Pazko igandea B (2015-04-05)
HOMILIA
«Jainkoak piztu egin du Jesus hirugarren egunean», aitortu du Pedrok Kornelio paganoan etxean. Eta Jainkoak ikustera eman die ikasleei Jesus berpiztu hori. Ezin ahaztu du Jesusen bizitza, gurutzean hil aurrekoa. Bera eta beste batzuk horren lekuko izan dira. Ez hori bakarrik. Jesus piztu izanaren lekuko dira.
Bai. Pedro eta gainerako apostoluak Jesusen lekuko izatera bidali ditu Jainkoak: on eginez bizi izan zen hura, hil egin dute, baina Jainkoak piztu egin du. Horra zer adierazten digun gaurko Mezako lehen irakurgaiak.
Gaurko ebanjelioak ere testigantza azpimarratzen du. Jesusekin bizi izan direnak haren lekuko eta testigu bihurtu dira Jesus hil ondoren.
Hor ageri da Maria Magdalena. Jesusekin ibili zen Galilean barna. Jesusi jarraitu zion Jerusalemera. Jesusen gurutzearen oinean egon zen. Eta Joan ebanjelariaren arabera, goizean goiz, artean ilun dela, Jesusen hilobira joan da, Hilobiko harria kendurik ikusi du. Eta korrika joan da ikasleengana albistea ematera: «Jauna eraman egin dute hilobitik, eta ez dakigu non jarri duten» esaten die. Artean Maria ez da fededun, Joanen arabera.
Ondoren, Mariaren albistea entzun orduko, hor doaz korrika Pedro eta beste ikaslea. Biek sinetsi zuten. Hala dio Joanek: «ordu arte ez zuten ulertu Liburu Santuek diotena: hark piztu egin behar zuela hildakoen artetik».
Eta beren fedearen berri ematen hasi ziren munduan barna. Jesusengan sinesten duenak, Jesus piztu dela sinesten duenak, ezin gorde isilik bere fedea.
Joanen ebanjelio honetan airean gelditu da Maria Magdalenaren kasua: «ez dakigu non jarri duten». Ez ote da hau gaurko munduan jende asko eta askoren kasua?
«Eraman egin dute Jauna hilobitik». Kristau askok uste izan du, bere erlijio-usteak erabat finkaturik zituela, segurtaturik zituela. Halako batean, umezurtz bezala gelditu da. Beste batzuk zuhurrago izan dira: Jesusengan sinesteko, bila eta bila ibili behar dela pentsatu du, eta bila eta bila jarraitu du. Ez dio tupust eginarazi munduan gertatzen diren zoritxarrek: ez goseak, ez gerlak, ez hondamendiak. Ez dio tupust eginarazi Elizaren baitan ikusten duen miseriak. Aitzitik, bere ahalbideen arabera, miseria eta hondamendi horiek nola arinduko saiatzera eragin dio. Jesusek ere bere bizitza guztian sumatu zuen Jainkoaren isiltasuna. Jainkoa ez balitz bezala. Batez ere Getsemanin eta Gurutzean. Halere, ez du galdu Aitaganako konfiantza. Eta azkenean, ARGI betea ikusi du. PIZTU egin da.
Senideok, Kristo bizi da. Ez dago hilobian. Gure artean bizi da. Bidelagun dugu. Ezin gorde dugu kolkoan ALBISTE HANDI HORI. Aleluia. Gora Jauna.
Jesus Jauna, guk badakigu heriotza garaitu duzula. Bizi zarela sinesten dugu. Sinesten dugu, gure fedearen arrazoia eta oinarria zure piztuera dela. Piztuera hori dela gure esperantzaren arnasa ere. Handitu ezazu gure fede hori, zure berri ematen saia gaitezen. Amen. Aleluia.
DIONISIO AMUNDARAIN
[José-Roman Flecha Andrés-en “El día del testimonio” (Domingo de Pascua de la resurrección del Señor. B. 5 de abril del 2015) delakoan inspiratua]