Ostegun Santua A Meza OHARPENAK 2015-04-02
SARRERA
Anai-arrebak! Pazko-hirurren santua hastera goaz. Jesusen nekaldi, heriotza eta piztuerarekin batean, geure nekaldia, heriotza eta piztuera ospatuko eta biziko ditugu.
Gaurko honetan, hiru misterio hauek biziko ditugu modu berezian: Jesusek ikasleei oinak garbitu izana, guk berarekin bat egiteko Jesusek bere gorputz-odolak utzi izana, Jesusek bere heriotzan eta piztueran murgildu gaituen kristau guztiok apaiz egin izana.
Lehenik, Joanen gaurko ebanjelioan datorrenez, Jesusek ikasleei oinak garbitu: garai hartan esklaboen egitekoa zen zerbait egin zuen Jesusek bere Azken Afarian: ikasleei oinak garbitu. Jesus ez da etorri mundura nagusi izateko eta agintzeko; baizik zerbitzari izateko etorri da. Hori adierazi nahi du oinak garbitze horrek. San Joan ebanjelariak, beste hiru ebanjelariek ez bezala, ez digu kontatu Jesusek Azken Afaria nola ospatu zuen; horren ordez, oinak garbitze hori kontatu digu. Esan nahi du, Eukaristiak, azken batean, horixe esan nahi duela: Jesus zerbitzari izan dela eta, beraz, Eukaristia ospatzen dugunok elkarren zerbitzari izan behar dugula.
Bigarren, Paulok gaurko bigarren irakurgaian adierazten digunez, Jesusek bere gorputz-odolak eskaini ditu. Jesusek berak argitu digun zer esan nahi duten horrekin: zuen arbasoek basamortuan mana jan zuten eta hil egin ziren; nire gorputz-odolen jan-edari hau zerutik jaitsi den ogia eta ardoa dira; hauek jango eta edango dituena ez da hilko. Ni neu naiz ogi bizia, zerutik jaitsia; norbaitek ogi hau jaten badu, betiko biziko da.
Hirugarren, Bataioan guztiok egin gaitu apaiz: guztiok egin gaitu apaiz, Jesusen heriotzaren eta piztueraren berri gizon-emakume guztiei emateko. Benetan, zeregin handia gurea!
Lehenengo irakurgaia: 1 Korintoarrei (11,23-26)
Tradizio bat hartu duela dio Paulok. Eta tradizio horren berri eman beharra sentitzen du. Hauxe da tradizio hori: Jesusek, bere burua gurutzerako eman aurretik eta ikasleekin elkarturik, ogia hartu zuen, Jainko Aitari eskerrak eman zizkion, bedeinkatu zuen ogia eta bere Gorputz eta Odoltzat eman zigun. Eukaristia ospatzen dugun bakoitzean, gure arteko bihurtzen da Jesus modu berezi-berezian, bere burua eskaini duen bat bezala gure indar izateko. Azpimarra dezagun: gurekin bat egiten du Kristok edota guk Kristorekin bat egiten dugu. Jan-edate honek, beste ezer baino gehiago, Jesusekin bat egite hori adierazten du, bat egite misteriotsua baina egiazkoa.
EBANJELIOA SAN JOANEN LIBURUTIK (Jn 13,1-15)
Jesusek ez zuen ospatu juduen Pazko-afaria; bere Azken Afaria antolatu zuen. Jesusen Pazko-afaria izan zen; juduen errituak ez ziren orduz gero ezertako: Jesus bera zen bildotsa, Jainkoari eskainitako bildotsa gizadiaren osasunerako. Bazekien laster hilko zutela, eta agur-afaria eskaini zien ikasleei.
Besteak beste, juduen pazko-afarian egiten ez zen gauza berezi bat egin zuen, esanahi berezia duen gauza bat: zutik jarri, gain- jantzia erantzi, eta ikasleei oinak garbitu. Ezin ulertu dute hori ikasleek. Eginkizun hori esklaboen egitekoa izaten zen. Edota etxekoandrearen eta honen alaben egitekoa. Jesusen Azken Afari honetan, berriz, Maisua eta Jauna den Jesus bera hasi da esklaboen lana egiten. Horixe da Jesusek eman digun ikasbide handia. Bata bestearen zerbitzari izan behar dugula. Pedrok ez du ulertu Jesusen keinua. Jesusek esan dionean, oinak garbitze ez badizkio, berarekin zerikusirik ez duela izango, amore eman du Pedrok. Baina artean ez du ulertu benerako esanahia; uste izan du, juduek egin zuten garbitze-erritua dela Jesusek egin nahi duela. Geroago ulertuko du ez dela juduen erritu-kontua, baizik zerbitzari izateko keinua eta adierazpena dela. Ebanjelioa ez da sentimendu hutsa. Ez da hitz-jario hutsa. Bada euskaraz esaera zahar bat: Gaixo denari, errukia agertzea baino hobe, laguntza ematea. Gaixoari bezala, gose denari, kartzelan denari, biluzik denari…
OINAK GARBITZEAN OHARPENA
Norbaiti oinak garbitzea gauza umiliagarritzat zuten antzina hartan. Gaur ere bai. Horregatik, Pedrok Jesusi ez zion utzi nahi berari oinak garbitzen. Pedrok ez zuen ulertu Jesusek zer agertu nahi zien keinu harekin. Imajinatzen al duzue gure Lehendakaria Lazkaoko Zaharren Egoitzako gaixo batzuei oinak garbitzen? Ba, Jesusek gauza handiagoa egin zuen. Bera heriotzara salduko zuenari ere, Judasi alegia, oinak garbitu zizkion. Sentimenduaren aldetik harturik, bai maitasun handia agertu ziola Jesusek Judasi, bai orduan, bai Getsemanin esan zionean: «Musu batekin saldu behar al nauzu?» Baina sentimenduzko ikuspegi horretatik aparte, beste hau da Jesusek adierazi nahi diena eta diguna: zerbitzari izatera etorri dela bera, eta beste horrenbeste egin behar dutela eta dugula jarraitzaileek.
HERRIAREN ESKARIAK
1.- Elizarentzat: begiak Jesusengan ezar ditzan; mundutar botere guztie uko eginez, pobreen zerbitzari izan dadin. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Apaiz ordenatuen alde: esperantza handiz eta alai biziz, bataioaren bidez, apaiz diren beste kristau guztientzat, fedearen eta esperantzaren testigu argi eta leial izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.- Herrien eta nazioen gidaritza beren esku dutenen alde: saia daitezela garapen solidarioa eta gizarte-zuzentasuna eragiten, gizartean zokoratuenak direnei bizitza duinago eskainiz. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Lazkaoko kristau-elkartearen alde: zerbitzari, apal eta gainerakoei emana izanik, Jesus gure egiazko Jauna eta askatzailea eta zerbitzaria dela ager dezan. Eska diezaiogun Jaunari.