MEZA OSTEGUN SANTUA C OHAR 2019-04-18
SARRERA
Anai-arrebak! Pazko-hirurren santua hastera goaz. Jesusen nekaldi, heriotza eta piztuerarekin batean, geure nekaldia, heriotza eta piztuera ospatuko eta biziko ditugu egun hauetan.
Gaurko honetan, hiru misterio hauek biziko ditugu modu berezian: Jesusek ikasleei oinak garbitu izana, Jesusek bere gorputz-odolak utzi izana, Jesusek kristau guztiok apaiz egin izana.
Lehenik, Jesusek ikasleei oinak garbitu: garai hartan esklaboen egitekoa zen hori; Jesusek Azken Afarian ikasleei oinak garbitu. Jesus ez da etorri mundura nagusi izateko eta agintzeko; baizik zerbitzari izateko. Hori adierazi nahi du oinak garbitze horrek.
Bigarren, Paulok esan bezala, Jesusek bere gorputz-odolak eskaini dizkigu. Jesusek berak argitu digu zer esan nahi duen horrekin: zuen arbasoek basamortuan mana jan zuten eta hil egin ziren; nire gorputz-odolak jan eta edango dituena ez da hilko.
Hirugarren, Bataioan guztiok egin gaitu apaiz eta profeta; apaiz, Jainkoari mundu osoaren alde erregutzeko; profeta, Jesusen heriotzaren eta piztueraren berri gizon-emakume guztiei emateko. Benetan, zeregin handia gurea!
Lehen irakurgaia, Paulok Korintoarrei egindako lehen gutunetik (1 Ko 11,23-26)
Tradizio bat hartu du Paulok. Eta tradizio horren berri eman beharra sentitu du. Hauxe da tradizioa: Jesusek, bere burua gurutzerako eman aurretik eta ikasleekin elkarturik, ogia eta ardoa hartu zituen, Jainko Aitari eskerrak eman zizkion, bedeinkatu zituen ogia eta ardoa, eta bere Gorputz eta Odoltzat eman zizkigun. Eukaristia ospatzen dugun bakoitzean, gure arteko bihurtzen da Jesus modu berezi-berezian, bere burua eskaini duen bat bezala, gure indar izateko. Azpimarra dezagun: gurekin bat egiten du Kristok edota guk Kristorekin bat egiten dugu. Jan-edate honek, beste ezer baino gehiago, Jesusekin bat egite hori adierazten du, bat egite misteriotsua baina egiazkoa.
EBANJELIOA SAN JOANEN LIBURUTIK (Jn 13,1-15)
Jesusek ez zuen ospatu juduen Pazko-afaria; bere Azken Afaria antolatu zuen. Jesusen Pazko-afaria izan zen; juduen errituak ez ziren orduz gero ezertako: Jesus bera zen bildotsa, Jainkoari eskainitako bildotsa gizadiaren osasunerako. Bazekien laster hilko zutela, eta agur-afaria eskaini zien ikasleei.
Besteak beste, juduen pazko-afarian egiten ez zen gauza berezi bat egin zuen, esanahi berezia duen gauza bat: zutik jarri, gain-jantzia erantzi, eta ikasleei oinak garbitu. Ezin ulertu dute hori ikasleek. Eginkizun hori esklaboen egitekoa izaten zen. Edota etxekoandrearen eta honen alaben egitekoa. Jesusen Azken Afari honetan, berriz, Maisua eta Jauna den Jesus bera hasi da esklaboen lana egiten. Horixe da Jesusek eman digun ikasbide handia. Bata bestearen zerbitzari izan behar dugula.
OINAK GARBITZEAN OHARPENA
Norbaiti oinak garbitzea gauza umiliagarritzat zuten antzina hartan. Gaur ere bai. Horregatik, Pedrok Jesusi ez zion utzi nahi berari oinak garbitzen. Pedrok ez zuen ulertu Jesusek zer agertu nahi zien keinu harekin. Imajinatzen al duzue gure Lehendakaria Lazkaoko Zaharren Egoitzako gaixo batzuei oinak garbitzen? Ba, Jesusek gauza handiagoa egin zuen. Bera heriotzara salduko zuenari ere, Judasi alegia, oinak garbitu zizkion. Sentimenduaren aldetik harturik, bai maitasun handia agertu ziola Jesusek Judasi, bai orduan, bai Getsemanin esan zionean: «Musu batekin saldu behar al nauzu?» Baina sentimenduzko ikuspegi horretatik aparte, beste hau da Jesusek adierazi nahi diena eta diguna: zerbitzari izatera etorri dela bera, eta beste horrenbeste egin behar dutela eta dugula jarraitzaileek.