Ostegun Santua B (2015-04-02)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Ostegun santua. Bi hitzetan esateko, maitasunaren eguna da, askapenaren eguna. Ikasleei oinak garbituz agertu digu Jesusek, nolako maitasuna dion Jainkoak gizadiari: ez da Jainko handi, boteretsu, guztiahalduna. Jainko zerbitzaria da. Jainko askatzailea.

Azken Afariaz hitz egitean, hiru ebanjelio sinoptikoek Eukaristia agertzen digute: Jesusek, gure artean gelditu nahi izan du, guztiok maitatzen. Adierazten digu, beste horrenbeste egin behar dugula batak bestearekin: berak maite gaituen bezala, guk ere elkar maitatu.

Aipatu hiru ebanjelio sinoptiko horiek ez bezala, Joan ebanjelaria ez da mintzo, zuzenean behintzat, Eukaristiaz. Horren ordez, Jesusek ikasleei oinak garbitu dizkiela esan digu.

Zergatik alde hori? Zergatik ez dute aipatu oinak garbitze hori hiru ebanjelio sinoptikoek? Zergatik ez du aipatu Joanen ebanjelioak Eukaristia? Ez dakigu. Exegeta baten hipotesia da hau: Joanen ebanjelioa da idatzi den azkena, lauetan azkena; ordurako, kristauen hasierako berotasuna epeltzen hasia zen; Eukaristia ospatzean, hasiak ziren kristauak Eukaristia horren konpromisoaz ahazten, Eukaristia erritu huts bihurtzen; hargatik, Joanek, Azken Afaria oinak garbitzearekin lotuz, bultzada bat eman nahi izan dio kristau-elkarteari, Eukaristiaren muinaz ahaztu ez daitezen.

Senideok, ez dakigu aipatu exegeta horren hipotesia horrek egia historikoa adierazten ote duen. Edozein kasutan, erronka handia bota digu: gure Eukaristia Jesusen misterio handiaren oroitzapena al da? «Egizue hau nire oroigarri» esan digu Jesusek. Zeren edo noren oroigarri? Gu askatzeko, ezin neurtuzko maitasunez, gizon egin den Jainkoaren, sekulakoak jasan dituen Jainko-gizon baten, aita eta ama izanik bere bizia eman duen seme baten oroigarria.

Jesusek ez du opatu nahi izan juduen pazkoa. Bere pazkoa ospatu du. Israeldarrek Egipton ospatu zuten pazko hura bere betera eraman nahi du. Israeldarrek liberazioa ospatu zuten, egiptoarren mendetik libre izatea. Jesusek bere pazkoan beste askapen bat ospatu nahi izan du: munduan diren esklabotza guztietatik liberatzea. «Egizu hau nire oroigarri» esatean, erabateko liberazio horretan parte hartzeko eskatu digu.

Gaurko Eukaristia honek lagundu diezagula geure bizitza osoa zerbitzu-espirituaz bizitzen.

DIONISIO AMUNDARAIN