. OSTEGUN SAINDU
Kontzilioak egun saindueri beren bazko izaitea eman diotenetik, ortzegun sainduak bere egiazko nortasuna bereganatu du, gure fedearen erdi-erdian denaren ospatzea : heriotzetik pizterat « pasatzea’ (Bazkok hori erran nahi du). Heriotzea, heriotze libratzailea lehen irakurgaian erakutsia da : Juduek ospatzen zuten librantza bildots baten sakrifikatzea zen. Bildots hura kristoren aitziniduria zen, bekatua kentzen duen Jainkoaren bildotsa, bide berez egiazko libertatea emaiten daukuna. Bainan Paulok du agerian ezartzen eukariztiaren eta Kristo kurutzean hiltzearen arteko lokarri hertsia, Jesusen hitzak errepikatzen dituelarik : hau ene gorputza da, zuentzat eman izan den gorputza. Kopa hau Elkargo Berria da, bainan kurutzean ixuri odolean finkatua. Eta Paulok dio aitzina : ogi hau janen eta kopa huntarik edanen duzuen guziz Jaunaren heriotzea mezutuko duzue. Eta hausnarketa zangoen garbitzearen kondaira ezohiko batekin bururatzen da, solasaz kanpokoa iduri duena. Bainan ekintza horrek erakusten du nola Jesusek dena eman duen kurutzean hilez. Eukariztiak, beraz, kristoren heriotzearekin lokarri zuzena du. Egia erran, arrats hartan, historiaren arabera, Jesus ez zen oraino aintzan sartua. Bainan guk, orai, kristo aintzatsuarekin ospatzen dugu. Kristo piztua gure artean da, eta gure baitarat hartzen dugu, aintzarat altxatu duen Izpiritua baitan. Gure librantza aintzatsuaren apairua dugu hartzen. Gure librantza ! Bai hori dugu ospatzen gaur arratsadanik, bihar eta Bazko gauean eginen dugun bezala. Horra hor zergatik bihurtzen ditugun eskerrak : heriotzean bururatzen den bizi baten itxuragabekeriatik libratzen gaitu krixtok. Kristoren pizteak gure bizi guziari argi emaiten dio. Librantza hori Kristok dauku emaiten. Haatik, onartu behar dugu. Kristo utzi behar dugu gure libratzera. Ez da aise gure segurantzak uztea, gure xede pollitak baztertzea Izpirituaren haizeak altxa gaitzan. Atera gaiten guhauren baitarik Amodian sartzeko. Horra Bazkoko liturgia. Gaurko liturgian hor dugu lehenik Bazkoko Bildotsaren kantua : Jesus da lehen irakurgaian aipu den bildotsa, bildots hila, janaritzat emana. Gero apezgoa aipu da : gaur dio Jesusek bere Elizari erraiten : hau egizue nere orroigarri. Hamabiak hautatzen ditu eta heieri emaiten zaintzera fededunak, heieri uzten ere Eukariztia. Azkenik, horra Amodioaren xaramela. Ohartzekoa da liturgiak emaiten daukula irakurtzera zangoen ikuztearen kondaira -eta ez azken afariarena- . Mezaren abiapundua kristoren sakrifizioa da, eta helburua ere dohaina, guhauren buruaren ahaztea gure haurrideen zerbitzurako. Bat eta bestea ederki emaiten ditu argitan zangoen ikuzteak. Egungo irakurgaiak elgarrekin ontsa doatzinak dira : Testamendu Zaharrak emaiten dauku juduek nola ospatzen zuten Bazko ; Paulok berriz nola ospatzen zen Kristoren Bazkoa ; eta Ebanjelioak nola ospatu behar dugun guhauren Bazkoa.

