Urteko 24. igandea A Oharrak (2014-09-14
GURUTZEAREN GORAPENA

SARRERA

Anai-arrebok! Gurutze santuaren gorapena ospatzen dugu gaur. Has gaitezen Avilako Teresa natuaren gogoeta honekin: «Gurutzean daude bizia eta kontsolamendua, gurutzea bakarrik da zerurako bidea».
Gaurko ebanjelioa Joanen liburutik hartu dugu; hain juxtu, Joanen ebanjelioak Jaunaren gurutzea gorapen bezala agertu digu. Ebanjelioaren hasieratik beretik aitortu du hori ebanjelari horrek: «Moisesek basamortuan brontzezko sugea goratu zuen bezala, hala da goratu beharra Gizonaren Semea» (Jn 3,14). Horixe da giltzarria Jesusen misterio osoa ulertzeko: beheratu delako goratua izan da; gurutzean hiltzeraino apaldu delako, bere aintza lortu du. Jesusen aintza, izan ere, gizon-emakumeok salbatu izana da: goratuko nautenean, denak nigana erakarriko ditut. Jainkoaren Semeak, Gizonaren Seme egin denean, Jainkoaren misterioaren berri eman digu; Jainkoaren maitasuna gurekiko nolakoa den agertu digu.
Israeldarrei basamortuan gertatu zaiena gertatzen zaigu guri. Sugeak pozoitzen zituenean, Moisesek goratutako sugeari begiratu eta sendatu egiten ziren haiek. Bekatuak pozoitu gaituenok gurutzeko Jesusi begiratzean, sendatu egiten gaitu.
Alabaina, Jesusi begiratzeak, hura ezagutzea, hura ulertzea, hura ikustea, hura salbatzailetzat hartzea esan nahi du.

LEHEN IRAKURGAIA Zenbakiak liburutik (21,4b-9)

Israel herriak behin baino gehiagotan utzi zuen alde batera Yahve bere Jainkoa. Zenbakiak izeneko liburu honetan ere ageri dira horrelako kasuak. Baina erori ez ezik, jakin zuen jaikitzen ere, Jainkoaren maitasunaz gogoraturik.
Ikus dezagun gaurko kasua. Egipton israeldarrak esklabo bizi ziren, ezarri zieten lanaren lanaz leher eginik. Baina ez zitzaien falta jatekorik. Zilegi bekit anakronismo txiki bat egitea: israeldar haiei aplika dakieke, inori aplikatzekotan, proletario terminoa: jatea eta umeak izatea zuten beren gozamen guztia.
Horiek horrela, basamortuan, jatekoa falta zaienean, kexu dira Moisesen aurrean: Honetako ekarri al gaituzu hona?, goseak hiltzeko?
Eta fede- eta konfiantza-falta horren zigortzat, sugeak izango dituzte inguruan. Israeldar asko hilko dira. Begiak irekitzen zaizkie, eta Moisesi esaten diote: Bekatu egin dugu; libra gaitzazu suge hauen miztotik. Moisesek haga baten puntan brontzezko suge bat ezarri eta esaten die: Sugeak pozoitzen bazaituzte, begiratu hagakoari eta sendatuko zarete.
Kontuan izan, antzinako haientzat, heriotzaren eta arriskuaren sinbolo zela sugea. Baita, ordea, biziaren eta sendatzearena ere.
Ebanjelioaren esana dela bide, Jesusen gurutzearen irudi da Moisesen suge salbatzaile hori. Jesus gurutzekoa gizon-emakumeon sendatzaile da, bizi-emaile guztiontzat.

BIGARREN IRAKURGAIA Filipoarrei gutunetik (2,6-11)

Paulok Jesusen etsenplua proposatu nahi digu. Horretarako, Jesusek onartu eta bizi izan duen apaltasuna agertu digu. Baina apaltasun hori ez da azken hitza: aintzatua izan da Jesus. Baina, egiaz, Jesus apaltasunaren eredutzat eman baino gehiago, Biblian askotan ageri den ibilbidea agertu nahi digu: beheratu eta goratu.
Gaurko pasarte hau oso ezaguna da. Gorazarretzat hartu ohi da. Bi zati bereiz daitezke, esan bezala: Jesusen apaltasuna eta Jesusen gorapena.
Lehenengo zatia. Jainkoa izanik, erabat umiliatu da. Gizon egin da. Esklabo egin da. Heriotzarik lotsagarriena onartzeraino.
Bigarren zatia. Bigarren zati honetan, Jainkoaren erantzunaz mintzo da Paulo: goratu egin du Jainkoak Jesus; izen guztien gaineko izena eman dio. Izen horrek adierazten du, izaki guztien gaineko bihurtu duela Jainkoak Jesus. Guztiek adora dezaten. Gorapen hau dela medio, Jauna da Jesus. Biblian Jainkoari berari ematen zaion titulua da Jauna. Jesus Jauntzat hartze hau Jainko Aitaren aintzarako da.

EBANJELIOA San Joanen ebanjeliotik (3,13-17)

Oso laburra da gaurko pasartea, baina mamitsua. Jesusek Nikodemorekin izandako elkarrizketaren zatia da.
Nikodemo mundu berezi batean bizi da.Arauen mundua da. Leku gutxi uzten dio Espirituari. Kreazio zaharraren gain, kreazio berria sortu nahi du Espirituak. Mundu berri bat.
Zeinek pentsatu behar zuen Jainkoak bere Semea bidali behar zuela mundura? Ba, Jainkoaren maitasun imajinaezina da kreazio berri horren iturburua. Maitasun horixe agertu du Jesusek, bai mundura etortzean, bai munduan egin duen bizieran, bai gurutzeko heriotzan, bai piztueran.
Moisesek israeldarrei emandako hagaren puntako sugeak bizia ematen zien bezala, hala emango die gizon-emakume guztiei Jesus gurutzean ikusteak. Jakina, Moisesen hagako sugeak ematen ziena ez bezalako bizia emanez.
Kristo ez baita etorri mindura inor kondenatzera, baizik guztiak salbatzera. Bestalde, Joan ebanjelariaren ustez, betiko bizia ez da atzeratzen aldien edo munduaren azkenera, baizik eta orainean gauzatzen da, Jesusekin topo egitean.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: gaur egun pertsegituak diren gizon-emakumeen gurutzean Kristo ikusteko gai izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gizon-emakume guztien alde: munduan hainbeste gerla, hainbeste injustizia, hainbeste pobre ikustean, ireki ditzagula begiak, zer ari garen ikusteko. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Geure Elizaren alde: geure bizitzan gurutzearen inguruan irakatsi eta ikasi ditugun okerrak ikusi eta zuzentzen saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Munduko gobernu guztien alde: beren bidea egin nahi duten herri txikien kasuan, argi eta zuzen joka dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.