste izaera bat eman dio; ez fisikoki, bai izatearen hondo-hondoan. Eta ez gizakia bakarrik, baizik mundu osoa birkreatu du: astroak, lurra, animaliak, natura. Den-dena jaso du jainkozko izaerara. Den-dena jainkotu du.
Hori sumatzeko, hori barruntatzeko, hori sinesteko, begi berriak behar ditugu.
Adibidez, askotan esan izan denaren kontra, ikasleek ez zuten galdu Jesusengan zuten konfiantza. Ez al da gauza normala, maisua hiltzen ikusita, denek ihes egin izana? Ellakuria eta lagunak hil zituztenean, ahal zuten guztiek ihes egiten zuten. Ihes egite horrek ez zuen esan nahi, hildako haiekiko adiskidetasunari uko egin ziotenik.
Zer gertatu zen ikasleak Jesus bizi zela sinesteko? Jesus mundu honetara etorri aurretik, jende askok sinesten zuen piztueran. Jesusek eta ikasleek ere sinesten zuten. Hartu gogoan, Jesusek saduzearrekin izan zuen eztabaida hura. Eta Jesus hiltzean, ikasleak txunditurik gelditu ziren Jesusek agertu zuen maitasunaz: bere burua emateraino joan zen. Ikasleengan jarrera logikoa izan zen orduan: Jesus hori ezin gelditu da hilda. Jainkoa ona bada, eta badakite on-ona dela, ezin utzi du Jesus ezerezean. Eta hala hasi dira erreakzionatzen: BIZI DA, BIZI DA.
Baina ez dira iritsi konklusio horretara, hilobia hutsik ikusi dutelako. Maria Magdalenak hutsik ikusi zuen, baina ez zuen sinetsi. Pedrok hutsik ikusi zuen, baina ez zuen sinetsi. Pedrorekin batean hilobira joan zen ikasle maiteak sinetsi egin zuen; ez hilobia hutsik ikusi zuelako; baizik gogoeta eta intuizio bat izan zuelako: ordu arte ez zuten ulertu Liburu Santuak esana dio ebanjelioak. Batez ere, Emausko bi ikasleen testigantza dugu: Liburu Santuak aztertzearen aztertzeaz iritsi ziren Jesus bizi zela sinestera.
Senideok, saia gaitezen, Jesus berpiztua gero eta sakonago sinesteko, Jainkoaren Hitza maitatzen. Baina izan gogoan, Jesus berpiztua sinestea mundua berritu duela sinestea da. Ā«Entzun, hausnartu, ekinĀ»: horra Jesus piztu dela eta gutako bakoitza piztuko dela sinesteko bidea.
Dionisio Amundarain