JAUNAREN AURKEZPENA TENPLUAN A (2020-02-02)
SARRERA
Senideok, Jesus Tenpluan aurkeztu izana ospatzen dugu gaur. Garrantzizkoa da jaiaren izena. Ekialdeko Elizan, Topo Egitearen Jaia deitzen diote. Garai batean, gure artean, Mariaren Garbikuntza esaten zitzaion edota Kandelaria eguna, kandelekin egindako prozesioa zela-eta.
Gaur, esan bezala, Jaunaren Aurkezpena deitzen diogu. Epifania egunean bizi izan genuen sinbolismoa bera du gaurko honek ere: Jesus Jauna gizon-emakume guztien argia dela ospatzen dugu.
Bizi gaitezela bihotza irekirik, argi hori sumatu, ikusi eta bizitzeko.
LEHEN IRAKURGAIA Malakias profetaren liburutik (3,1-4)
Malakias profeta Israel herriaren garai gogor eta zail batean bizi izan zen, herria Babiloniatik itzuli eta tenplua berreraiki ondoren.
Herria desanimaturik bizi da. Giro horretan agertu da Malakias profeta. Esaten du, aurretik mezulari bat duelarik, Jauna iritsiko dela, eta herriaren zabarkeria guztiak desegingo dituela. Jaunaren etorrerak dena garbituko du, suak metala bezala.
Jaunaren etorreraz mintzo da Malakias. Jauna etortze hori askotan aipatzen da Biblian. «Jainkoak dio: Ni naiz Alfa eta Omega, den hura, zen hura eta etorri datorren hura, Guztiahalduna» (Ap 1,8). Jainkoa etorri dator eta ezer ez da zutik geldituko, zeren Jaunaren presentziak gauza guztiak eraldatuko baititu.
BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako idazkitik (2,14-18)
Hebrearrei egindako idazki hau homilia bat da; kristauentzat interes handia duten gai askoz ari da.
Gaurko pasarte honetan, Jainkoa gizon egin izanak duen garrantziaz ari da idazlea. Jesusek sufritu egin du, eta hau eskandalagarri da; izan ere, autoreak berak esana du aingeruek adoratu egiten dutela Jesus; nola lotu bi gauzak: aingeruek adoratua eta, halere, sufritu beharra.
Gaurko pasarte hau baino lehentxeago dator horren argibidea: santutzailea eta santutuak, denak hari berekoak dira (Heb 2,11). Gizon-emakume guztien onerako jasan du Jesusek sufrimendua eta gurutzea. Baina orain aintzaz koroatua dago.
Testuak bukaeran dio, Jesusen heriotza, gu heriotzatik libratzeko izateaz gain, esperantza eta adore iturri dela gu guztiontzat; alegia, eredu bat dela sufritzen ari diren guztientzat.
EBANJELIOA Lukas 2,22-40)
Lukasen ebanjelioko pasarte honetan Moisesen Legeko bi gertaera aipatzen dira; batetik, haur bat jaio ondoren, amak garbitu beharra zuela; bestetik, lehen jaioa berreskuratu egin behar zutela. Jesusen gurasoek, pobreak zirelako, pobreen eskaintza egin zuten.
Segidan, bi pertsona adinekoek Jesusi egin dioten harrera agertzen digu ebanjelioak: Simeonek eta Anak egin diotena. Simeonek kantu bat abestu du, Jainkoak Mesias ikusteko aukera eman diolako.
HERRIAREN OTOITZA
(Apaizak:) Simeon eta Ana Jesusekin topo egitera gidatu zituen Espirituak berak argiturik, jo dezagun Jainkoagana, bera ezagutu eta berari jarraitzeko gogoa agertuz, eta otoitz egin dezagun gizon-emakume guztien alde.
ERANTZUNA: Egizu, Aita, izan gaitezela argi, gizon-emakume guztientzat.
1.-Jesusen jarraitzaile guztientzat: geure keinu, hitz eta egintzez, mundua Jainkoaz kutsatu dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Erakunde on-egileetan lan egiten duten guztien alde: beren eguneroko lanaren bidez, mundu osoan elkar bizitza zuzen eta baketsua bideratu dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gure inguruneko haur jaioberrien etorrerak poza eta alaitasuna eragin dezan. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Geure ingurunean ditugun adineko jendearen eta gaixo guztien alde: besteen onarpena sumatu eta senti dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
(Apaizak:) Lagundu iezaguzu, Jauna, Simeonen eta Anaren konfiantzaz bizitzen; senti dezagula geure bizitzan zurekin topo egin beharra.