OSTEGUN SAINDU
Lehen irakurgaia

( Bazko bildotsa )

Jalgitza liburutik 12,1-8.11-14

1 Egiptoko lurretan, Jaunak Moisi eta Aaroni erran zioten: 2 “ Hilabete hau izanen duzue hilabete nagusia, urte guziko lehena. 3 Errozue Izraeldarren elkarte osoari: Hilabete hunen hamarrean, familia bakotxak har dezala bildots bat, familia eta etxe bakotxeko bana. 4 Abere osoa jateko familia aski ez bada,lehen auzoarekin har dezala, zenbat lagun diren ikusiz. Bildotsa hartuko duzue, bakotxak jan dezakeenaren arabera. 5 Bildotsa hutsik gabea izan bedi, arra, urtekoa, arkume edo antxume. 6 Hilabetearen hamalaua arte begiratuko duzue, eta ilunabarrean hilen dute Izraeldar elkarteko guziek . 7 Haren odoletik hartuko duzue eta ezarriko bildotsa janen duten etxetako ateburu eta habeetan; 8 Gau hortan haragia suan errerik janen dute, altxagarri gabeko ogiarekin eta belar kiretsekin. 11 Hunela janen duzue: gerrikoa gerrian, oinetakoak soinean, makila eskuan; presaka janen duzue, Jaunaren Bazkoa baita. ( Erran nahi baita: Jaunaren iragaitea ) 12 Gau hortan, Egipto osoan gaindi iraganen naiz, eta hilen ditut Egiptoko lurraldean lehen ume guziak, bai gizakienak, bai abereenak. Eta nere jujamendua emanen diotet Egiptoko jainkoeri nik, Jaunak. 13 Odola izanen duzue ezaugarri zaudezten etxetan. Odola ikustean, aitzina iraganen naiz: eta ez da izanen zuen kontra herio-zigorrik, nik Egiptoko lurraldea jotzean. 14 Egun hau orroigarri izanen duzue, eta besta handi eginen diozue Jaunari. Besta hunen ospatzea betiko lege izanen duzue, gizaldiz gizaldi.

Irakurgai huntan ikusten da Juduek nola egiten zuten bazko apairua, noiz sortu zen eta zer erran nahi zuen. Egiptotik ateratzea bildotsaren odolari esker egin zen. Juduek beren ateak Bazko Bildotsaren odolaz markatu zituzten eta aingeru suntsitzaileak bizirik utzi zituen. Bazko apairu errituala gertakari horren orroigarria izanen da. Apairu hori familian egiten zen. Prisaka jan behar zen, uhala gerrian, oinetakoak soinean, makila eskuan, abiatzeko prest. Apairu hori esker onezkoa zen, librantzaren gatik. Jesusek egitura hori bera atxikiko du, bainan erran-nahia aldatuz. Judu apairu hori meza bilakatu da, librantza handiago eta barnago baten orroigarri, Jesusen odolaz ardietsia, hura baita egiazko Bazko Bildotsa. Familia berria, Izraeldar batzar berria, gure anaidia da, Eliza.
Biltzen da eskerren bihurtzeko, bideko janariaren hartzeko, Jainkoari buruz uhala gerrian joaiteko, ospean noiz etorriko den beha dagola. Hemen ikusten da nola elgarri lotuak diren Testamendu Zahar eta Berria, lehenaren ospatzeak bigarrenari bidea zabaltzen diola. Lehen bi irakurgai hauek bat bestearen ondotik irakurtu behar dira, edo berdin Ebanjelioko azken apairuaren kondaira batekin, hala nola Matiu 26, 26, besteak beste. Bazko apairua egiten da gure arbasoen alde eta gure alde mirariak egin dituenaren eskertzeko, laudatzeko, goresteko, goraipatzeko, ospatzeko. Esklabo ginelarik, libratu gaitu ; dolutik bestarat, ilunpetik argirat ereman gaitu. Kantu berri egin dezogun.
Ebanjelioek garbiki erakusten daukute judu Bazkoko esker onak orai Jesusi buruzkoak direla, hunek librantza osoa ekarri baitauku « Elkargo berri eta betikoaren odolaz.»

Salmoa 115

Leloa: Zeru kalitza dut hartuko Jaun izenari kantuz ari!

Zer dut Jaunari bihurtuko, Hainbertze baitaut eman neri? Zeru kalitza dut hartuko, Jaun izenari kantuz ari. Jainkoarentzat gauza gaitza Bere sainduen heriotza. Zuri naiz, Jauna, dena zuri, Ez dut orai nik deus lokarri. Nik zor eskerrak sarri zuri, Jaun izenari kantuz ari. Nik zer eskerrak Jainkoari, Jaunaren haurrak, bil kantari. Eskerrak nola bihur zuri Jauna, salbamenduaren kopa huntaz baizik : librantza ekarri daukuzu zeure Semearen bidez.

