ZOAZTE GALILEARA. HAN IKUSIKO DUZUE
Pazko Igandea2015eko apirilaren 5a Markos 16,1-7

Pazko Gaubeilan irakurri ohi den ebanjelio-pasarteak garrantzi aparta du. Gurutziltzatu dutena Jainkoak piztu duelako albiste handia dakarkigu; horrez gainera, ordea, hura ikusteko eta harekin topo egiteko zein bide egin adierazten digu.

Jesus ahantzi ezin duten hiru emakume miresgarriz mintzo zaigu Markos: Maria Magdalena, Santiagoren Maria eta Salome. Bihotzean asmo zoro hau sortu zaie, maitasun grinatsutik bakarrik sor daitekeena: «usain gozoko ukenduak erostea, Jesusen gorpua gantzutzeko».

Eta gauza harrigarria: hilobira iristean, irekia da. Gehiago hurbiltzean, berriz, «gazte bat ikusi dute zuriz jantzia», beren harriduratik lasaiarazi eta inoiz pentsatuko ez zutena agertu die.

«Nazareteko Jesusen, gurutziltzatuaren, bila zabiltzate?» Oker zabiltzate hildakoen artean haren bila. «Ez da hemen». Jesus ez da beste hildako bat gehiago. Ez da zertan negar egin hartaz, hari omenaldia egiteko. «Piztu da». Bizirik da betiko. Ezin aurkitu izango dute sekula hildakoen artean, izandakoen, zendutakoen artean.

Baina, hilobian ez bada, non aurkitu? Non egin genezake topo harekin? Jesusek berak esana ziena gogorarazi die gazteak emakumeei: «Zuen aurretik doa Galileara. Han ikusiko duzue». Berpiztua «ikusi» ahal izateko, Galileara itzuli beharra dute. Zergatik? Zertako?

Berpiztua ezin ikusi ahal da, haren ibilbidea bera egin gabe. Hura gure artean bizi-bizirik sentitu ahal izateko, abiapuntura itzuli behar da, eta Jesus gurutzera eta piztuerara eraman duen bizitzaren esperientzia egin behar da. Horrela egin ezean, doktrina txundigarria izanen da guretzat «Piztuera», dogma sakratua izanen da, baina Jesus ez dugu sumatuko geure artean bizirik.

Galilea izan da Jesusen jardueraren eszenatoki nagusia. Han ikusi dute ikasleek jendea sendatzen, barkatzen, askatzen, onartzen, guztiengan esperantza berria iratzartzen. Gauza bera egin behar dugu orain haren jarraitzaileok. Ez gaude bakarrik. Aurretik doakigu berpiztua. Ikusiko dugu haren urratsei jarraitzen badiegu. «Berpiztua» sumatzeko gauzarik funtsezkoena, ez da teologia ikastea, ezta liturgi ospakizuna ere, baizik Jesusi fedez jarraitzea.

Jose Antonio Pagola