Piztuera Igandea B 2018-04-01
HOMILIA

Anai-arrebok!

Elizak igande hauetan bi esaldi hauek errepikatzen ditu gehienik: «Kristo piztu da» eta «Jainkoak Jesus berpiztu du».

Kristauon fede honen inguruan, hiru galdera datozkigu gogora. Batetik, nola iritsi da Eliza fede horretara, Jesus piztu dela sinestera? Bigarren, zer da benetan Jesusen pizte hori? Eta hirugarren, zein ondorio ditu kristauarentzat?

Lehenik eta behin, nola iritsi ziren ikasleak Jesus piztu zela sinestera? Eta nola iritsi gara gu fede horretara? Ez dut uste, galdera horri erantzuteko une egokia den gaurkoa. Dena den, esan dezadan, atzo arratsean, Gaubeilan esan nuena: hondo-hondoan, Jesusen Espirituaren xuxurla eta hitz isila dago jokoan. Ez daukagu proba fisikorik, giza begiz edo belarriz ikusi eta entzuteko modurik Jesus berpiztua ikusteko, edo berari entzuteko.

Bigarren, zertan datza Jesusen piztuera? Honetaz, gogoan izan behar dugu, Jesusen garaiko jendeak bere ikuskera zuela munduaz eta unibertsoaz, eta gaur egun beste ikuskera bat dugula. Adibidez, har dezagun kontuan Jesusen Igokundea. Zerua goian, ludia erdian eta infernua behean. Jesusen garaiko ikuskera da. Gaur ezin ulertu dugu horrelakorik. Esaterako, zerua ez dago ez goian, ez behean, ez erdian. Ez dagon inon. Zerua ez da leku bat. Zerua izaera bat da. Zeruaz ezin esango dago / ez dago; baizik da / ez da. Bigarren adibidea: Jesus hatzez ukitzea. Jesus berpiztua, jainkozkoa da. Jainkoa ezin dugu ukitu. Jainkozkoa den Jesus berpiztua ere ez.

Piztuera ez da birbitze bat. Ez da gorpua edo hilotza bizitzara itzultzea. Jesusen piztuerak errotiko aldaketa bat adierazten du existentziari dagokionez, izaerari dagokionez: izaera transzendentea da, hau da, mundu honetaz gaindikoa, ludi honetaz gaindikoa. Jainkoarekiko elkartasuna esan nahi du. Munduko ez den baina munduan den errealitatea da. Aldi berean Afrikan eta Europan bizitzeko ahalbidea esan nahi du. Izateko beste era bat da.

Hau guztia nola gertatzen den, beste gauza bat. Misterio handi bat da. Mundu honetako legeen gaindikoa da. Soil-soilik, sumatu egin genezake; beti ere Jesusen Espirituaren argiz. Esaterako, errealitatean gertatzen dena jakingo ez bagenu, nork imajina lezake gure basoko haritz arbola handi hori ezkur-ale txiki batetik datorrela? Eta askoz ere gehiago: ni neu naizen hau, aitaren eta amaren hazitik natorrela?

Horrenbestez, Jesusen piztuera honela irudikatu genezake: heriotza igarotze bat dela, jaiotze berri bat dela, zeinetan pertsona Jainkoaren barnera pasatzen baita, eta «hartara iritsirik, zinezko pertsona betea izango naiz» (Antiokiako Ignazio santua).

Hirugarren, zein dira Jesusen Piztueraren ondorioak? Esan nahi du:
lehenik, Jainkoak orain berean pizten duela pertsona, munduaren azkenaren zain egon gabe. Eta piztu, oso-osorik pizten duela: gorputz eta arima, pertsona osoa. Nor bere nortasunarekin: izan den bezala. Maitasun bezala, solidaritate bezala, elkartasun bezala;
bigarren, Jainkoak gaitzari ematen dion erantzuna da; munduan den gaitza mugatuak izatearen ondorioa da; baina azkena ez da izango negatiboa; ebanjelariek bitasun hori adierazi nahi izan digute: alde batetik, «zergatik utzi nauzu eskutik» (mugatasuna); bestetik, «zure eskuetan uzten dut neure bizia» (osotasuna); bigarrena, beraz, Jainkoaren erantzuna da: betiko bizia, hautsia ez den bizia; onarpena den bizia; mahatsondoari betiko lotua den bizia.

Bukatzeko eta laburtuz, esan dezagun:
«Piztuz gero,
Jesusek ez du beste gorputz ikusgarririk,
kristauena baizik,
ez du beste maitasunik eskaintzeko,
kristauena baizik»

Dionisio Amundarain