Eukariztia hunek orroitarazten dauku Jesusek hil behar ukan duela eta piztu dela. Zuk dituzu haren lokarriak puskatu. Esker onezko sakrifizioa eskainiko dauzut beraz, eta Kristorekin, haren baitan eta haren bidez otoitz eginez goretsiko zaitut.

Bigarren irakurgaia

( Jaunaren afaria )

Jondoni Paulok Korintiarreri 11,23-26

Haurrideak, 23 Jaunarenganik ikasia irakatsi dautzuet: Jesus Jaunak,saldu zuten gau hartan, ogia hartu zuen, 24 eta eskerrak emanez, zatitu zuen, eta erran: “ Hau nere gorputza da, zuentzat emana. Egizue hau nere orroigarri.” 25 Afal ondoan, gauza bera egin zuen kalitzarekin, erranez: “ Kalitza hau Batasun berria da ene odolean. Edanen duzuen aldi oroz, egizue nere orroigarri.” 26 Beraz, ogi hau jaten eta kalitza huntarik edaten duzuen bakotxean, Jaunaren heriotzea iragartzen duzue, bera etorri arte.

Korintiarreri lehen gutuna Kristo ondoko 56a inguruan idatzia izan da, gertakarietarik 25 bat urteren buruan, Ebanjelioak baino lehenago. Azken afariaren lehen kondaira dugu hau, beraz.
Paulok hemen diona ez du beretik ateratzen, Jaunaren ganikako tradizionea emaiten du. Hor aurkitzen dugu hirukote miresgarria : bere burua guretzat emaiten duen Kristo Salduaren orroigarria, Jesus beraren presentzia (hau jaten eta edaten duzuelarik ni nauzue hartzen, hau ene gorputza baita eta ene odola) eta azkenaren mezutzea (noiz etorriko den beha gaude). Kopa huntarik edanen duzuen guziz, ene orroigarri egizue. Orroitzapen bakarrik? Aise gehiago. Elkargo Berria berriz egitekoa da eukariztia bakotxean. Paulok nahi duena da azken afaria eta Kristoren Pasionea elgarri lotzea : eukariztia ez da bakarrik Jesusen prensentzia; presentzia askatzailea, libratzailea da, eta guhaur ere askatzaile izan gaitezen besteentzat.

Ebanjelioa

Dugun denek elgar maita, Zuk maitatu bezala!
Huna emaiten dutan manu berria: Denek elgar maita zazue Nik maitatu bezala.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 13,1-15

1 Bazko besta aitzinean, Jesusek baitzakien mundu huntarik Aitarenganat iragaiteko ordua etorria zuela, maite izan baitzituen munduan ziren bereak, azken bururaino maitatu zituen. 2 Afaltzen ari ziren.
Ordurako debruak buruan sartua zion Judas Izkariot, Zimunen semeari, Jesusen saltzeko xedea. 3 Baitzakien Aitak dena eskuetan ezarria ziola, Jainkoarenganik etorria zela, eta Jainkoarenganat zoala, 4 Jesus mahainetik xutitzen da, soingainekoa kendu eta oihal bat harturik, lotzen du gerrian. 5 Gero, untzi baterat ura ixurtzen du, eta hasten da dizipuluen oinen garbitzen, eta gerrian zuen oihalaz xukatzen. 6 Heldu da beraz Zimun Petriren aitzinerat. Hunek erraiten dio: “ Jauna, zuk neri oinak garbi ? ” 7 Jesusek ihardetsi zion: “ Zer ari naizen, zuk ez dakizu orai, bainan gero jakinen duzu.” 8 Petrik berriz: “ Ez, zuk sekulan ez dautazu oinik garbituko.” Jesusek ihardetsi: “ Garbitzen ez bazaitut, ez duzu nerekilakorik izanen.” 9 Zimun Petrik erraiten dio: “ Jauna,orduan ez oinak bakarrik, bainan, eskuak eta burua ere.” 10 Jesusek erraiten dio: “ Mainatu denak ez du garbitze beharrik, osoki garbi baita; eta zuek garbi zirezte, bainan ez denak.” 11 Alabainan, bazakien nork salduko zuen; eta horren gatik erran zuen: “Ez zirezte denak garbi.” 12 Heien oinak garbitu ondoan, soingainekoa jantzirik, berriz mahainean jarri zen, eta erran zioten: “ Ba ote dakizue zer egin dautzuetan? 13 Zuek, Irakaslea eta Jauna deitzen nauzue: eta arrozoin duzue, hala bainaiz. 14 Beraz, nik Jaun eta Irakasle naizenak, oinak garbitu badauzkizuet, zuek ere behar ditutzue elkarri oinak garbitu. 15 Etsenplua eman dautzuet, nik zueri bezala zuek ere egin dezazuen.”

Jesusek ez ditu apostoluak beren ber utzi nahi. Heien ahuleziak ezagutzen ditu, heien ohore-gosea, nausi-nahia. Bera apaltzen da heien aitzinean, zerbitzari egiten heien zangoen garbitzeko, ikas dezaten zerbitzari izaiten. Apaltasun hori bali bada Elizan « buru » izanen direnentzat, are gehiago Kristoren dizipulu ororentzat.Bainan apaltasun erakaspen hori baino gehiago bada. Ingurumenak beste zerbait ere adiarazten du : zangoen garbitzea Bazko aitzinekoa da, bazko bildotsa hil aitzinekoa. Jesusen orena da, pasionearena, mundu huntarik Aitaren ganat pasatzeko orena. Judasek gogoan du jadanik Jesusen saltzea. Orduan Jesusek, laster eginen duenaren seinale bat emaiten du, bururainoko amodioaren seinale bat, kurutzearen azkeneraino apaltzearen seinalea. Dizipuluen zangoetarat ura ixuriz, bere odolaren ixurtzea du adiarazten : Petrik ez du konprenituko Jesus piztuko den arte : apaldu, dena eman bururaino. Petri iduriak gira, ez dugu oraino konprenitzen (gure arrazoinarekin).
Orduan errefusatzen dugu : ez, ez dautazu zangorik garbituko ! Jesusi jarraiki nahi ez dugulako seinale ote ? Jesusek : zangoak garbitzenen ez badauzkizut, ez duzu enekilakorik ukanen. Bai, bidea apaltasuna da, amodioa bururaino. Etsenplua eman dauzuet, zuek ere nik zuentzat egin dutan bezala egin dezazuen : dena eman. Jondoni Joanik ez du aipu Jesusek lehen eukariztia egin zuelakorik. Ez du « ahantzi » nihundik ere : bere Ebanjelioko seigarren kapitulu osoan Jesus biziaren ogia dela errepikatzen du.
Hemen azpimarratzen du apaltzea, besteen zerbitzuko jartzea, eukariztiaren oinarrizko ezaugarri bat dela. Jesusek ez diote dizipulueri galdegin untzi bat hartu eta hartan besteen zango garbitzen artzea. Zangoen garbitzea seinale bat da hunen adiarazteko : apaltasunean, errespetuz, ongi etorri egin behar diotegula gure haurrideeri, bereziki beharrean direneri : xaharrak, langabeak, penetan direnak, etsituak, bazter utziak. Eta hori Jesusen partez eta haren izenean egiten dugu.
Komunionea eta Sakramendu Sainduaren prozesionea
Arrats huntan, kominionea handienean egin behar da : argi, lili, mahai-oihal xuri, jendeak ontsa bildurik, ahalaz mahai luze baten inguruan, ogi eta arno askirekin, denek batetik eta bestetik ukan dezaten.
Kominiatu aitzin, bakotxak bakea eman dezake usaian baino kar gehiagorekin. Oroz gainetik giro ona behar da, bozkariotsua ; kantu ederrak, ixilune anitz… Hots, dena usaian baino kartsukiago. Kominione ondoan, apezak prozesionean eremaiten du erresalbu saindua bere lekurak, Ostirale Sainduz hartaz kominiatzeko. Ontsa litaike parte hartzaileak adorazionean egon balite gauaren parte bat : afaria Jesusekin partekatu duena, harekin gau-beilan egoitera ere deitua da.